Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasun eskaera aztertuko du nazioarteko erakundeak

Euskal Pilota Federazioak nazioartean lehiatu ahal izateko eskabidea luzatu dio Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioari. Hala, astelehenean eginiko bileran onartu zuten Ezohiko Batzar Orokorra egitea, euskal erakundearen eskabidea aztertu eta behar izanez gero, estatutuak aldatzeko.

CIBJ erakundean Munduko txapelketan hiru urrezko domina erdietsi zituen Euskal Selekzioak.
CIBJ erakundean Munduko txapelketan hiru urrezko domina erdietsi zituen Euskal Selekzioak. (EEPF)

Euskal Pilota Federazioak nazioartean onartua izateko eskabidea luzatu dio Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari (FIPV) eta honek, Ezohiko Batzar Orokorra deitu du, presidentearen eskariz, NAIZek jakin ahal izan duen legez. Gainera, lehen aldiz da nazioarteko erakundeak gai hau aztertzeko prestutasuna adierazi duena. 2002an Venezuelaren eskariz eraman zuten gaia bozetara –ukatu egin zuten orduan– eta oraingoan, presidentea beraren eskariz egingo da.

«Zuzendaritza Batzordearen gaurko bileran, erakundeko presidentearen eskariz, adostu da Ezohiko Batzar Orokorra deitzea 90 eguneko epe batean, Mexiko Hirian, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren estatutuen aldaketa proposatzeko, Euskal Pilota Federazioak nazioarteko erakundean sartzeko egindako eskabidea dela-eta», jasotzen du FIPV-en komunikatuak, Xavier Cazaubon presidenteak sinatuta. Biarriztarrak 2014tik zuzentzen du nazioarteko erakundea eta, orotara, 31 federazio barnebiltzen ditu. Euskal Federazioak 32.ena izan nahi du.

Auzi honi buruz galdetzean, baiko agertu da Gotzon Enbil, Euskal Pilota Federazioko presidentea, NAIZen deiari erantzunez. Duela hilabete bat luzatu zuten eskaera eta astelehen honetan jaso dute erantzuna. «Batzordeak erabaki du gaia aztertzea, lehen aldiz da Ezohiko Batzar batean gai hau tratatuko dena. Gu nazioarteko erakundean sartzeko beharrezkoa da estatutuak aldatzea eta hori baloratuko dute», azaldu du Enbilek.

Izan ere, nazioarteko federakundearen estatutuak dio estatu bakoitzeko federazio bakarra egon daitekeela eta kasu honetan, Espainiakoak betetzen du ordezkaritza bakar hori, euskal federazioaren edozein aukera oztopatuz. Orain, estatutuak moldatzea proposatuko da Ezohiko Batzar Nagusi horretan, eta ordezkarien gehiengoak erabakiko du hauek aldatu behar diren edo ez.

Ez da Euskal Pilota Federazioak eskabidea luzatzen duen lehen aldia baina bai erantzun bat jasotzen duen aurrenekoa. Pasa den urtean, Estatu espainoleko Kongresuan onartu zen Kirol Lege berriarekin, Euskal Pilota Federazioak Espainiakoaren babesa jasoko luke, «errotze historikoa eta soziala duen kirol espezialitatea izateagatik».

Arrazoi beragatik, hain zuzen ere, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) ez luke eragozpenik jarri behar Euskal Pilota Federazioak eginiko eskabideari. Enbilek azpimarratu duenez, beren asmoen berri eman zien Kirol Kontseilu Gorenari –nolabait, honekin aurreakordio bat egon behar delako– eta «legea onartu dagoen aldetik, ez legoke arazorik».

Pasa den urtean ireki zen «leiho berri hori» probestu nahi izan dute aurten, berriro, nazioarteko atea jotzeko baina argitu du Enbilek «Nazioarteko Federazioak daukala azken hitza gu onartzeko ala ez».