Elkarrizketa
Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses
Pilotariak

«Eurak goraka etorri zirenean, jakin genuen partida gelditzen eta denbora hartzen»

«Lasaitasuna» eta «burua partidan kontzentratuta izatea» izan dira gakoetako bi, Arrizabalagaren (Gernika-Lumo, 1997) eta Osesen (Oñati, 2005) ustetan, Emakume Master Cupeko Binakako txapela janzteko. Estreinakoa du oñatiarrak; gernikarrak, berriz, laugarrena. Bikote ona osatu dutela adierazi dute.

Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses Binakako Txapelketako txapela eskuan dutela.
Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses Binakako Txapelketako txapela eskuan dutela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Pasa den martxoaren 26an irabazi zuten Emakume Master Cupeko Binakakoa Olatz Arrizabalagak eta Uxue Osesek, 14-22 mendean hartuta Amaia Aldai eta Nora Mendizabal. NAIZek Zornotzako Lauaxeta Ikastolan elkartu ditu, bertan entrenatzen baitira. Takoak jartzen ari direla Arrizabalagak argi utzi du «lasai» entrenatuko dela: «Beroketa moduko bat besterik ez dut egingo». Izan ere, finala jokatu ondoren Euskal Selekzioarekin joan zen Alzirara Munduko Txapelketa jokatzera, eta oraindik eskuak ez ditu guztiz osatuta.

Denbora bat pasatu da finalaz geroztik. Nola gogoratzen duzue egun hori?

Uxue OSES (U.O.): Partida nahiko polita irten zen; markagailuan aldea egon arren, lehia parekatua izan zen eta garaipenarekin egun borobila izan zen.

Olatz ARRIZABALAGA (O.A.): Egun berezia izan zen, Master Cupeko finalak, batez ere Binakakoa eta Buruz Burukoa nahiko bereziak izaten dira. Antolakuntzak ere lortu zuen frontoia betetzea, itxura bat ematea, eta horrelako finalak irabaztea frontoia beteta egonda, oso berezia da eta ez dugu erraz ahaztuko.

Ez dakit finala ikusi duzuen berriro...

U.O.: Niri ez zait asko gustatzen neure burua ikustea, baina agian batzuetan ona izaten da akatsak ikusteko eta hobetzeko.

O.A.: Nik normalean partida guztiak ikusten ditut; bai irabazitakoak bai galdutakoak. Horretarako maniatikoa naiz eta gustatzen zait akatsak ikustea, aztertu zer egin dudan ondo eta zer txarto. Oraingoan ez dut astirik izan ikusteko, baina kanpotik esan didatenagatik partida ona egin genuen biok, eta gogoa dut ikusteko.

Ospatzeko tarterik izan al duzue? Olatz zuk ez zenuen astirik izan segituan joan baitzinen entrenatzera Euskal Selekzioarekin...

O.A.: Bai, egun horretan bertan tuperrean bazkaldu eta jarraian entrenatzera joan nintzen. Gero Valentziako Munduko Txapelketan egon ginen buru-belarri, eta asteburu horretan, txapelketa amaituta, bai ospatu genuela hori eta Master Cupekoa.

U.O.: Familiakoekin eta lagunekin bazkaldu genuen herrian eta momentu politak bizi genituen. Uste dut momentu polita izan zela, askotan ezinezkoa delako urtean zehar denak elkartzea, eta denak elkartu ginen, bai aitaren bai amaren familiakoak.

Olatz, Euskal Selekzioarekin hiru domina eskuratu zenituzten Munduko Txapelketan: bi urrezko eta brontzezko bat. Helburuak bete zenituzten?

Bai, valentziarrei valentziar frontoian irabazteak, euren kirola denean, meritu handia du, baina batez ere Joko Internazionalean lortutakoak izan du meritu handiena. Entrenatzen aritu gara, ez genuen esperantza askorik, baina txapelketan behetik gora joan gara, finalean sekulako partida egin genuen, eta espektatibak bete genituen erabat.

Uxue, aurrenekoz jokatu duzu Binakakoa –Andrea Capellan ordezkatuta finalerdietatik aurrera–, aukera ederki aprobetxatuta eta txapela jantzita.

Horrelako aukera bat ematea pozgarria da. Capellanek ere lan ona egin zuen, eta haren lekua hartzea ez da erraza, maila ona eman behar delako. Olatzek eta biok bikote ona osatu dugu eta oso pozik nago finala irabazi dugulako.

