Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Hezitzaileak erdian jarri dituzte Udaltopen, «hau jolasa baino gehiago baita»

Udaltopen bigarren eta azken egunean hezitzaileek hartu dute hitza, zutabe inportantea baitira haurrak euskaraz loratzeko. Adibidez, Araban Geu elkarteak Foru Aldundiarekin batera formazioan egiten duen lana azaldu du. «Sinetsi egin behar dugu: aurrera goaz», animatu dute Lasarte-Oriako ekitaldian.

Udaltopen bigarren egunean hezitzaileek hartu dute hitza.
Udaltopen bigarren egunean hezitzaileek hartu dute hitza. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Aisialdia garrantzitsua da haur eta gazteak adinkideen artean sozializatzen direlako. Eta hor eskaini nahi dizkiete arnasguneak. ‘Bat, bi, hiru... Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz’ leloarekin egin da aurtengo Udaltop topaketa, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kulturunean nahiz internet bidez. Bigarren eta azken egun honetan hezitzaileak izan dira protagonista.

Arabako berri ekarri dute Aintzane Osa eta Dorleta Martinez de Albenizek udaletako euskara zerbitzuen bilgunera. Foru Aldundiko kidea da lehena, Geu elkartekoa bigarrena. Udalekuetan eragin nahi dute bereziki. Intentsitateagatik leku bereziak dira, barnetegien antzekoak. Disfrutatzera joaten dira haurrak eta esperientzia luze eta sakonak bizitzen dituzte. «Euskararekin maitemintzea ederra litzateke... ez bakarrik gitarra jotzen duen begiralearekin», bota du Osak jendeari irribarrea eta oroitzapenak ateraz.

«Hezitzaileei gutxieneko hizkuntza maila eskatzen diegu, baina benetako orduan zalantzak izaten dituzte; erdigunean daude, askotan inpotentziarekin. Inportantea da euren lidergo gaitasuna sendotzea, baita euskararekiko atxikimendu eta gogoa ere».

Foru Aldundiko euskara zerbitzuak harremanetan jarri ziren horretan aritu eta adituekin, eta urte aunitzeko eskarmentua gida batean jaso, ordenatu eta sistematizatu zuten, begiraleen formazioan baliatzeko.

Formazio saioa eta gida lotuta daude, elkar elikatzen dute. Erakunde publikoak antolatzen dituen udalekuetako hezitzaileei formazio saio hau egiteko eskatzen diete. «Aurtengo saioen egutegia prestatzen ari gara, kuadrilla bakoitzean bana egingo dugu. Begirale eskolan oso gutxi jasotzen dute soziolinguistikari buruz. Gure formazioa 500 bat hezitzailek egin dute. Gutxienekoa da eta sakontzea nahi genuke, baita zabaltzea ere».

«A mí no me gusta el euskara»

Geuko kideak gaineratu du hezitzaileak gazteak direla eta sarri ez direla kontziente benetan zer ari diren egiten. Formazioaren lehen zatian, testuinguruari erreparatzen diote.

«Euskal Herriko maparekin goaz, eta erdal elebakar gehienak non dauden galdetzerakoan denek erantzuten dute: ‘Araban!’. Erabilera datuak hiriburuetan jartzean, eztabaidan hasten dira eta ‘txikiena Gasteizen!’ esaten dute. Bada, Gasteizek ez dauka erabilera txikiena, ezta elebakarren ehuneko handiena Arabak ere. Uste baino euskara gehiago erabiltzen da, euskaldunak gero eta gehiago gara. Arabarrok sinetsi egin behar dugu: aurrera goaz».

Erabileraren inguruan hausnartzen dute: umeekin erabilera arautu behar da? «Haur bat mina hartuta datorrenean ez gara hasiko ‘baina nola esaten da odoletan ari zarela’?. Akatsak zuzentzea komeni da? Ume batek ‘a mí no me gusta el euskara’ badio nola jokatuko dugu? Hori ere gertatzen baita. Hezitzaileen artean gauza hauek konpartitzea oso ondo dago».

«Euskara asko eta gustura»

«Hezitzaileok momentu oro euskaraz hitz egin behar dugu. Haserretzen garenean ere bai, eta batzuetan ez dugu egiten. Gauza horietan ere eragin behar da», aipatu du Martinez de Albenizek.

