Elkarrizketa
Xabi Martinez Mendia
EHUko OPIK taldeko kidea

«Joera dago gazteen ondoezari farmakoen bitartez heltzeko, erro sozialari heldu gabe»

Xabi Martinez Mendiak antsiolitikoen kontsumoak gazteen artean duen igoeraren atzean dauden arrazoi sozialak aztertu ditu, baita arazo indibidual gisa medikalizatzen diren arazo kolektiboak ere.

Xabi Martinez Mendia.
Xabi Martinez Mendia. (Gorka RUBIO | FOKU)

EHUko OPIK ikerketa taldeko kidea da Xabi Martinez Mendia. Diziplina arteko ikertzaile taldeak osasun eta gaixotasunean eragina duten faktore sozialak aztertzen ditu, baita gizarte desberdintasunak eta gizarte determinatzaileek horietan dituzten ondorioak ere. Gazteen artean antsiolitikoen kontsumoa igotzen ari dela erakusten duen Estatu mailako inkesta bateko datuen atzean zer errealitate dagoen aztertu dute berriki. Ez da egoera berria, ezta gure ingurukoa bakarrik ere, baina patroi komun bat dago arazo kolektiboen banakako abordatze horretan, erro sozialak dituen ondoez hori medikalizatze horretan. Egoerari aurre egiteko zenbait proposamen jarri ditu mahai gainean Martinezen taldeak: heziketa sexuafektiboa ikastetxeetan eta arazoa daukan oinarri sozialarekin lotuta dagoen osasun sistema indartsu bat.

Gazteen artean antsiolitikoen kontsumoak izan duen igoera aztertu duzue EHUko OPIK taldean. Zer datu daude eta zer ondorio atera dituzue?

Datuek erakusten dute kontsumoak gora egiten jarraitzen duela. Badago osasun ministerioak urtean behin egiten duen inkesta bat, eta ikusi dugu 2021. urtean erregistrorik altuena izan dela. Esaten ari gara 14-18 urte bitarteko adin tarte horretan, gazteen eta nerabeen ia %20ak hartu duela antsiolitiko edo hipnotikoren bat, eta, gainera, ezinbestekoa da genero arrakala aipatzea, neska eta mutilen artean dagoen desberdintasuna. Izan ere, nesken artean ia hirutik batek inoiz hartu du antsiolitikoren bat -%20k azken urtean-, eta gizonen artean, berriz, %15 da; hau da, badago genero arrakala, adinarekin handitzen dena.

Guk garrantzi handia ematen diogun beste gai bat ere aipatu nahi nuke. Alegia, hainbat gizarte baldintzatzailek daukaten papera: bai generoak bai gurasoen hezkuntza mailak ere nola izan dezaketen eragina seme-alaben kontsumoan. Ikusi dugunez, gurasoek zenbat eta hezkuntza maila baxuagoa izan, orduan eta altuagoa da seme-alaben kontsumoa. Osagai hori ere badago, eta askotan ez da aipatzen, gizarte-baldintzatzaileen papera, eta hain aseptikoa den prozesu mediku batean horrek badu zerikusia.

Antsiolitikoak aipatzen ditugu, baina zer medikamentu motaz ari gara? Zer kontsumitzen dute?

Betiko benzodiazepinak diren horiek: lexatina edo orfidala, lo egiteko, trankimazina hipnotikoa ere bai. Kontsulta batean, lasaitu ahal izateko edo egunari aurre egin ahal izateko preskribitu ahal direnak, loak hartu ahal izateko eta kitzikadura mentala pixka bat baretzeko.

Nondik dator kontsumo horietara eramaten duen ondoeza? Zerekin lotuta dago?

Esango nuke ondoez horrek faktore anitzeko hainbat prozesu dituela. Esan dezakegu hezkuntza sistematik datorrela gazteen ondoez maila oso altua, dagoen autoexijentzia mailagatik, errendimendu akademiko beharrarengatik... Eta gero, uste dut gazteen artean orokortze prozesu bat gertatzen ari dela non ikusten duten ezin dutela bizitza-proiektu finkorik eratu edo etxean edo gizartean ondoeza dagoela edo zerbait gaizki dabilela... Generoaren aldetik ere badator, zalantzarik gabe: adin horretan izaten dira lehenengo esperientzia sexu-afektiboak, harreman tokikoak izan daitezkeenak, edo abusuzkoak, eta gehienbat neskengan dagoen presio estetikoa, sare sozialen eragina... Uste dut generoaren eragina dagoela. Eta krisi ekonomiko egonkortu batean bizitzea, proletarizazio prozesu bat ematea... Horrek guztiak ere eragin zuzena du nerabeengan.