Arrizabalaga: «Azkenengo urtean lan asko egin dut entrenamenduetan jakinda zein den nire rola, eta uste dut beste lasaitasun batekin jokatu dudala»

Olatz, zuk laugarrenez irabazi duzu Binakakoa. Txapelketa ondo doakizun seinale?

Bai, lehen beti esaten nuen ez zitzaidala gustatzen binaka jokatzea. Azkenean aurrelaria izanda gehiago gustatzen zaigu Buruz Burukoa; hor delako gure jokoa gehien aprobetxatzen dugun lekua, eta beste urteetan gehiago kostatu zait Binakakoa jokatzea. Baina azkenengo urtean lan asko egin dut entrenamenduetan, jakinda zein den nire rola, eta beste lasaitasun batekin jokatu dut azkenaldian, apur bat bikotean eskarmentua dudala erakutsita. Ematen duenez ondo moldatzen naiz Binakakoan eta espero dut horrela izaten jarraitzea.

V. Bizkaia Txapelketan bikote berdinari irabazi zenioten 21-22. Final honetan espero baino errazagoa izan da?

U.O.: Agian bai. Aurrekoan aurretik gindoazen, baina atzeraka joan ginen nire huts batzuk tarteko, eta 21-21 berdintzea lortu zuten. Finalean hasieran partida oso gogor joan zen, gero hor izan genuen tartetxo bat aldea handitu genuela, eta horregatik azkenean ailegatu ginen lehenago 22ra, baina uste dut lehia gogorra izan zela nahiz eta markagailuan aldea egon. Partidaren gakoa bukaeran egon zen, lehia erdira arte eurak partida osoa gure atzetik egon zirelako, eta edozein momentutan partida hautsi ahal zelako eta eurak aurretik jarri. Horregatik uste dut aurrez jokatutakoa eta oraingoa igual-iguala izan dela gogortasun aldetik.

O.A. Bai, partidaren giltza izan zen sendotasuna hasieratik amaierara arte mantendu genuela. Hasieran agian eurek dominatu zuten gehiago, Amaia [Aldai] jokoan sartu zen ni baino gehiago, baina azkenean Uxuek ez zuen pilotarik galdu eta eurek ez zuten zulorik topatu. Aurrean oso ondo defendatu genuen, baita Uxuek atzean ere, eta azkenean zu erasoan bazaude eta ez baduzu ikusten hutsunerik, aurkariak desesperatu egiten dira. Uste dut horregatik lortu genuela txapela: jakin genuen egoten, noiz egin behar genuen eraso eta noiz ez, noiz defendatu eta noiz ez, eta azkenean horrek egiten du final bat irabaztea. Uste dut bikote moduan gehiago izan ginela.

Haien estrategia jokoa atzera kargatzea izan zen, eta Uxue zuk oso ondo erantzun zenuen, pilota onak eramanda eta kasik hutsik egin gabe.

U.O.: Bai, eurak bazekiten zer egin behar zuten: Olatzeri gainetik pasatu eta niri kargatu jokoa. Uste dut lan ona egin nuela, eta gero Olatzek ere ez zuen hutsik egin eta ondo defendatu zuen. Olatzek esan duen moduan, aurkariak zentzu horretan desesperatu egin ziren; Norak [Mendizabal] atzean huts batzuk egin zituen eta uste dut horiek ondo baliatu genituela, eta horrela apurka-apurka tantoak egiten joan ginela.

Partidan bi momentu klabe egon ziren: 4-4 joanda sei tanto erreskadan egin zenituztenekoa, eta haiek markagailuan 10-11 hurbildu zirenenekoa. Nola kudeatzen dira horrelakoak?

O.A.: Momentu onetan gora zoaz, motibatuta zaude, baina gero eurak goraka etorri zirenean beldur apur bat sartzen zaizu. Amaia kantxan dagoenean badakizu edozein momentutan txarto jokatzen egotetik oso ondo jokatzera pasa daitekeela, eta partida zaildu ahal dizula. Giltza uste dut hor egon zela: eurak goraka etorri ziren momentuan jakin genuela partida gelditzen eta denbora hartzen. Hortik aurrera jarraitu genuen gure jokoa egiten, lasaitasuna erakutsita nahiz eta eurak goraka etorri.

