Elordik azken txanpan eskuratu du final-laurdenetako lehen puntua (19-22)

Mallabiarrak jarraipena eman dio bere bolada onari eta 19-22 menderatu du Danel Elezkano Labriten, B multzoko lehen puntua eskuratuz. Multzoko beste bi aurkariak Laso eta Altuna III.a direla kontuan izanda, esan liteke gaurko garaipena ezinbestekoa zela finalerdietan egoteko aukerei eusteko.

Aitor Elordi, pilota eskuinez astintzen, Danel Elezkanoren begiradapean.
Aitor Elordi, pilota eskuinez astintzen, Danel Elezkanoren begiradapean. (idoia ZABALETA | FOKU)

Aitor Elordik jarraipena eman dio bere bolada onari eta garaipenarekin ekin dio Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkari. Mallabiarrak 19-22 menderatu du Danel Elezkano Labriten, eta beretzat izan da B multzoko lehen puntua. Multzoko beste bi aurkariak Laso eta Altuna III.a direla kontuan izanda, esan liteke gaurko garaipena ezinbestekoa zela finalerdietan egoteko aukerei eusteko.

Elordi oso faborito irten da apustuetan. Binakako Txapelketa irabazi berritan konfiantzaz beteta dago eta gaur ere bikain ekin dio neurketari. Eskuinkada apartarekin ireki du markagailua eta bi sake zitalekin –motz-motzean bat eta zabalera bestea– 0-3 aurreratu da.

Baina Danel Elezkanok ere hasieratik erakutsi nahi izan du ez dagoela ezer oparitzeko. Iñaki Artola kanpoan uzteko balio izan zion jokoari jarraipena emanez, pilota ederki atzeratu du ezkerrez aukera izan duen bakoitzean eta aurrean ere asmatu du pilota bihurritzen. Zaratamokoak ere sakez egindako bi tantorekin ezarri du lehen berdinketa markagailuan (3-3) eta hortik aurrera norgehiagoka oso parekatua ikusi dugu: partidak guztira 11 berdinketa izan ditu.

Bi pilotariek izan dituzte aukera onak tarteak zabaldu eta dema hausteko. Aitor Elordik egin du lehen saiakera atzean egindako tanto batekin 10-14 aurreratu denean. Lehen zatian izan dira bizpahiru tanto gogor, batez ere Elezkanori kantxan asko ibiltzera behartu diotenak, eta Zaratamokoak ordaindu egin du hori fisikoki zenbait unetan. Elordik ere asmatu du Elezkanoren eskuina bilatzen.

Hala ere, Danel gai izan da une zail horretatik bizirik irtetzeko eta sakea berreskuratzearekin batera bera izan da aurkaria estutu duena. Pilota ongi gurutzatuz eta batez ere aurrean tantoa azkar amaituz, zazpi tanto jarraian egin ditu eta markagailua 10-14kotik 17-14kora igaro da, azken tanto hori Elordi buruz-gain pasa duen pilotakada eder batekin lortuz.

Baina Elezkanok ere ez du lortu neurketa hor apurtzea, eta emozioa azken uneraino izan dugu. Erremate polit batzuen trukaketaren ostean 19-19an iritsi da partidako azken berdinketa, eta azken txanpa horretan Elordi izan da gehiago asmatu eta garaipena lortu duena. Izan konfiantza gehiagorekin dabilelako edo izan fisikoki hobeto iritsi delako une erabakigarrira, kontua da mallabiarrak merituzko bi tanto sinatu dituela 19-21 aurreratzeko, eta neurketako azken tantoa Elezkanok txapa azpìra bidalitako pilota batean etorri da.

«Konfiantzarekin egoteak asko laguntzen du egoera kritikoetan zaudenean», onartu du Aitor Elordik norgehiagoka amaieran. «Tanto askotan dominatu egin nau eta lan egitea tokatu zait. Zorionez gero lan horren saria jaso dut», gehitu du mallabiarrak.

Elezkanok, bere aldetik, kontrako sentsazioarekin amaitu du. «Une erabakigarrietan ez dut asmatu. 17-14koan eta 19-19koan sakearekin ez dut asmatu eta hortxe joan zait partida. Aste osoa ezkerra zaintzen ibili naiz. Hasieran ongi sentitu naiz, ongi atzeratu dut pilota, baina gero zailtasunak izan ditut», adierazi du Zaratamokoak.

Orain 15 eguneko atsedena izango dute Elordik eta Elezkanok. Laso eta Altunaren artekoa datorren igandean jokatuko da (apirilak 23), eta B multzoko bigarren jardunaldia apirilak 29 eta 30eko asteburuan.

FITXA

Pilotakadak: 226. Partidaren iraupena: 52 minutu. Markagailua: 0-3, 3-3, 3-4, 4-4, 4-5, 6-5, 6-6, 7-6, 7-8, 10-8, 10-14, 17-14, 17-17, 18-17, 18-19, 19-19, 19-22. Sakez: 5 Elezkano II.ak (eta falta bat) eta 4 Elordik. Jokoan eginak: 13 Elezkano II.ak eta 15 Elordik. Galdutakoak: 2 Elezkano II.ak eta 1 Elordik. Gertaerak: Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkako partida. Beste batzuetan baino sarrera apalagoa Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen sakea, gorri. Ekhi Ziarrusta izan zen Elezkanoren botileroa eta Garikoitz Txakartegi osaba Elordirena.