Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Esther Arrojeria Arantzazistroke
Bera Berako jokalaria

«Orain taldeak heldutasun bat eskuratu du eta Kopa honetan konfirmatu da»

Esther Arrojeriak (Usurbil, 1994) bere laugarren Kopa garaikurra altxatu zuen Malagan. Taldearen heldutasuna berearekin bat dator, «kantxako esperientziaz gain beste arlo batzuk lantzen ere ikasi» baitu. 2017ko lesio larria atzean utzita, orduko maila berreskuratu ez ezik, hobetu ere egin du.

Esther Arrojeria, Bera Berako jokalaria.
Esther Arrojeria, Bera Berako jokalaria. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Biharamuna edukitzeko astirik ere ez dute izan Bera Berako jokalariek. Azken hiru urteetan ihes egin dien Kopa irabazi dute, sekulako sendotasuna erakutsita, eta orain, Ligaren bila doaz, «argi eta garbi». Esther Arrojeriak titulu berri honen gakoak eman dizkio NAIZi, ohi bezain umil. Azken hamarkadan Bera Berak lortu dituen 20 garaikurretatik 18tan egon da usurbildarra eta bere une gozoenean ez daki, «baina gehien disfrutatzen ari den» denboraldia da.

Kopa irabazita, zein izan zen aurreneko sentsazioa? Motxila bat askatu zenutela?

Motxila bat kendu genuela ez nuke esango. Denbora generaman Kopa irabazi gabe, baina derrigortasun hori ere ez geneukan. Izugarrizko poza hartu genuen; hori hala da. Beti da txapelketa berezia Kopa eta denbora daramazunean irabazi gabe, are eta ilusio handiagoa egiten du.

«Argi neukan [finalean] baloia zaintzea gakoa izango zela»

Granollers oso ondo hasi zen. Ez dakit kasualitatea izan zen edo ez, baina zu kantxaratu eta orduan irauli zenuten markagailua.

Uste dut gure taldea ere ondo sartu zela partidan. Defentsa ireki horrekin min handia egiten ari ginen. Gu ere nekatuta ginen eta defentsa ireki horren exijentzia ere handiagoa zen; agian horrek eragin zuen erasoan gauzak hain argi ez izatea. Aulkitik atera nintzenean argi ikusi nuen erasoan lasaitasuna mantentzea tokatzen zitzaigula, hasieran presaka aritu ginela. Eta aurreko partidan hori izan zen enbarazu gehien egin ziguna. Argi neukan baloia zaintzea gakoa izango zela.

Finalerdian, Guardesek estu hartu zintuzten.

Partida osoan aurretik joan ginen arren, ikusi genuen Guardesek ez zituela inongo momentutan besoak jaitsi. Xehetasun oso txikietan erabaki zen partida gure alde. Hala ere, aurten beste lasaitasun eta segurtasun batekin gentozen. Lehen partidan erakutsi genuen taldeak urrats bat egin duela horrelako txapelketan. Partida bakarrera jokatzen diren txapelketetan zailtasunak edukitzetik gentozen. Orain taldeak heldutasun bat eskuratu du eta Kopa honetan konfirmatu da.

Zuen gorpuzkera ez zegoen uzkurtuta, normalean kezkak eramaten duen uzkurdura hori. Ez dakit landu duzuen zerbait den...

Asteak daramatzagu horretan lanean. Gure psikologo Unai Arrietaren lana ere nabaritzen  da. Beti gara kontziente partida guztietan agertzen direla momentu zailak, eta bereziki momentu horietan lasaitasuna mantendu behar da, eta segurtasuna izan ondo ateratzen ari diren gauza horietan. Kopa honetan berreskuratu dugu atzealdeko segurtasuna eta Kopa osoan zehar horrek eman digu geure buruarengan segurtasuna. Guardesen aurka hori gertatu zen, eta ondoren, gainera, Alice [Fernandes] nabarmendu zen atean eta horrekin garaipena bermatu genuen.

«Aspaldi ez bezala disfrutatu dugu. Hasieratik gol bakoitza ospatzen genuen, geldiketa bakoitza... Gako handienetako bat izan da»

Valladoliden aurka ligan porrota jaso ondoren, gehienbat defentsa landu zenuten. Kopan defendatzeko sistema ezberdinak erabili dituzue.

