Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Baztanek altxor handiak ditu zaintzeko hauteskunde hauetan

Euskal Herriko udalerririk zabalena da Baztan hedaduraz, hamabortz herri biltzen ditu, eta 7.800 biztanle. Udalaren gobernua hartzen duenak ongi zaintzea merezi duten altxorrak izanen ditu, adibidez lur komunal eta langile autonomo pila bat, horietako aunitz nekazaritza estentsiboa egiten dutenak.

Erdiz Bizirik plataformak deituta, baztandarrak Iruñera joan ziren manifestatzera joan den apirilaren 22an.
Erdiz Bizirik plataformak deituta, baztandarrak Iruñera joan ziren manifestatzera joan den apirilaren 22an. (Iñigo URIZ | FOKU)

Baztango lurren %84 inguru komunalak dira. Aski berezia da hori. Konplexua ere bai: 15 frontoi baino gehiago ditu, hainbat mediku kontsulta eta ikastetxe, milaka kilometro bide eta errepide... Horrek kudeaketa eskatuko dio maiatzaren 28 honetan osatuko den udal berriari, eta, batez ere, dirua.

Hamabortz herriz osatutako udalerria da Baztan. Herri bakoitzak baditu bere zinpeko alkatea eta kargudunak. Udalean 13 hautetsi daude. Horretaz gain, Baztango Batzar Nagusia ere badago, batez ere lur komunalen gaiak lantzen dituena. Hor 32 lagunek dute bozkarako aukera: 13 udal hautetsiek, herri bakoitzeko zinpeko alkateak eta kuarteletako ordezkariek. Izan ere, Baztan lau kuarteletan banatuta dago: Baztangoiza, Elizondo, Erberea eta Basaburua. Bozkarako aukerarik ez duten mendi komisionatuak ere batzar horretan daude.

Bortz talde aurkeztu dira udal hauteskundeetara: azken hamabi urteetan gobernuan izan den eta gaur egun sei zinegotzi dituen EH Bildu, historikoki ezker abertzalearekin izan duen lehian nabarmen indarra galtzen joan den UPN (1991tik ez du gobernatu eta hiru ordezkari ditu orain), Geroa Bai (bi hautetsi ditu), Zurekin Baztan (orain bi ordezkari dituen Baztango Ezkerra eta Podemos) eta Baztango Independenteak. Azken hau da berria aitzineko hitzorduarekin alderatuta.

«Lasai gaude; urteetan erakutsi dugu gai garela ongi gobernatzeko. Ez da udaletxean bakarrik sentitzen, herritarrekin harremana estua da. Orain arteko bidean jarraitzea dugu helburu, nahiz eta talde guztia berria izanda zalantzak sor daitezkeen. Guk bertze aldetik begiratzen dugu: alderdi bakarra gara freskotasuna sartzeko gaitasuna duena», adierazi du Fernando Anbustegi koalizio abertzaleko alkategaiak.

Adinekoen egoitza berrituko da

Heldu beharreko gaien artean, zaintza ageri da nabarmen, bereziki adinekoena. Kontuan izan behar da bailarako lau bizilagunetik bat 65 urtetik goitikoa dela. Aspaldikoa da adinekoen egoitza berritzeko premia. Proiektua idatzia dago, 10 milioi eurotik gorako aurrekontua du, eta EH Bilduk Estatu mailan PSOErekin egindako akordioari esker 4 milioi euroko partida bat erdietsi da lehendabiziko faseari ekiteko. Udalak mailegu bat hartuko du eta 6 milioi euroko diru-sail bat osatuko da lehen fase horretarako.

Egoitzaren kudeaketa eredua ere aldatuko da, arreta pertsonalizatuagoa eta giro etxekoiagoa sortzeko xedearekin. Azken urteetan enpresa pribatu batek kudeatu du eta berriz publiko egitea da EH Bilduren asmoa. Bertzalde, etxeetan dauden adinekoak zaintzeko zerbitzu berriak eta osatuagoak ere eman nahi dituzte, gehienek etxean bizi nahi dutelako.

Etxebizitzarena aspaldi identifikatutako arazoa da Baztanen ere. 4.400 bizileku daude bailaran eta horietatik 800 baino gehiago hutsik daude edo bigarren etxebizitza dira. Udalak Baztan Hobetzen plana jarri du martxan hutsik dauden etxeak erabiltzeko. Alokairu soziala bulkatzeko bidean, hamar bizitegi prestatuko dituzte Iruritan eta Elizondoko Herriko Etxean egiteko proiektu bat lantzen ari dira.

Arras Baztan

Lan munduan ere badu berezitasunik bailara honek. Izan ere, langileen %48 inguru autonomoak dira. Enpresa ttikien ekonomia sare hori mantendu eta areagotu nahian, duela urte batzuk Arras Baztan proiektua sortu zen. Iparraldera begiratuz, 10 urte bete ditu Euskoak eta Baztanen tokiko moneta garatzeko azterketa bat eginen da.

Nekazari ttiki aunitz daude, nekazaritza estentsiboa egiten dutenak. Kanpotik datozenean eta erraten dutenean ‘ze polita, ze berdea!’ horiei esker da hein handi batean. Hori desagertuko balitz, Baztan desagertuko litzatekeela ohartarazten ari dira herritarrak behin eta berriz. Dela Aroztegia dela Erdiz, kontra agertu dira, kanpotik erabaki nahi izan dutelako bertakoen hitza aditu gabe.

Erdiz eta Aroztegia

Joan den apirilaren 22an, Erdiz Bizirik plataformak deituta, Iruñera joan ziren landa eremua defendatzera. Baztango bazkalekurik handiena eta kalitatezkoena da Erdiz, dozenaka abeltzainek beren aziendak bazkatzen dituzte. Hori kenduz gero hainbat familia zokoratuko lituzkete.

Urte aunitz dira Erdizen meategia egiteko asmoarekin hurbildu zela Magna enpresa. Herritarrek ez zuten nahi eta 2008an asmoa alde batera utzi zuen enpresak. Orain, Nafarroako Gobernuaren babesarekin eta baztandarrei entzungor, berriz aurkeztu du proiektua.

Aroztegia geldirik dago momentuz. Urbanizazio lanekin hasi ziren, baina epaitegiak erran zuen horretarako baimenik ez zuela enpresa sustatzaileak. Lekarozen eta Baztanen egin ziren galdeketak eta herritarrak kontra agertu ziren, «proiektu espekulatzaile handi bat» dela ikusten dutelako. Lekarozen, 300 biztanle pasa dituen herri batean, 240 etxebizitza egitea du helburu. Hirukoiztu egingo litzateke Lekaroz, edo, bertze modu batera erranda, hamabortz herri izatetik hamasei herri izatera pasatuko litzateke Baztan. Herri hori, gainera, fantasma izanen litzateke.

Anbustegik nabarmendu duenez, EH Bildu da herri lurrak ezbairik gabe defendatu dituen alderdi bakarra.