Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Egoera ezberdinengatik «ahaztezina» izaten ari denaz «disfrutatzeko» abagunearen atzetik

Larunbat honetan bukatuko da Ohorezko Mailako liga erregularra. Bera Bera eta Zuazoren arteko euskal derbia jokatuko da Gascan (13.00etan) eta Beti Onak-ek Elxen bisita jasoko du (19.00etan). Egoera zeharo ezberdinean daude hiru euskal taldeak baina ez dira ahazten disfrutatzeko helburuaz.

Beti Onak eta Grafometal La Riojaren arteko partida hasi aurreko unea, denboraldiko lehen lehia.
Beti Onak eta Grafometal La Riojaren arteko partida hasi aurreko unea, denboraldiko lehen lehia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Ezer gutxi dago jokoan» liga erregularraren azken jardunaldi honetan, fase erabakigarria hasteke dagoelako, hain zuzen ere. Euskal taldeei dagokionez, jada ezagutzen dute zein izango den beraien lehia bigarren fasean, eta bakoitza egoera zeharo ezberdinean aurkitzen da. Bera Bera erregulartasunean txapeldun geratu da, aise, gainera: «Aurrena geratzeak badauka bere garrantzia, kantxa faktorea alde daukagulako eta Europara sailkatzea eskura daukagulako, baina egia da jokatu egin behar direla orain datozen partidak eta orain arte egindakoak ez duela ezertarako balio».

Alba Menendez (Zarautz, 1991) kapitaina argi mintzatu da NAIZekin, eskarmentuak eskaintzen duen patxadarekin. Bere hamalaugarren denboraldia ari da jokatzen eta onartu du jarraikortasun aldetik bere «eskasena» dela. Sudurra hautsi zuen sasoi hasieran, ondoren bizkarreko arazoak izan zituen, gero orpoan... eta azken asteetan ere kantxatik at ibili da. Baina zarauztarrak badaki noizko errekuperatu behar den. «Titulu garrantzitsuak orain datoz; dena berria da, bai guretzat eta bai ikusleentzat. Beste herrialdeetan antzeko zerbait egiten da eta formatua aldatzea horregatik etorri da, ikusgarriago egiten saiatzeko eta azken egunera arte publikoa engantxatua egoteko».

«Titulu garrantzitsuak orain datoz; dena berria da, bai guretzat eta bai ikusleentzat»

Izan ere, lehen sailkatutik hasi eta zortzigarrenera, liga irabazteko borrokan arituko dira. Bera Bera, lehen geratuta, zortzigarrenaren aurka arituko da –Motivo.co Gijon edo Granollers, azken jardunaldian erabakiko da–, bi partidako kanporaketan. Lehendabizi, baina, euskal derbiarekin agurtuko du liga erregularra, «soso samarra, jokoan ezer edukiko ez duen» derbia, hain zuzen ere.

Alba Menendez hamalaugarren denboraldia ari da jokatzen gorengo mailan, Bera Berarekin. (Gorka RUBIO/FOKU)

Zuazo azkenaurreko sailkatua da eta honek ere aspalditik daki jaitsiera saihesteko borrokan arituko dela; gainera, «puntu gutxirekin» abiatuko du aipatu bigarren fasea. Gorengo mailan jarraitzea nekeza izango da bizkaitarrentzat, hala onartu dio NAIZi Izei Permachek (Zarautz, 1999). «Nekatuta» dago, «erreta, ez dizut gezurrik esango».

«Erreta gaude»

«Egoera zail eta konplikatu batean iristen gara liga erregularreko azken partidara. Bereziki, konplikatua ari zaigu egiten urte hau, bai alderdi ekonomikotik bai joko aldetik; ez garelako gai izan, ez soilik jarri genituen helburuak lortzeko, baizik eta, emateko geneukan hori guztia emateko. Nire iritzia da pixka bat erreta gaudela, zoritxarrez», onartu du zintzotasunez.

Ez da euskal derbira iristeko sentsazio egokiena, baina Zuazoko piboteak argi dauka «presioak uxatu» eta azken txanpa honetan «disfrutatzen saiatu» behar direla. «Disfrutatzea geratzen zaigun hilabete eta erdi hau; presio txar hori kenduta, elkarrekin disfrutatzea. Hori da egin ahal dugun onena, ze puntuei begira jartzen bagara, gure buruari jartzen badiogu presio hori...».

«Disfrutatzea geratzen zaigun hilabete eta erdi hau; hori da egin ahal dugun onena»

Hiru punturekin abiatuko da Zuazo jaitsiera fase horretara eta zenbakiak egiten hastea «okerrerako» izan daitekeelakoan dago Permach. «Oso zaila da, partida guztiak irabazi beharko genituzke eta orain arte, 21 jardunaldietan, ez gara gai izan bi partida jarraian irabazteko», azaldu du. Gainera, azken zortzi partidak galdu dituzte, horietako bi erabat gogorrak: Beti Onak eta Grafometal La Riojaren aurka, etxean.

Izei Permach, Porriñoren aurkako partidan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Sentsazio nekagarri, frustrante horiek atzean uzten saiatu beharko dute, ezinbestez, bizkaitarrek, behintzat eskubaloiarekin adiskidetuta bukatzeko. «Tamalez, partida gutxi izango ditugu disfrutatzen saiatzeko», dio.