Partida hori izan zen adierazle garbiena defendatzen ez dugunean ez ditugula partidarik irabazten. Gure puntu indartsuena beti izan da defentsa eta horrekin lotuta dagoen atezainaren lana; partida hartan ez genuen batere defendatu eta porrota etorri zen. Horrek alertan jarri gintuen. Normalean 6-0 defentsa erabili izan dugu, baina Kopa honetan hiru sistema ezberdin erabili ditugu. Elxen aurka 5-1 erabili genuen, itxiagoa, elkarrengandik gertuago zuloak gehiago tapatzen zituena, eta finalean erabilitakoak ez zuen batere zerikusirik. Denek eman digute emaitza eta hori oso garrantzitsua izan daiteke azken txanpa honetan.

Esther Arrojeria, ligako partida batean, Jose Antonio Gasca kiroldegian. (Jon URBE/FOKU)

Liga erregularra hiru jardunaldiren falta irabazteak aukera emn dizue Kopara edo play-offetara begira gauza ezberdinak landu eta bikaintasun horretara hurbiltzeko.

Liga erregularreko azken hiru partidak erabili genituen entrenamendu indartsu gisa, ez dago partida bat bezain entrenamendu hoberik. 5-1eko defentsa hori pare bat partidatan landu genuen Kopa iritsi aurretik. Hasieran zalantza batzuekin aritu baginen ere, Elxen aurka ikaragarrizko defentsa egin genuen eta konfiantza hori eman zigun. Azken txanpa honetan konfiantza hori garrantzitsua izango da.

Disfrutatu duzue?

Bai, aspaldi ez bezala disfrutatu dugu. Lehendabiziko partidan hasieratik markagailuan halako diferentzia lortzen duzunean, errazagoa da disfrutatzea. Hala ere, hiru partidak disfrutatu ditugu, era batera edo bestera. Asko sufritutako batek ematen dizun poztasuna ere gozagarria izaten da. Nik taldea disfrutatzen ikusi dut lehendabiziko minututik azkenengora, bai kantxan jokatzen ari zirenak eta bai aulkian edo harmailetan egon direnak. Hasiera-hasieratik gol bakoitza ospatzen genuen, geldiketa bakoitza, baloia berreskuratzen genuen  bakoitzean... Eta uste dut hori gako handienetako bat izan dela, taldea hain sendo eta hain elkartua izatea.

Jokaldi on denak ospatzen zenituzten, balioa emanez jokaldi bakoitzari.

Partidan egoteko modurik onena da, bai jokatzen ari direnentzat eta bai aulkian daudenentzat. Partidan sartuta egotea, balioa ematea ondo egindako gauza bakoitzari, talde osoak norabide berean arraun egitea, indibidualtasunak alde batera utzita... Taldea guztiaren gainetik jarri dugu; beti izan beharko luke horrela, baina bereziki honetan hala izan da; minutu gehiago edo gutxiago jokatu, lehentasuna taldea izan da, ondo jokatzea eta kantxan disfrutatzea. Hori izan da Kopa honetako lorpen handienetako bat.

Zein mezu erabili du psikologoak taldea hainbeste indartzeko?

Denboraldi osoan zehar taldea oso batuta egon da; nabari da kanpoan oso giro ona dagoela eta hori kantxan islatzen da. Psikologoarekin landu ditugun gauzen artean, gure puntu indartsuenetan oinarritzea da bat, eta gero, partidan zehar, norberak une horretan egin behar duen horretan kontzentrazioa mantentzea. Kanpoko faktore asko egoten dira partidan zehar: kanpoko presioa, arbitrajea, eta abar. Guk eragina izan dezakegun gauza bakarra, ordea, norberak egiten duena edo egin behar duena da. Arreta horretan fokalizatzen erakutsi digu aste hauetan, eta emaitza ematen ari da.

«Guk eragina izan dezakegun gauza bakarra, norberak egiten duena edo egin behar duena da. Arreta horretan fokalizatzen erakutsi digu [psikologoak]»

Zure une onenean al zaude?

Bueno, ez dakit momenturik onenean, baina gehien gozatzen ari naizen denboraldian baietz esango nizuke. Zerikusia izango du gauzak ondo ateratzen ari zaizkidala eta momentu onean aurkitzen naizela. Bereziki azpimarratuko nuke asko disfrutatzen ari naizela partida bakoitza, taldean daukagun giroaz... Lehiakortasun oso sanoa daukagu. Talde zabala gara, jokalari asko, eta minutuak banatzea askotan ez da erraza izaten. Oso giro atsegina daukagu eta horrek, ezinbestean, disfrutatzea besterik ez du ekartzen.

2017an eduki zenuen lesio larriaren ostean, zalantzak zeuden nola errekuperatuko ote zinen. Hor ere zure une onenetako batean zeuden eta, orain, badirudi orduko maila ere hobetu duzula. Nola lortzen da hori?