Arrazoi ezberdinak daude neska eta mutilen artean?

Batzuk partekatzen dituzte eta beste batzuk, ez. Uste dut ikuspegi ekonomiko batetik edo, behintzat, familien egoeratik ikusita, nabari dela denek bizi dituztela kudeatzeko zail bihurtzen ari diren egoerak, baina egia da generoaren sozializazioa ez dela berdina, eta neskek gehiago jotzen dutela medikuarenera, nesken ondoeza gehiago medikalizatzeko askoz joera handiagoa dagoela, eta beraz, horregatik ikusten dira kontsumo hain ezberdinak.

Ziur aski mutil batek egunerokoan bizi dituen ondoez guztiak ez ditu agian familian kontatuko, ez ditu bere inguruan hedatuko, eta beharbada horregatik ez du medikuarenera joaten bukatuko. Hori, kudeatzeko moduari dagokionez. Gero, ondoez horren iturriak ere ez dira berdinak izaten; gehienbat, genero rolak, hartu beharreko zaintza ardurak, exijentzia akademikoa eta abar.

Sare sozialek eragin handiagoa dute nesken artean?

Zalantzarik ez. Ikusi dugu sare sozialak guztiz hedatuta daudela eta, gainera, bertan agertzen diren irudiak edo sustatzen diren gorputzak askotan inposizio bat izan daitezkeela emakumeentzat, neska gazteentzat, eta ez dute tresnarik, eskoletan edo ikastoletan ez dute horri aurre egiteko hezkuntzarik jasotzen, irudi horien faltsutasunari edo agindu horiei beste ikuspuntu bat emateko. Askotan, babesik gabeko ikaragarrizko esparru handi batean daude. Neskek, sarritan, arazoak dituzte erreferente bat bilatzeko edo beren burua zilegi moduan ikusteko eta horrekin bizi nahi izateko.

Irudi fisikoak eragiten duen presioaz gain, bizitza arrakastatsuen irudi asko ere badaude sare sozialetan.

Antsietatearen, depresioaren eta antzeko nahasmenduen gorakadaz hitz egiten dugunean, poztasun edo ongizate inposatu baten gorakadaz hitz egin behar dugu. Gero eta nabariagoa da gugan pisu handia duela zoriontsu izateak, ahalik eta bizitzarik produktiboena izateak, ahalik eta esparru gehienetara heltzeak, gero eta profil proaktiboagoa izateak... Ekimen indibidualarekin zerikusia duten profilak ematen dira eta, horretan, neska gazte askok uste dute beren ondoeza edo bizi dituzten gatazkak beren errua direla eta beraiek konpondu behar dituztela beraien ekimen indibidualarekin. Hor sortzen da, alde batetik, zaurgarritasun erraldoi bat, ez daukazulako nondik heldu eta instituzioak, familia, gizartea... gero eta ahulagoak direlako. Eta, bestetik, horri aurre egiteko ardura guztia zuregan geratzen da; zure gaitasun pertsonalen bizkar uzten da horri aurre egiteko ardura. Beraz, gizartea, Estatua, ongizatea… gero eta ahulagoak dira, eta gainera, pisua gero eta gehiago erortzen da pertsona bakoitzaren ekintza esparruan, eta hori askotan kudeatu ezina izatera iristen da.

Depresioa, antsietatea... Ondoez bezala deskribatzen den hori ez da fenomeno berria, ordea. Noiztik daukagu horren berri?

Depresio eta antsietate diagnostikoak oso aspaldikoak dira. XX. mendean psikiatriaren hedapen izugarria izan da eta esango nuke antsietatea eta depresioa bezalako diagnostikoek hartu dutela gero eta presentzia handiagoa edozein ondoez katalogatzeko. Esan dezakegu psikiatriak gero eta pisu handiagoa hartu duela giza errealitateak deskribatzeko eta normala eta normala ez dena arautzeko.

Antsietatearen eta depresioaren hedapena osasun erakundeek izandako hedapenarekin bat dator. Azken horrek gizakion bizitza ulertarazteko modu bat ekarri du, eta hori estatu kapitalista modernoen sorrerarekin gertatutako prozesu bat da, ‘medikalizazioa’ deitzen dena: giza errealitateak termino medikuetan ulertzea.

Nahasmenduen hazkunde horren erdian, gainera, koronabirusaren pandemia heldu zen. Konfinamenduek, egoerak eragindako ziurgabetasunak… gazteen ondoeza areagotu dute?