Elitean sendotzeko helburua

«Ahaztezina», baina modu positiboago batean ari da izaten denboraldia Beti Onakeko jokalari Macarena Sans (Mendoza, 1996) argentinarrarentzat, bai maila pertsonalean eta bai taldean. Arantza bakarra, ligaren formatu berritua da, «kontran» etorri zaiena: «Orain arteko formatuan, honezgero salbazioa eskuetan edukiko genuke. 15 puntu batu ditugu baina jaitsieragatik borrokatu beharko dugu». Dena dela, itxaropentsu agertu da NAIZekin izandako solasaldian, lan erdiak egin baitituzte: 9 edo 10 punturekin iritsiko dira –Granollers edo Gijon, laugarren taldea zein den ikusteke–. 

«Bai, alde daukagu batu ditugun 15 puntuetatik gehiengoak arerio zuzenen aurka izan direla», azaldu du Mendozakoak. Hala ere, ohartarazten du «agonikoa» izango dela datorren hilabetea, partida asko pilatuko direlako epe motzean eta borroka estua izango delako. Ez dago huts egiteko tarterik.

«Orain arteko formatuan, honezgero salbazioa eskuetan edukiko genuke. 15 puntu batu ditugu»

Oro har, «denboraldiko balantzea positiboa da. Gabonetako oporretatik bueltan makalaldi bat izan genuen –talde berria izatearen sorpresa faktorea ahultzen joan zelako, beste taldeak indartu egin zirelako...– eta zenbait partidatan esperientzia falta ere sumatu dugu baina Xixonen irabazi geroztik, lortu genuen buelta ematea». Lastima dauka beste bi partida gehiago irabazita liga erregularra 8. bukatu zezaketelako, «baina bazekigun salbazioa lortzeko borroka gogorra izango zela».

Beti Onak-eko Maca Sans, Zuazoko Isi Fernandez-Agustik eusten dion bitartean. (CBM ZUAZO)

Denboraldi hasieran, Beti Onak klubetik argi geratu zen Ohorezko Mailara igotzea ez zutela anekdota hutsean bilakatu nahi, elitean sendotuko zen proiektu baten hastapenak izango zirela, alegia. Zuazoren egoera delikatua ikusita, euskal harrobiarentzat Atarrabiako taldea hauspo izan daiteke. «Etxean edo etxetik hurbil gorengo mailan aritzen den talde bat izatea garrantzitsua da», eta ondo daki Sansek, Argentina barnealdekoa izanik –Mendozakoa– milaka kilometro egin behar izaten baitzituen Buenos Aires hiriburura selekzioarekin entrenatzera joateko eta nolabaiteko gorengo mailan aritzeko. Eta beraz, iritzi du euskal gazteentzako garrantzitsua izango dela Beti Onak salbatzea, «etxetik gertu talde erreferente bat izateko».

Hiru jokalari, hiru begirada

Duela bi urte iritsi zen Atarrabiara Sans, 2021eko igoera fasean Beti Onaken fitxaketa gisara. Ez zuen lortu orduan; bai, ordea, hurrengo urtean. «Oso kontent» sentitzen da Beti Onaken, proiektu sendo baten giltzarri: taldeko bigarren golegile nagusia da, 64 golekin. Bere estreinako urtea izan da Ohorezko Mailan eta onartu du «jauzi handia» dagoela, bai mailari dagokionez baina baita bidaiei dagokionez ere: «Denboraldi hasieran bi bidaia Galiziara eta beste bat Malagara batu zitzaizkigun eta konplikatua izan zen egokitzapena; zortez, kluba ondo portatu da eta bidaia erosoak egin izan ditugu, beste klub batzuen egoera konplikatuagoa da».

Zuazorena, hain zuzen ere. Permachek bigarren urtea du Barakaldon eta beraz, Ohorezko Mailan. «Oso eskertuta» dago talde bizkaitarrak emandako aukera, gorengo mailan lehiatzekoa: «Iritsi nintzenetik, nire lekua izan dut taldean, nire rola eta, zentzu horretan, oso beteta sentitzen naiz». Hurrengo urtera begira, «egoera ideal bat ematen bada, aurtengo dinamika aldatzeko gai bagara, jarraitzea gustatuko litzaidake; baina, erraza da esaten eta beraz, ez dakit».

Hiruetatik, Menendez da eskarmentu gehien duena. Etorkizun hurbilera begiratzen dio honek, Kopa ere jokatuko baitute hurrengo astean. Azken urteetan hainbeste buruhauste sortzen ari zaien txapelketa. Taldea sentsazio onekin ikusten du, «denboraldi hasieratik, bide oso on bat aritu gara, hazten» eta horrekin jarraitzea bilatuko dute, «gainera neguan iritsi diren bi fitxaketak [Elke Karsten argentinarra eta Marie Louis frantziarra] segituan egokitu ziren taldera eta horrek urrats bat gehiago ematen lagundu digu». Pertsonalki, «astebete geratzen zait sentsazioak berreskuratu eta %100ean Alba izateko berriro ere», nabarmendu du.