Urteak pasa egiten dira eta, nahi edo ez, heldutasun bat ere iristen da, bai kantxan eta bai hortik kanpo kudeatu behar diren gauzetan. Esperientzia bat daukat atzetik, denboraldi asko pasa dira ordutik eta kantxako esperientziaz gain, faktore psikologiko eta beste arlo batzuk lantzen ere ikasi egiten da. Taldean giro ona dagoenean eta talde guztiak zure lana errazten duenean, dena samurtzen da. Izugarri disfrutatzen ari naiz momentu honetaz.

«Taldean giro ona dagoenean eta talde guztiak zure lana errazten duenean, dena samurtzen da. Izugarri disfrutatzen ari naiz momentu honetaz»

Azken hamarkadan Bera Berak 20 titulu irabazi ditu, horietako 18tan egon zara zu. Nola jarraitzen du batek disfrutatzen?

Garaipen bakoitza berezia da: taldekideak ezberdinak direlako, denboraldi bakoitza mundu bat delako eta lorpen bakoitza ez delako batere erraza. Zenbakitan jarrita, 20 titulu, batek baino gehiagok pentsatu lezake aspertu egin garela irabazteaz... Baina ez, titulu horiek egunero egindako lanaren ondorio dira. Aurten bide oso onetik goaz eta espero dugu altxatzen dugun azkena ez izatea.

Imanol Alvarezekin 2013-2014an irabazi ziren hiru garaikurrak. Zenbateko garrantzia dauka taldean Imanolen figurak?

Entrenatzailearen figura beti da oso garrantzitsua, ez da lan erraza izaten. Gauzak gaizki doazenean errazena beraiei seinalatzea da. Presio hori kudeatzea ez da erraza, berak ere bazeukan presio puntu bat Kopa honetan. Azkenean, denbora generaman partida bakarreko titulu horiek irabazi gabe. Jakin du jendea nola mugitu, minutuak nola banatu Kopa guztian zehar ahalik eta ondoen iristeko hiru partidetara. Lorpen honen parte handi bat bere meritua da, noski.

Esther Arrojeria, ezkerretik laugarrena, taldekideekin garaipena ospatzen. (J.L. RECIO/RFEBM)

Imanolen figura aipatu dugu baina Alba Menendez, Maitane Etxeberria eta zu, a ze hirukotea!

(Barrez) Urte asko daramatzagu elkarrekin. Berezia da titulu bakoitza beraiek elkarbanatzea. Begirada atzera botatzen duzu, ikusten duzu zenbat jende pasa den taldetik, zenbat jende ezberdinekin bizi izan ditugun hainbeste momentu... Hamarkada bat daramagu hiruok taldean. Taldekideak baino gehiago, lagunak dira eta lagunekin horrelako esperientziak bizitzea, are bereziagoa da.

Instagrameko zure azken argitalpena kuxkuxeatzen aritu naiz eta taldekide eta taldekide ohi askok «zutaz harro» idatzi dizute. Zerbait egingo zenuen horretarako.

Beti ahalegintzen naiz taldekide bakoitza taldean eroso sentiarazten, bere onena eman ahal izan dezan. Garrantzitsua da elkarren babesa eta konfiantza sentitzea. Ni beti ahalegintzen naiz nire konfiantza dutela adierazten. Edozer gauza behar dutela ere hor egongo naizela. Ez dakit horren ondorio den edo denboraldiaren ondorio den, baina hunkigarria da taldekideengandik horrelako hitzak jasotzea.

«Konfiantza handiarekin nago eta taldea gogoarekin dago mahaian are kolpe handiagoa emateko»

Ez da bukatu denboraldia. Ligako kanporaketa hasten duzue ostiralean.

Energia bultzada berri batekin dago taldea. Ez Kopa irabazteagatik soilik; joko ona erakutsi dugu eta garaitzen zailak garela. Inoizko une onenean iristen gara azken txanpara. Ikusiko dugu nola doan Gijongo partida hau (ostiralean, 21.00etan). Konfiantza handiarekin nago eta taldea gogoz dago mahaian are kolpe handiagoa emateko.

Helburua hiru tituluak bereganatzea da, ezta?

Bai, argi eta garbi. Hasieratik dugu erronka hori. Abenduan  Superkopa hori lortu genuenean, gertuxeago ikusi genuen, eta asteburuan Kopa lortuta, errematatzea geratzen da. Maila bera erakutsi eta ea garaipena lortzen dugun.