NAIZ

Bidasoak zortzigarrenez erreskadan irabazi du Euskal Kopa, Romo mendean hartuta (35-52)

Talde irundarrak bere hamabigarren Euskal Kopa irabazi du. Gaurkoan ez du arazorik izan 1. Maila Nazionaleko aurkari baten kontra eta maiatzaren 14ra arte Ligarik ez duenez, ondo aprobetxatu du asteazken honetako neurketa indarrekin jarraitzeko.

Bidasoa Irun eta Erromoko jokalariak, finala amaitu ostean.
Bidasoa Irun eta Erromoko jokalariak, finala amaitu ostean. (EUSKADIKO ESKUBALOI FEDERAZIOA)

Euskal Kopak 2022ko finalaren errepikapena bizi izan du asteazken honetan Laudion. Iakzo denboraldiaurrean Bidasoa Irunek 27-38 garaitu zuen Romo Broker Kirol, eta gaurkoan 35-52 gailendu zatzaio. Gol bateko eta biko lehen abantailek lau tantoko errentak ekarri dituzte hamar minutu eskasetan, eta alde horiek pixkanaka zabaltzen joan dira atsedenaldiko 19-27ra arte.

Mikel Zabalak, Asier Nietok eta Eneko Furundarenak arazo fisikoak direla medio parte hartu ezinik, bigarren zatia ez da aldatu, eta Bidasoa Irunen defentsako lanak hobera eginda, aurkaria 10 goletan utzi dute 20 minututan. Horri kontraerasoa gehituta, Jacobo Cuetarak prestatzen dituen jokalarien arma nagusi gisa, abantaila 20 goletakoa ere izatera iritsi da, azken minutuetan behin-betiko 35-52ra iritsita.

Garaipen honekin, aurreko denboraldian Hondarribiako finalerdian lortutako aldeko 52 goletako errekorra berdinduta, talde irundarrak bere hamabigarren Euskal Kopa irabazi du, zortzigarrena jarraian lehen lauen ondoren (2000, 2001, 2002 eta 2007).

Bidasotarren hurrengo norgehiagoka Asobal Ligakoa izango da, azken txanpa handiko lehena: Kataluniako lurretan Fraikin Granollersen aurka, maiatzaren 14an 17.00etan. Romo Broker Kirol, ordea, bere mailako lidertza sendotzen ahaleginduko da larunbat honetan Elgoibarren etxean.

PARTIDAKO FITXA:

35 - Romo Broker Kirol (19+17): Jover, Camacho (4), Valenzuela (1), Raynier (5), Cañete (1), Roldán (3), De Francisco (1); Lawrukiewicz, Osante (2), Juárez (4, 1 p.), Ariel (5), Winterbottom (4), Iosif (4, 2 p.), Arranz, Ortiz (1), Mendibil.

52 - Bidasoa Irun (27+25): Harbaoui, Cavero (4), Salinas (6, 1 p.), Azkue (6, 1 p.), Rodríguez (2), García (5), Aginagalde (7); Skrzyniarz, Ugarte (4), Gey-Emparan (7), Urruzola (1), Barreto (2), Mitic (3), Francisco da Silva (1), Gorka Nieto, Pacheco (4).

Partzialak: 3-4, 6-9, 9-13, 12-19, 15-24, 19-27; 23-31, 26-37, 28-41, 29-47, 31-50, 35-52.

Epaileak: Xabier Elizetxea eta Jon Mendizabal. Romoren aldetik, Valenzuela zigortu dute bi minutuz. Bidasoa Irunen aldetik, Francisco da Silva eta Garcia.

Gertakariak: Euskal Kopako finala Laudion 200 bat zaleren aurrean, horietako 50 inguru, bidasotarrak.