Ohar baten bidez, ‘Bi arnas’ dokumentalaren lantaldeak jakinarazi du heldu den ekainaren bian Polonian ospatuko den Krakow Film Festival-ean parte hartuko duela filmak. Maiatzaren 28tik ekainaren 4ra arte iraganen den festibalaren baitan, ‘Focus on Spain’ izeneko atalean parte hartuko du euskal ekoizpen honek, Estatu espainiarreko beste bost filmekin batera.
Igande honetan, hilak 22, Iratxe Sorzabalen eta haren ama Mari Nieves Diazen historia kontatzen duen dokumentala Irunen estreinatu zenetik urte bat beteko da eta, ordutik, ibilbide oparoa izan du filmak.
Donostiako Zinemalditik igaro ondoren, Euskal Herriko 70 herri ingurutan ikusi ahal izan da lana. NAIZek bere harpideei eskaini zien, arrakasta nabarmenarekin. Horrez gain, TV3 Kataluniako kate publikoan ere eman zuten, prime time ordutegian, ia 200.000 ikusle bereganatuz (%10,1eko ikusle kuota).
Era berean, dokumentalaren lantaldeak iragarri du EITBk ere eskubideak erosi berri dituela eta, hortaz, «pentsatzekoa da datozen hilabeteetan emitituko duela».
Beste hitzordu bat ere daukate agendan, «torturaren errekonozimendu instituzionalean urrats bat gehiago emate aldera». Izan ere, Gogora Institutuak Bilboko bere egoitzan eskainiko baititu ‘Bi Arnas’ eta ‘Karpeta urdinak’ dokumentalak, ekainaren 26an torturaren biktimen aldeko nazioarteko egunaren harira. Jon Mikel Fernandez Elorzek zuzendutako lana, zehazki, ekainaren 22an proiektatuko dute, 18.30ean, eta ondoren solasaldia egingo dute.