Haurrak solasean ari direla eurengana hurbildu eta jolas batez ari badira horren inguruan sor dezake hezitzaileak elkarrizketa. «Ez gara beti ariko agintzen; euskara ez da bakarrik agintzea, ondo pasatzea ere bada».

Hizkuntza errutinak dira bertze puntu inportante bat: «Imajinatu ume batek zailtasunak dituela euskaraz hitz egiteko, esaera bat asmatzen badugu eta goizero errepikatu, horrekin ondo sentituko da. Errepikatuz hizkuntza ohituretan eragin dezakegu».

Hizkuntza jolasak ere baliatzen dituzte. Betiko jolasak moldatzen dituzte hizkuntza txertatzeko. Zapiaren jolasa, adibidez. Edo euskara ardatz duten jarduerak egiten dituzte: antzerkia, asmakizunak, karaokea...

«Umeek euskara asko eta gustura egitea nahi dugu. Zuzentzeko eskola dago». Udalekuetan gozatzea eta euskaraz bizipen positiboak izatea da helburua.

Dindaia Fundazioa

Arabatik Nafarroa Garaira joko dugu. ‘Aisialdia eta euskara, hori gara gu’. Hala definitu du Esther Lakasta Perez Ilzarbek Dindaia Fundazioa.

«Ezin da fundazioa ulertu Rikardo Ederraren figura aipatu gabe. Nafarroako euskalgintzan izen handiko pertsona izan zen». Bere kezka batetik abiatuta jaio zen Dindaia 2004an, aisialdian kalitatezko euskarazko eskaintza egiteko xedez. Kalitatea ekintzetan eta lan baldintzetan ere bai. 2007an hil zen Ederra eta Dindaiako kideek omenaldirik onena egin zioten: bere lanarekin jarraitzea. Gaur egun ehun langile ari dira.

Eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen hasi ziren guraso elkarteekin. Berehala sentitu zuten formatzeko beharra, eta horri ere ekin zioten. Aixe Aisialdia izan zen abiatu zuten lehen proiektua. «Bertan, eskaintza erakargarria eta berritzailea egiten saiatzen gara. Xamariko Egunean erakusten dugu dena, eskolaz kanpoko ekintzen topaketa egunean. Xamarikok Rikardo irudikatzen du guretzat. Bera omentzeko eta egiten duguna erakusteko eguna da. Guraso eta haurrak elkartzen dira eta jendetsua izaten da».

Eskaintza zabala dute HH, LH eta DBHrako: musika eta dantza, artea eta sorkuntza, kirola, baliabide digitalak eta hizkuntza ekintzak (hizkuntza zailtasunak dituztenei zuzenduak). Gehienbat Iruñea eta Iruñerrian aritzen dira.

«Gogoko tokian aldaparik ez»

Begiraleen formazioan, ekintzak erakusteaz gain –zinea eta yoga, adibidez, gero horretan aritzeko– hizkuntza hobetzeko baliabideak ere ematen dituzte. «Izan ere, D eredutik etorritako begirale askok badugu hobetzeko tartea euskara mailan».

Begirale berrientzat formazio berezia dute, egonaldietarako ere bai. Horretaz gain, materiala sortzen dute.

Ludotekak antolatzen dituzte, kanpaldiak, festak kalean, gurasoekin formazioak, jolasak... «Pandemiaren ondorioz, ia ixteko zorian egon ginen. EBETEk salbatu gintuen, sarean proiektu bat egiteko aukera emanez: Euskaraz kilika».

Guztira ia 12.000 haur eta gazterekin aritu zen Dindaia Fundazioa 2022an. «Ekintza xirimiri horretan, gozamena eta euskara lotzen saiatzen gara. Ia 20 urteotan hasierako asmoa errotu da».

Horra arrakastarako gakoak: «Talde bat gara, sormen handikoa, denok dugu hitza, eta aurrera egiten dugu beldurrik gabe. Bestetik, elkarlanean ari gara, denon artean eta denok norabide berean, saretuta. Egokitzeko ahalmena dugu: padela eskatzen badigute, hori eskaintzen dugu. Eta, batez ere, gogoko tokian aldaparik ez! Egiten dugunarekin gozatzen dugu».