Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Elkarrizketa
Eva Perez-Pons
Idazlea

«Agentzia ukatzen zaigu, gure existentzia araura egokitzen ez delako»

Lemoara sortu zen 1996an, ingeniaria da, Ikerketa Feministen eta Generokoen masterduna eta idazlea. ‘Zaharkitze programatua’ poema liburua eman zuen 2020an Ereinekin eta saiakerara egin du orain, Susaren Lisipe bildumaren ale berria idatzita: ‘Erresistentziarako gorputzak: bollerak’.

Eva Perez-Pons, argitaratu berri duen liburuarekin.
Eva Perez-Pons, argitaratu berri duen liburuarekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Paul B. Preciadok esango lukeen bezala, «munstro» bat agertu da Lemoako kafetegira, elikatzen dena queer teoriaz, transfeminismoz, lesbianismoz, antimilitarismoz. Eman berri duen liburuan zisheteroarauaren oinarriak astindu ditu eta, sagar ustelak nola, erori dira sistemaren hainbat gezur. Lisipe bildumaren azkena da berea, ‘Erresistentziarako gorputzak: bollerak’.

Terf (Feminista Erradikal Trans-Baztertzaileak, ingelesezko sigletan) mugimenduak oldarraldi transfoboa ekarri du. Transek emakume kategoria ezabatu dezaketela diote, zergatik halako erresistentzia feminismoaren subjektu politikoa zabaltzeari?

2020tik Euskal Herriko mugimendu feministak esfortzu bat egin du feminismoaren subjektua zabaltzeko. Baina zer gertatu da? 2019-2020an Terf-ak agertu ziren Estatu espainolean eta, hurbiltasun geografikoaren ondorioz, diskurtso transbaztertzaile horiek euskal testuingurura iritsi ziren. Emakume identitatearen desagerpena da beraien beldurretako bat, eta hori dator, batez ere, Espainiako Trans Legearen testuingurutik. Legeak baditu hiru oinarri; genero autodeterminazioa, derrigorrezko hormonazioa baztertzea eta psikiatrizazioa baztertzea. Hiru oinarri horiek guk, EAEn 2012tik eta Nafarroan 2017tik, bagenituen, trans eta LGTBI lege propioak ditugulako. Beldurra dator, diotenez, genero autodeterminazioak ekar dezakeelako emakumeen ezabapena, baina EAEn 2012tik gertatu zitekeen hori eta ez da gertatu, beraz, gurean beldur hori sustatzea zentzugabea da.

Bestalde, feminismoaren bigarren olatua baino lehen sinesten zen sexua eta generoa biologikoak direla. Bigarren olatuaz geroztik ideia hori deuseztatu zen, esanez generoa ez dela naturala, eraikuntza kulturala baizik, baina sexuarekin bazeuden oraindik erresistentzia batzuk, biologikotzat hartzen zen. Orain beste puntu batean gaude, hein handi batean feminismo materialistaren ekarpenari esker: sexua eta generoa eraikuntza materialak dira, hau da, gizarteak sortzen ditu eta ez dira naturalak. Orduan, uste dut beldurretako bat dela teoria horiek zabaltzea eta horrek feminismoaren subjektua erabat eraldatzea. Bestetik, botere galera baten beldurra ere antzematen dut. Zeren, subjektua zabaltzen badugu eta beste gorputz batzuk sartu, bakoitzaren espezifikotasunarekin baina patriarkatuak eragiten dituen indarkeria guztiekin lotuta daudenak, beste aldarrikapen batzuk sartu beharko dira, eta agian zentralitatea izango duena ez da izango emakume zis zuriarena.

Historia errepikatzen da, ezta? Betty Friedanen adibidea aipatzen duzu liburuan.

AEBetan, 70eko hamarkadan, lesbianak mugimendu feministaren parte ziren, baina jarraitzen zuten agenda guztiz heterosexuala zen. Konturatu zirenean agenda horrek ez zituela aintzat hartzen beraien zapalkuntzak, hasi ziren aldarrikatzen feminismoan espazio bat nahi zutela, eta jaso zuten erantzuna ezezko biribila izan zen. Lesbianak beraien kabuz antolatzen hasi ziren eta, bat-batean, feminismoarentzat mehatxu bilakatu ziren; Betty Friedanek esan zuen moduan, “mehatxu morea”. Orain trans pertsonekin antzeko zerbait gertatzen ari da.

Zisheteroarautik kanpoko gorputzen agentzia politikoa ukatzen du sistemak?

Bai, noski. Orain, ekainaren 28a gertu dagoela, udaletxe desberdinetan “pride”-aren matrakarekin ari dira. Bilbon, adibidez, jarri dituzte halako koloretako zirkulu batzuk. Baina Bilboko Udal Araudian ez dute aldatzen transmaribibolloen aurkako legedia, frankismotik datorrena. Gaur egun LGTBI pertsonek agian ikusgarritasun gehiago daukate, baina instituzioek bilatzen duten esanahiarekin. Esanahi horietatik kanpo geratzen diren gorputzak, transmaribibolloak, are ezkutuago geratzen dira, baztertuago. Agentzia ukatzen zaigu ez dugulako esanahi sozialik, eta jendeak badakien arren gu existitzen garela, existentzia hori ez da positiboki irakurtzen, ez delako araura egokitzen.

«Feminismoaren subjektua zabaltzen badugu eta beste gorputz batzuk sartu, patriarkatuak eragiten dituen indarkeria guztiekin lotuta daudenak, agian zentralitatea izango duena ez da izango emakume zis zuriarena»

Kokatu gaitezen: bollera ez da lesbiana, ez da –edo ez da soilik– emakume batekin harreman sexu-afektiboak dituen emakumea. Zer da bollera?