U.O.: Ez ginen momentu batean ere neurketatik joan, eta agian bai izan ginela piloteoan gehiago, baina uste dut burua kontzentratua izan genuela partida osoan, eta askotan finaletan hori izaten da giltza; ondo jokatzeaz gain, burua kontzentratuta egotea eta partidatik ez joatea hainbeste jenderen aurrean.

Hogeita bigarren tantora iristean, zer pasatu zitzaizuen burutik?

U.O.: Nik arindu ederra hartu nuen. Batzuetan 22ra ailegatu baino lehen urduri jartzen naiz eta huts egiten hasten naiz. Momentuan ez zara ohartzen, baina minutuak pasata eta txapela jantzita poztasuna ematen du; egindako lanarenagatik eta batez ere partidan disfrutatu izanagatik. Finalak askotan ez dira disfrutatzen, urduritasunagatik gehienbat, eta jokatu genuen finala disfrutatu egin nuen; nahiko lasai jokatu nuen, presiorik gabe, eta batez ere horrekin geratzen naiz, gozatu izanarekin.

O.A.: Hogeita bira heltzea kosta egiten da. Ikusi nuenean 22. tantoa ez genuela segidan egin, beldur apur bat sentitu nuen ea berriro 21era berdinduko gintuzten. Niri gustatzen zait 21. tantoa egitean jarraian 22.a egitea. Gainera, aste horretan zehar zalantzak izan nituen eskuan, justu iritsi nintzelako, eta pozgarria da jakitea txapelketa on bati amaiera on bat eman diogula, eta behintzat gauzak ondo irten direla.



Olatz, partidaren ondorengo adierazpenetan esan zenuen neurketak irakurtzerako garaian «lan asko» egin zenuela. Zertan datza lan hori?

Batez ere, partidak ikusten asko ikasi dut. Finalak galduta ere asko ikasi dut, final horiek berriro ikusita eta ikasita zertan huts egin dudan. Azken urteetako finaletan buruak egin dit huts, burua hotz ez dudalako mantendu. Psikologoarekin egin dut lan lasaitasuna izateko, badakidalako lasai nagoenean nire jokoa erakusteko kapazagoa naizela. Anaia dut entrenatzaile eta harekin ere lan asko egin dut, eta berak esan dit zein izan behar duen nire rola kantxan. Amaia bezalako aurrelari batek indarra baliatzen du, eta nik alor teknikoa. Hor uste dut egon dela gakoa: jakitea zein den nire lekua kantxan eta zer egin behar dudan une oro.

Beti ematen duzu soinean lauburu bat. Ez dakit zortea ematen dizun ala...

[Barreak] Egunerokotasunean beti erabiltzen dut eta egia da ez badut eramaten nahiko arraro sentitzen naizela. Oraindik ez dut probatu partidurik jokatzea hori gabe, oraingoz ondo irten da eta hobeto ez badut kentzen. Horrelako gauzetarako banaiz apur bat maniatikoa.

Zein xede dituzue hurrengo txapelketei begira? Olatz zuk Buruz Burukoa edukiko duzu begiz jota. Iaz Amaiak irabazi baitzizun.

O.A.: Urtea hasten denean beti markatzen ditugu bi helburu: Binakakoa eta Buruz Burukoa. Urteko lehen helburua jada bete dut. Orain bigarrenaren bila noa, eta gainera gogo berezia dut falta zaidan txapela delako Emakume Master Cup zirkuituan. Orain buru-belarri egongo gara horretan; Binakakoa irabazita motibazioa eta gogoa dut urtea ondo borobiltzeko. Joko maila onean heltzen naiz, asko disfrutatzen ari naiz azken hilabeteetan pilotaz eta orain datozen txapelketak jokatuko ditut, baina Buruz Burukoa izango da helburu nagusia.

U.O.: Laster Nafarroako Emakume Master Cupa hasiko da eta uste dut orain pilotaz disfrutatu nahi dudala. Orain da garaia txapelketa dezente datozena, eta aurreko urtean partida gehiegi izan nituen eta horrek saturatu egiten zaitu, ez duzu disfrutatzen. Beraz, hemendik aurrera saiatuko naiz txapelketa askotan ez parte hartzen, komeni zaizkidanak hautatzen, eta saiatu maila ona ematen, baina batez ere disfrutatzea izango da helburu nagusia.

