Aurkeztu dituzte Itzuliaren ibilbideko hiru etapak, eta tropela Etxebarritik abiatuko da

Itzuliako lehen etapa hasiko den lekuan, Etxebarrian, egin dute lasterketaren aurkezpen ofiziala. Maiatzaren 12tik 14ra bitartean lehiatuko dira txirrindulariak, bigarrenez jarraian, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako errepideetan barrena. Ibilbideak 370 kilometro ditu, eta Donostian bukatuko da.

Gaur egin dute Itzuliako ibilbidearen aurkezpen ofiziala, Etxebarrian.
Gaur egin dute Itzuliako ibilbidearen aurkezpen ofiziala, Etxebarrian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gaur egin dute 2023ko Emakumezkoen Itzuliako aurkezpen ofiziala Etxebarrian, lehen etapa hasiko den lekuan, hain zuzen ere. Maiatzaren 12tik 14ra bitartean lehiatuko dira txirrindulariak Bizkaiako, Arabako eta Gipuzkoako errepideetan barrena. Bigarrenez korrituko da lasterketa eta iazkoak bezala, aurtengoak ere 3 etapa izango ditu, eta Donostian amaituko da.

Tropelak 370 kilometroko ibilbidea egingo du, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa zeharkatuta, hurrenez hurren, eta besteak beste, txirrindulariek Urkaregiko, eta Jaizkibeleko mendateak igoko dituzte. Guztira zazpi mendate puntuagarri izango ditu ibilbideak: lehen mailako bat (Jaizkibel), bigarren mailako bi (Urkaregi eta Mendizorrotz) eta hirugarren mailako lau (Gontzagaraigana, La Tejera, Malkuartu eta Gurutze).



Hiru etapen nondik norakoak

Lehen etapa Bizkaian hasi eta bukatuko da: 122,2 kilometro izango dira Etxebarritik Markina-Xemeinera. Txirrindulariak Etxeberritik irtengo dira, eta lehen 50 kilometroak gora eta behera izango dira, Ondarroa, Lekeitio, Ereño eta Arrazola igarota. Herri horiek pasata, Gontzagaraiganako mendatea igoko dute: 2,6 kilometroko igoera du eta batez beste %6,5eko maldak ditu. Bertatik, Markina-Xemeinera jaitsiko dira, Itzuliako lehen esprint berezia jokatzeko.

Jarraian, Gipuzkoan korrituko ditu tropelak hurrengo kilometroak, hain justu, Mutrikutik eta Elgoibarretik, ondoren, 114,4 kilometroan, Urkaregiko mendatea igotzeko. 5,8 kilometroko igoera du, eta batez beste %4,6ko malda. Mendate hori puntuagarria izateaz gain, erabakigarria ere izango da maillot horia lortzeko lehian, Urkaregitik jaitsita Markina Xemeinen amaituko delako etapa.

Bizkaitik Arabara salto egingo du tropelak bigarrenean. Gasteizen abiatu eta Amurrion amaituko da Itzuliko etaparik luzeena: 133,2 kilometro. Hasieran, behintzat, ibilbide «nahiko lasaia» da Roberto Laiseka Itzuliko zuzendari teknikoaren ustetan, eta nabarmendu du tarteko esprintak eta denbora-sariak «garrantzitsuak izango direla sailkapen nagusiari begira». Horrez gain, helmugarako bost kilometroren faltan, txirrindulariek Lezaman aldapatxo bat igo eta jaitsi beharko dute: «Bukaera horrek eragin dezake taldea osorik ez heltzea helmugara», ohartarazi du Laisekak.

Hirugarren eta azken etapak erabakiko du Itzuliaren garailea nor izango den. Iaz bezala, aurten ere Donostiako Klasikoaren ibilbidea oinarri izan dute. 114,8 kilometroko etapa Donostian hasi eta bukatuko da. Tropela Hernanitik, Oiartzunetik eta Errenteriatik igaro ostean, 42,6 kilometroan Lezotik Jaizkibelera igoko da: 7,9 kilometroko igoera da, eta batez besteko %5,6ko malda du.

Bertatik, Irunera jaitsi, eta Gurutze mendatea igoko dute, Donostian esprint berezia jokatu baino lehen. Donostia pasata etapako azken mendateari aurre egingo diote, helmugara iritsi aurretik. Hain justu, 86,2 kilometroan Mendizorrotz igoko dute: 4,1 kilometroko aldapa du, eta batez beste %7,3ko malda. Donostiara biderako azken kilometroak «erlojupeko indibiduala» izango dira, Itzuliako zuzendari teknikoaren iritziz, helmugara iritsi eta sailkapen nagusian garaipena lortzeko.

Euskal Herriko Itzuliko aurkezpen ekitaldian izan dira Iñigo Arrieta EIKAko presidentea, Jesus Etxeberria Etxebarriako alkatea, Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatea eta Julian Eraso OCETAko presidentea.

Iaz, Wollering garaile

Iaz korritu zen aurrenekoz Itzulia emakumezkoetan, eta Demi Wollering (SD Worx) herbeheretarrak irabazi zuen. Wolleringek ez zuen aurkaririk izan hiru etapetan, bera gailendu baitzen denetan.