Euskal Herriko egileen hamaika labur lehiatuko dira FANT jaialdian

Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren 29. edizioak ‘FANT laburrean. Euskal filmak’ saila izango du aurten ere, eta euskal zinemagileek zuzendutako hamaika film labur lehiatuko dira bertan.

Ostegun honetan aurkeztu dituzte film laburrak.
Ostegun honetan aurkeztu dituzte film laburrak. (FANT)

FANT jaialdiaren aurtengo edizioa ostiral honetan hasiko da eta hilaren 13ra bitarte luzatuko da. Jaialdiak 47 saio eskainiko ditu aurten, horien artean Europa mailako hiru estreinaldi eta Estatu mailako beste lau.

Ostegun honetan ‘FANT laburrean. Euskal filmak' sailean izango diren hamaika lanak aurkeztu dituzte Azkuna Zentroan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira Justo Ezenarro FANTeko zuzendaria eta Nitya Lopez ('Niña Coyote eta Chico Tornado Vs Don Condor eta Ñora Alacran'), Nerea Torrijos ('Influencer'), Talia Hernando ('Ni a sol ni a sombra'), Laura Guerricaechevarria ('Holiday'), Aitzol Saratxaga ('Lanbroa'), Gaston Haag ('Superjodidos') eta Lle Godoy ('Encajada') zinemagileek.

Zazpi film horiek eta ‘Alumbramiento’ (Imanol Ortiz López), ‘El fiestón’ (Gorka Aginagalde eta Xabi Vitoria), ‘Polita’ (Eneko Muruzabal Elezcano) eta ‘Toc’ (Amaia San Sebastian) lehiatuko dira Film Labur Onenaren Saria (3.000 euro), Euskal Film Labur Onenaren Saria (2.000 euro) eta Publikoaren Saria (3.000 euro) irabazteko. Gainera, Interpretazio Onenaren Ohorezko Saria ere banatuko da horien artean.

‘FANT laburrean. Euskal filmak’ sailean parte hartuko duten film laburrak jaiadaldiaren irekiera galaren ondoren proiektatuko dira. Irekiera ekitaldia 19.30ean hasiko da ostiralean, Campos Eliseos antzokian, eta Alex Gerediagak zuzenduko du. Euskal film laburrak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin, dagokionaren arabera.