Bollerak edo marikak desira sexual batetik harago doazen identitateak dira, identitate politikoak dira. Eta identitate hori markatzen duena egunerokotasuneko praktika da, harremantzeko modua, munduan egoteko modua. “Emakume homosexual” kontzeptua bi aluen arteko sexu praktikara mugatzen da, baina ez du ezbaian jartzen sistema heterosexualaren birprodukzioa. Aldiz, bollera subjektuaren borrokaren ardatza sistema heterosexualaren kontrako borroka izango da, bizi-praktikan aplikatuta.

Badira, ezkerraren baitan, bollera, trans eta abarren aldarrikapenak identitariotzat dituen jendea. Diotenez, langile klasea zatikatzen dute, klase borroka distraitzen.

Langile klasea pentsatzen dugunean irudikatzen badugu bakarrik lantegi batean lan egiten duen gizon zis zuria, mono urdinarekin jantzita doana, heteroa dena... langile klasearen zati handi bat ari gara baztertzen. Bazterrean uzten ari gara sexu langileak, transak, bollerak, marikak... Subjektu unibertsal bat sortzen badugu eta borroka guztia subjektu horren beharrizanetara bideratzen badugu beste guztiak kontuan izan gabe, besteek zapalkuntza bikoitza edo hirukoitza jasango dute. Arrazakeria, transfobia, homofobia... estatuek edo kapitalismoak duten estrategiak dira langile klasea zatitzeko, langile klaseko pertsonen arteko gorrotoa sustatzeko. Horregatik, ez dut ulertzen nola den posible bere kontrako zapalkuntzaren kontra egiten duen langile bollera baten borroka zatiketa bezala ikustea eta ez kapitalismoaren kontrako mugimendu bat bezala.

1970eko hamarkadatik Euskal Herriko mugimendu lesbianistak izan duen bilakaera jaso duzu saiakeran. Nolakoa izan da mugimendu feministarekin izan duen harremana?

Baziren mugimendu feministan militatzen zuten lesbianak edo Egham-en militatzen zutenak. Batean zein bestean ikusten zuten bazegoela lesbianen gorputzen errepresentazio falta; mugimendu feministan agenda heterosexuala jarraitzen zela eta patriarkatuak eragiten dituen indarkeria horien aurrean defendatzera bideratzen zela borroka. Bigarren maila batean zeuden bollerak eta ikusi zuten beraien kontura antolatu behar zirela. Uste dut gaur eguneko bizipena antzekoa dela. Egia da mugimendu feministan lesbiana pila bat daudela, baina gure egunerokotasunean zein neurritan egiten diogu kritika heterosexualitateari? Duela gutxi izan da apirilaren 26a [Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna] eta diskurtso indartsuak entzun ditut, baina egun horretan geratzen da heterosexualitateari kritika egitea edo bollerismoa hautu politiko gisa aldarrikatzea.

(Monika DEL VALLE/FOKU)
(Monika DEL VALLE/FOKU)

Zisheteroarauak bollerak margenetara kanporatzen ditu... eta bollera asko hor sentitzen dira eroso. Zer dela eta?

Gizon edo emakume izatera iristeko indarkeria pila bat jasan behar du gorputz batek, batez ere haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan. Gizonak sufritzen dute indarkeria hori gizon izatera iritsi behar dutelako, baina emakumeak, emakume izatera iritsita ere, matxismoaren indarkeria jasan behar dute. Egokitu zaizun horretan eroso bazaude, ez duzu ezbaian jartzen emakume edo gizon izatera iristeko jaso duzun indarkeria. Baina gainera ez bazaude gustura, ez baduzu nahi familia nuklear bat eraiki, aisialdi ereduak aspertzen bazaitu... agian ez du merezi bide hori egiteak, agian erosoago zaude bazterrean, nahiz eta horrek indarkeria asko jasatea ekarriko duen.

Antimilitarismotik dakarkizu ekintza zuzen ez-biolentoa, beldurra egoki kudeatzeko estrategia gisa.

Badaude gorputz batzuk historikoki indarkeria erabiltzeko baimena izan dutenak: gizonak. Gainerakook biolentzia hori jasateko hezi gaituzte. Ekintza zuzen ez-biolentoak, agian izenak nahasmena sor badezake ere, ez du biolentzia baztertzen, eta bada modu bat indarkeriaren testuinguruan historikoki pasibo izan diren gorputz horiek ekintzara prestatzeko; zeren, prestatzen ez bagara, galdu egingo dugu, ez digutelako erakutsi indarkeria erabiltzen.

«‘Emakume homosexual’ kontzeptua bi aluen arteko sexu praktikara mugatzen da, baina ez du ezbaian jartzen sistema heterosexualaren birprodukzioa. Aldiz, bollera subjektuaren borrokaren ardatza sistema heterosexualaren kontrako borroka izango da»

Liburuan egiten duzun galdera batekin bukatu dezakegu: «Zergatik ezin du izan heterosexualitatetik ihes egiteak feminismoaren estrategiarik oinarrizkoena?»

Patriarkatuaren nukleoa gizonen eta emakumeen arteko fikziozko desberdintasuna bada, zergatik ez gara oinarritik abiatzen eta hori deuseztatu beste errealitate batzuk saiatuz? Ulertzen dut agenda feminista defentsarako estrategiarekin beteta egotea, baina agian erreaktibitate horretatik pixka bat ihes egitea positiboa izan daiteke.