Oraindik goiz da jakiteko areagotu duten, baina egia da ikerketa askotan ikusi dela berrogeialdian kontsumoa igo zela; ziur aski, osasun sistemarekiko eskuragarritasun ezagatik. Nazioarte mailan ikusi da gorakada. Gehienbat, bi sektoretan: emakumeen eta gazteen artean. Oraingoz dakigu, zalantzarik gabe, bai diagnostikoetan bai kontsumoetan igoera gertatu zela. Ez dakigu gorakada hori bat datorren lehendik zetorren igoerarekin edo covid 19ak efektu gehigarria izan duen. Guk ikusi egin dugu, eta hasi gara aztertzen pixka bat joeren kontua, eta behintzat, gure laginetan, 14-17 urtekoen artean, 14-15 urtekoen artean igo da gehien, adin txikiagoetan. Ikusi dugu 18 urteko emakumeek berdin kontsumitu zutela 2021ean eta 2018an, baina 14-15 urteko nesken artean, adibidez, ez dakit zenbatekoa, baina igoera izan da, eta hori aipatzekoa da.

Egoera antzekoa da inguruko herrialdeetan?

Estatu espainolean are gehiago igo da, baina nazioarte mailan gertatzen ari den zerbait da, eta gehienbat, mendebaldeko gizarteetan. Nazioarteko ikerketak daude, Ameriketako Estatu Batuetakoak, Europako hainbat herrialdetakoak... Ikusi nuen duela gutxi 40 herrialdetan egindako azterketa bat, eta gorakada nahiko orokortua zen gazteen artean.

Gazte migratzaileen kasuan, kontsumo horiei buruzko zer errealitate ikusi duzue datuetan?

Bi lagin egin genituen. 2018. urtean ondorioztatu genuen generoak guztiz markatzen zuela kontsumoa: neska migratzaileek neska ez migratzaileek baino gehiago kontsumitzen zutela, baina mutilen kasuan, ordea, alderantzizkoa zela eta askoz gutxiago kontsumitzen zutela Estatuan jaiotakoekin alderatuz gero. 2021. urtean egindako ikerketan ez dugu ezberdintasunik nabaritu, edo izatekotan, oso txikiak dira. Esan genezake migratzaileen eta estatus sozioekonomikoaren arteko harremana dela nabariena. Askotan, faktore nagusia ez da migratzaile izatea, baizik eta migratzaile izateak dakartzan oztopo sozioekonomikoak. Gizarte mailan inkesta batzuetan babes efektu moduko bat nabari da. Alegia, pertsona migratzaile batzuek badute beren ulerkeran edo jatorriko kulturan medikamentuekiko ez hain joera zuzena, eta batzuetan justu kontrakoa ere bai. Horrek esan nahi du oso ezberdinak izan daitezkeela migratzaileen profilak; bai Europa mailakoak, bai latinoamerikarrak... Harremanak oso ezberdinak dira eta horregatik oso zaila da esaldi bakar batean esatea migratzaileen kasuan zer gertatzen den.

Ondoezarekin osasun sistemara jotzen duten gazteek zer erantzun aurkitzen dute?

Beste ikerketa baten arabera, antropologikoagoa den beste ikerketa horretan irakurritakoaren arabera, neska askok aipatzen dute medikuen aldeko enpatia eza edo ez dituztela beren arazoak ulertzeko esfortzurik egiten, eta batzuek eraso txikiak ere jasan dituztela kontsultan: beren arazoak zalantzan jartzea edo beren bizipenei edo harreman toxikoei errua botatzea... Ikusten da izugarrizko joera dagoela hori guztia farmakoen bitartez irakurtzeko. Hau da, medikuek ez diote emakume horien arazoaren atzean dagoen oinarri sozialari heltzen; aitzitik, zuzenean ulertzen dute arazo hori indibiduala dela eta beraz, tratamenduak indibiduala izan behar duela.

Soluziobide batzuk jarri dituzue mahai gainean, hezkuntza mundutik hasita.

Planteamendu oso orokorra egiten dugu, hiru mailatan. Batetik. hezkuntza munduan, klasean bertan, hezkuntza sexuafektiboaren beharra berriro azpimarratu nahi dugu, eta gazteek haien arazoak oinarri sozialekin lotu behar dituztela; hau da, era kolektiboan ulertu behar dute ondoez hori eta ez haien bizitza partikularrean gertatzen ari den zerbait balitz bezala. Beraz, hezkuntza aldetik, hezkuntza sexuafektiboa jartzen dugu lehen lerroan. Bestetik, arlo klinikoan aldaketa behar da. Determinatzaile sozialak kontuan hartzen dituen osasun sistema bat aldarrikatzen dugu: kontsultan generoa, maila soziala... aintzat hartzea. Eta ez dagoela hainbeste preskripzio medikuen beharrik, baizik eta inguruan egindako esku-hartzeen beharra..

