Arnaitz Gorriti

Dario «zaldia» eta Elordi ezustean iritsitakoa, Buruz Buruko finalera heltzeko prest Gasteizen

Faboritoen zerrendetan azaldu ez arren, bietako baten Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du gutxienez. Ikusi egin behar nor gailentzen den igandean Ogetan. Orain arte elkarren aurka jokaturiko aldietan errioxarra nagusitu da, baina ikusteko dago erreferentzia hori balekoa den ala ez.

Elordi eta Dario Gomez, igandeko partidarako pilotak hautatu ostean.
Elordi eta Dario Gomez, igandeko partidarako pilotak hautatu ostean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Aitor Elordi eta Dario Gomez ez dira pilotara iritsi berriak, baina bai agian elitera, Mallabiko aurrelaria batez ere. Normala da, nolabait esatearren, adituen artean Jokin Altuna edo, bere baldarrean, Joseba Ezkurdia izatea faboritoen zerrendako buruan dauden bi izenak, baina noski, Altunak eta Ezkurdiak zapatuan jokatuko dute elkarren aurka Iruñeko Labriten eta, ondorioz, Elordi eta Darioren arteko norgehiagokatik ere finalista bat aterako da. Igandean izango da hori, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, eta material aukeraketa izan eta gero, biak ala biak prest eta gogotsu daudela argi geratu da.

«Sinestezina litzateke txapelketan sartu nintzen moduan sartu eta gero, finala jokatu ahal izatea», onartu du Aitor Elordik. «Kantxan dena uztera aterako naiz eta espero dezagun sentsazioak orain arte bezalakoak izango direla», gaineratu du aurrelari bizkaitarrak.

Ogeta pilotalekua ez da sarriegi bisitatzen den frontoia, baina gustora azaldu da Elordi. «erdibidean geratzen zaigu nolabait. Errioxatik jende dexente ekarriko du Dariok eta nire ingurutik ere joango dira. Pilotaleku berezia da gero, baina jendez betetzen denean oso ederra ikusten da eta pilotariari ilusio berezia egiten dio hona etortzeak», gaineratu du Mallabikoak.

Dario Gomezen indarrari errespetu handia erakutsi dio pilotari bizkaitarrak. Orain arte elkarren aurka bigarren mailan buruz buru jokaturiko bi aldietan errioxarra nagusi izan baita. «Dario zaldi bat da, ezagutzen dugu ondo asko; goitik beherako atleta bat da eta buruz buru aurrean izateko dohainez gainezka dago; hona iristeko zeini irabazi dion ikusi besterik ez dago. Orain arte jokatu izan dudanetan, bere kolpe horri esker frontoitik ateratzen ninduen eta horri esker gailentzen zen. Baina orain eman dudan salto honi esker, ikusi egin beharko da ea dinamikak bere horretan jarraitzen duen ala joko aldetik aldatzea lortzen dudan eta bera ere ezeroso sentitzen lortzen dudan. Nolanahi, kostako zait berari irabaztea, edo hobeto esanda, nahiz eta badakigun zer egin berari irabazteko, gauzak oso ondo egin beharko ditut horretarako. Horretan saiatuko naiz behintzat», aipatu du.

Erasora nahiago

Dario Gomezek Ogeta pilotalekua nabarmendu du, «erasorako aproposa» dela azpimarratuz. «Aukeraketa baino lehen entrenatzen jardun dut eta oso sentsazio onak eman dizkit, nahiz eta badakidan partida egunean gauzak ondo egitera den betebehar zailena. Pilotaleku honek frontisa apur bat baxuagoa dauka gainerako frontoiek baino. Botez errestoa egiteko orduan kontuan hartu beharko dugu hori, adibidez. Sakearekin ere min handia eman liteke, batez ere ezker horman sartzea lortuz gero eta nire jokoari begira, bi paretaz ere min eman liteke, pilota asko zabaltzen delako. Defentsan aritzeko da zaila», azaldu du Dariok.

Orain arte egindakoarekin gustora azaldu da Ezkaraiko aurrelaria, baina ez konforme. «Ondo dago orain artekoa, baina hori pasa da eta hemendik aurrerantz, egun bakoitza ezberdina da. Elordik ere hemen min eman dezake, gantxoaz asmatuz gero pilota berehala zabaltzen delako. Buruz buru gauzak ongi ateratzen bazaizkizu, dauden aldeak asko nabarmentzen dira, ez dagoelako bikotekiderik partida parekatuko duenik», argitu du.

Azken honen harira, Elordirekin kontuz ibili beharko dela nahiko argi dauka. «Konfiantzaz gainezka dagoela bistan da eta ez da oraingo kontua, Lau eta Erdikotik hona olatuaren aparretan baitabil. Halakoetan pilotariari dena erraz eta ia nahi gabe ateratzen zaio. Azken neurketan Unai –Laso– menpean hartu zuen eta argi geratu zen zer egiteko kapaz den», ohartarazi du. «Promozioko txapeldun izatea zer den badakit, eta kristorena litzateke gorengo mailan ere beste hainbeste lortzea, baina pixkanaka joan behar da hemen», esanaz amaitu du Dario Gomezek.