Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Espektatiben neurketa desberdinak eta galdera zuzen bat Asensiori: Mendoza edo Iriarte?

EAJko nahiz PSEko hautagaiek Aldundiko Gobernuan egin dutena nabarmendu dute eta hasitako bideetan sakontzeko konpromisoa dutela adierazi. EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekoak gobernantzaren eredu aldaketaren beharra agertu dute. Eta PPkoa, eztabaidan aldenduago, gutxiena egitearekin konformatu da.

Lezama (PP), Asensio (PSE), Mendoza (EAJ), Iriarte (EH Bildu) eta Echeveste (EP), Deustuko Unibertsitateak antolatu duen hauteskunde eztabaidan.
Lezama (PP), Asensio (PSE), Mendoza (EAJ), Iriarte (EH Bildu) eta Echeveste (EP), Deustuko Unibertsitateak antolatu duen hauteskunde eztabaidan. (Jon URBE | FOKU)

Hauteskunde eztabaidek, mikrofono bana baino gehiago, neurgailu bana jartzen dute hautagai bakoitzaren aurrean, jakitera ematen duena zerk konformatzen dituen eta zertan bultzatu nahi duten aldaketa. Horretara ausartu dira astearte honetan datorren maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak: EAJko Eider Mendoza, EH Bilduko Maddalen Iriarte, PSEko Jose Ignacio Asensio, Elkarrekin Podemoseko Miren Echeveste eta PPko Mikel Lezama.

Donostiako Deustuko Unibertsitatean, Gizarte Laneko graduko ikasleen aurrean, bakoitzak bere espektatibak eta anbizioak agertu ditu. Eztabaidako lehen blokean, aberastasuna eman die mintzagai Arrietak, eta ez dira lokaztu hautagaiak: denak ados agertu dira sektore estrategikoak indartuz aberastasuna sortu behar dela esatean, baita bide horrek ekoizpen baliabideen jasangarritasuna zaindu behar duela baieztatzean ere.

Alta, eztabaidan zehar eman dituzten datuetan igarri ahal izan da asmo onez beste hautagaiek defendatzen dutenaren arteko aldea. Zeren, objektibotasunez janzteko ohitura badago ere, kanpainako leloak besteko subjektibotasuna gorde dezakete datuek: zeintzuk eman aukeratzeak zeintzuk ezkutatu erabakitzea dakar; ematen diren moduak agertzen du sarri nork eman dituen. Eider Mendozak esan du, hain zuzen, «fake news-en garaian» bizi garela eta datuak askotan «oker» erabiltzen direla. Berak eman ditu zenbait datu: demostratzeko Gipuzkoako ehun industrialean Aldundiak «apustu sendoa» egin duela, nabarmendu du industriak eta hari lotutako zerbitzuek BGParen %40a osatzen dutela. Gipuzkoa Europan «punta-puntan» dagoela ikusarazteko esan du 807 kooperatiba daudela osatuta, 28.500 langile dituena. Eta ulertarazteko lurralde hau Europako «herri aurreratuenen mailan» dagoela, ospatu du BPGaren %2,69 berrikuntzara bideratzen duela Foru Aldundiak.

Aldiz, datuak interpretatu eta erabiltzeko modua ez denez bakarra, gainontzeko hautagaiek bestelako irakurketa bat konpartitu dute publiko gaztearekin. Industriari buruzko datuak beste modu batera eman eta irakurri ditu Iriartek, esanez egun Gipuzkoako industrialak badituela «arriskuak» eta «ahulguneak». «Momentu honetan BPGaren %27,6 da [sektoreari lotutako zerbitzuak aparte] eta 2008an %32,4 zen. Beraz, beheranzko joera horri nola aurre egin aztertu behar dugu, pentsatuz nola egin jasangarri industriarren ekoizteko moduak», gaineratu du. Berrikuntza eta garapenean Aldundiak egindako inbertsioa, halaber, baxuegia deritzo, ez baita BPGaren %3ra iristen, Europak zehaztu bezala.

Leihatila bakarra?

Gizarte politikaren arloan azken legegintzaldiko Gobernuak egindako lana nabarmendu dute Asensiok eta Mendozak, gizarteko sektore zaurgarrienak zaintzeko hautua egin dutela berretsita. «Sekulako ahalegin kolektiboa egiten dugu denok Gipuzkoan zaurgarrienak zaintzeko. Aurrekontuaren erdia gizarte politiketara bideartu da, azkenengo zortzi urteetan 161 milioi euro gehitu dira urtean. Noski, ez da sistema perfektu bat, baina aitortu behar dugu gure ongizate sistemak ongi erantzuten duela», esan du hautagai jeltzaleak. Asensiok, halaber, arlo honetan instituzio ezberdinen artean bultzatu duten «elkarlana» goraipatu du, herritarrek instituzioengana jotzeko «leihatila bakarra» behar dutela azpimarratuz.