Horrekin lotuta, bestelako harreman sozialak eta balioak soluziobidearen zati bat izan daitezke?

Noski, askotan sistema medikuak indibiduoak tratatu ditu ulertu gabe gaixotasunak daukan esanahi soziala, eta pilulen kontsumoak esanahi sozial oso handia du. Esanahi sozialak determinatuko du kontsumo hori. Beraz, oso garrantzitsua da gizarte mailako eraldaketari heltzea, eta ondoez horien erroa zein den planteatzea, eta zer motatako antolakuntza soziala dugun, zer motatako antolakuntza ekonomikoa, zer motatako bizimoduan murgilduta gauden, eta horri kritika erreal bat egitea eta benetako alternatiba bat planteatzea; fokua interbentzio partikular horretan hainbeste jarri ordez, eskala kolektiboagoan lan egitea.

Osasun sistema indartsua behar da, noski, jarraipena egiteko eta arlo komunitarioa lantzeko, gero eta gutxiago egiten baita, eta lehen arretaren galerak gero eta pilula kontsumo handiagoa ekartzen du, ez dagoelako abordatze komunitariorik, gizarte langileekin... Askotan hor egoten da esku hartzeko modua eta ez kontsulta medikuan. Horregatik, oso garrantzitsua da seinalatzea ondoez maila altu baten jatorria zein den, zer sistema motatan bizi garen.

«Ikusi dugu amaren ikasketa mailak eragin handiagoa duela alaben kontsumoetan»

Antsiolitikoen kontsumoaren igoeraren inguruan bi esparru aipatu dituzue non are handiagoa den gorakada hori: emakumeen artean eta maila sozioekonomiko baxuetan. Nola ulertu behar da hori?

Berez, maila sozioekonomikoa neurtzea nahiko zaila da, erronka bat izan da beti. Guk inkestak egin ditugu gurasoen ikasketa mailari dagokionez, aztertu dugu jasotakoa eta ikusi dugu ikasketa maila baxuagoa denean kontsumo handiagoa dagoela, mutil zein nesken artean. Are gehiago, efektu hori gogorragoa dela nesken kasuan.

Nahiko prozesu konplexua da. Kontsumoez ari garenean ez dago hain argi maila sozioekonomikoak zer eragin daukan, askotan maila sozial altuek eskuragarriago daukatelako medikamentuetara jotzea. Kasu honetan, geure ikerketan nabaritu dugu zenbat eta hezkuntza maila baxuagoa izan orduan eta altuagoa dela kontsumoa, baina prozesua oso konplexua da. Hor sartzen da osasun sistemarekiko irisgarritasuna, sartzen da familiako pertsonek lehendik ere medikamentuak hartzea edo ez hartzea, sartzen da eskolan nola gestionatzen diren bertan gertatzen gatazkak... Eta klase sozialaren eragina oso zaila da aztertzeko.

Ikerketan aipatzen dira amaren hezkuntza maila, ama eta alabaren arteko harremanak... Ematen du farmakoen kontsumoan ama eta alaben artean herentzia moduko bat dagoela edo kultura transmisio moduko bat.

Ikusi dugu amaren hezkuntza mailak eragin handiagoa duela alaben kontsumoan, eta guk hori lotzen dugu beste ikerketa batzuekin, neskekin landa lanak ez dituztenekin, eta hor ageri da neska kontsumitzaile gehienen kasuan, haien familian kontsumitzaile izandako ama, izeba edo amona bat dagoela; askotan ama eta alabaren artean zaintza transmisio bat izaten da, esan dezagun, pilula horien bitartez. Maiz amak ulertzen du berari on egiten dioten pilula horiek on egingo diotela alabari ere, eta bera izaten da, hain zuzen, alaba medikuarenera eramaten duena, pilulen munduan sartzeko lehen pausoa ematen duena; badirudi, hainbatetan, zaintzaren izenean gertatzen dela hori, prozesu horietan murgiltzen dela kontsumoa. Badago, esan dezagun, ama eta alaba artean, elkar hobeto ulertuko dutela ustea, eta arazo ‘femeninoei’ aurre egiteko transmisio bat, emakumeen arazoen kudeaketa moduko bat: lehen esperientzia sexualak, gizonekin dituzten harremanak, hilekoa... ‘Emakumeen kontuak’ dira, amak ere bizi izan dituenak, eta nolabait berak laguntzen du horiek pilulen bitartez gestionatzen. Hori ikusi izan da askotan.