Justu Amaiari Binakakoa falta zaio eta zuri, Olatz, buruz burukoa. Ez al zarete ados jarri urteren batean alderantziz egiteko?

O.A.: Nigatik bai [barreak], baina nik ez dizkiot gauzak hain erraz utziko eta berak niri ere ez. Gustatuko litzaidake finala Amaiaren aurka izango balitz, eta oraingoan nik irabaztea.

Oses: «Finalak askotan ez dira disfrutatzen [...] final hau nahiko lasai jokatu nuen, presiorik gabe, eta batez ere horrekin geratzen naiz, disfrutatu izanaz»

2020an pilota gozotik mistora pasatzeko jauzia eman zenuten. Onerako izan da aldaketa ikuskizun aldetik?

O.A.: Bai, uste dut hori izan dela emakumeen pilotan gakoa. Pilota gozoan geldituko bagina, ez genuen etorkizunik edukiko. Azkenean jendeak nahi du ikuskizun hori, espektakulu hori, eta hori pilota bizi batek ematen dizu. Gainera, gure jokoa gehiago erakusten dugu, ikusgarritasun gehiago ematen diolako. Pilo bat eskertzen dugu bai pilotariek bai ikusleek, eta telebistatik ere askoz gehiago eskertzen da. Bide onetik goazela uste dut, oraindik pilotan aldaketa batzuk egin behar dira, benetan topatzeko gure bidea zein den, baina bide onetik goazela uste dut, eta pilotaren aldaketarena izan da horretan gakoa.

U.O.: Uste dut badugula maila pilota mistoarekin ibiltzeko. Espektakulua politagoa da, biziago jokatzen da, eta hori azkenean ikusleak eskertu egiten du, baita guk ere. Nik nahiago dut mistoarekin jokatu, azkenean gu ere bagarelako kapazak mutilek bezala pilota horrekin jokatzeko, eta azkenean bi aldeak disfrutatzen dute, bai pilotariak bai ikusleak.

Zarauzko frontoia beteta egoteak ere badu esanahia, ezta?

O.A.: Bai, gu eskertuta gaude. Master Cupeko edozein final jokatzen dugunean, lan bat egiten da promozio aldetik jendea frontoira hurbiltzeko, eta ikusi dugu azkeneko finaletan frontoia betetzeko gai garela, frontoia betetzen dugula, eta frontoiak horrela ikustea gozamena da. Hori normalean telebistan ikusten dugu mutilen finaletan eta kito, orduan guk ere frontoia betetzea eskertzekoa da bai ikusleei, baita antolatzaileei ere egiten duten lanagatik.

Emakumeen pilota pausoak ematen ari da. Baina badaude desadostasunak. Nola aurreikusten duzue etorkizuna?

O.A.: Gauza berri batean hasten garenean, eta emakumeen pilota gauza berri bat da, normala da pentsamolde ezberdinak edukitzea norabidearen inguruan. Urte gutxi goaz, zazpi urte ez da ezer, oraindik hasten gabiltza. Oraindik ez dakigu nora goazen, badakigu gura dugula normalizazioa lortu, gure lekua egin telebistan eta frontoietan, eta horretarako uste dut pauso onak ematen ari garela. Espero dugu hemendik urte batzuetara gauza erabat normala izatea pilotan jokatzea, agian profesionalak izan ahal izatea neskak, hortik bizi ahal izatea. Hala ere, profesional titulua oso erraza da esatea, baina profesionala izan behar da. Hemendik urte batzuetara horrela bada ondo, baina uste dut pausoak ondo eman behar direla, eta apurka-apurka gauzak lortzen joan. Espero dugu bide hori batera egitea.

U.O.: Orain uste dut neska gehiagok jokatzen dutela pilotan, eta horretan eragin handia du umeek gu jokatzen ikusteak eta telebistan emateak. Pixkanaka-pixkanaka, ez oso pauso handiak ematen, bagabiltza urratsak ematen eta batez ere pozgarriena da txikienak frontoian ikustea, bai neskak bai mutilak, gure kirola bultzatzen. Ea hemendik urte batzuetara berdintasuna dagoen, eta ea neskak zein mutilak ikusten ditugun frontoian eta gure kirolaz disfrutatzen.