Echevestek, bere aldetik, Gipuzkoako egungo foru Gobernua osatzen duten alderdietako hautagai sozialistak esandakoa gezurtatu du, eta leporatu dio «aspaldiko» aldarrikapena den arren, leihatila bakarrik ez dagoela oraino. «Beharra duen familiak nahasmen burokratiko batekin egiten du topo laguntza lortu arte, irisgarritasun arazo larriak dira. Laguntza onak dira, baina lortzeko zailtasunak daude», zehaztu du.

Zaintza publiko eta komunitarioa aldarri

Zaintza izan da gizarte politiken bueltako eztabaida zentratu duen arreta puntuetako bat, eta EH Bilduko nahiz Elkarrekin Podemoseko hautagaiek zaintza lanak bide pribatuetatik sustatzea leporatu diete Mendoza eta Asensiori. Echevesteren iritziz, zaintza zerbitzua publikoa eta komunitarioa izan behar da, eta zerbitzu hau ezin da «langileen baldintzak okertzen dituzten enpresa pribatuen esku utzi», bestela «merkantilizaziorako objektu» bilakatzen baita, langile naiz zaintzaren hartzaileen kalterako.

Iriarteren ustez, erakundeek «ez diote beharrezko erantzuna eman zaintzen krisiari» eta jarrera hori «desberdintasun sozialen eragile» dela deitoratu du. «Premiazkoa da zaintzaren kontzepzioa aldatzea –aldarrikatu du–, eta zaintza publiko komunitarioaren aldeko apustua eta doakotasunerako bidea marraztu behar dela uste dut».

Mikel Lezamak, bestalde, aldarrikatu du Gipuzkoak zaintzaileen estatutu bat behar duela, langile hauen «ongizatea bermatzeko» nahiz haien baldintzak hobetu daitezen.

Fiskalitatearen gaineko hausnarketa

Fiskalitateari buruzko blokean azaleratu dira astearte honetako eztabaidan desadostasun gehien. «Sistema justu eta progresiboago» baten beharra aldarrikatu du EH Bilduko hautagaiak, eta adierazi du EAJ eta PSEk bultzatutako «aldian aldiko» aldaketak ez direla nahikoa. «Azkenengoa PPrekin egin zen aurrekontuen negoziaketaren markoan, eta gero bi deflaktazio etorri ziren, gure ustez guztiz erregresiboak direnak», oroitu du. «Sakoneko aldaketa fiskal» baten alde egin du koalizioaren hautagaiak eta beharrezkotzat jo du presio fiskala handitzea –%38,3koa da Gipuzkoan, Europan batezbestekoa %41,8koa den bitartean, zehaztu duenez– «aberastasuna hobeto banatzeko»: «Arrakala dagoen bitartean ezin dugu konformatu».

Iriarteren atzetik hartu du hitza Mendozak, eta M28an lehiakide behinena izango duenaren kontra egiteko baliatu du hitzartzea, Bilduk Aldundia gobernatu zuenean aberats eta pobreen arteko arrakala handitu zela esanez. Asensiok, berriz, azken legegintzaldian Madrildik martxan jarritako behin-behineko ekimenak aipatu ditu, aberastasun handien gaineko zerga eta banku eta enpresa energetikoei ezarritako elkartasun zerga. Hala ere, zerga sistemaren inguruko hausnarketa behar dela esan du, oroz gain ondoko gairen inguruan: «PFEZaren gaineko errebisioa, sozietaten gaineko zergaren tipoaren aldaketa, eta krisi garaietan elkartasun zerga mantentzearen eraginkortasuna aztertzea».

Bi norabidetako dardoa

Asensiok nabarmendu du aurreko legegintzaldian bezala M28ko hauteskundeetan ere bere alderdia izango dela Gobernu osaketaren «giltza», eta alderen txanda irekita, aukeretan zuzenena bota dio Gizarte Graduko ikasle batek Jose Ignacio Asensiori. «Egoera aurkeztuko bada, zeinen alde egingo duzu, Maddalen Iriarte edo Eider Mendoza?» Erantzun irekia eman du hautagai sozialistak hasieran: «Gipuzkoako errealitate plurala eta gipuzkoarren izateko modua errespetatzen duen horren alde».

Baina laster zedarritu ditu aukerak EAJren alde. Memoria izateko eta iraganarekin «hiperkritikoak» izateko eskatu die gazteei EH Bilduri alboz dardo bat botatzeko intentzioarekin, nahiz eta, aipatu gabe ere, bere alderdiak gerra zikinean izan zuen ardurak airean utzi duen dardo hori.