NAIZ

Zonifikazioa gainditzeko Euskara Lege berri bat egitea proposatu du EH Bilduk

EH Bilduk «Euskararen Lege berri bat» proposatu du Nafarroan, zonifikazioarekin amaitzeko. Bi ardatz izango lituzke Aznalen arabera: euskal kultura sustatu eta nomalizatzea, eta jatorri ezberdinen kultura zein hizkuntza aniztasuna baloratzea.

Laura Aznal, Nafarroako EH Bilduko presidentegaia, gaurko agerraldian.
Laura Aznal, Nafarroako EH Bilduko presidentegaia, gaurko agerraldian. (NAIZ)

Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako lehendakarigaiak «zonifikazio linguistikoa gainditzea» proposatu du asteazken honetan Iruñean eta horretarako «nafar guztiei hizkuntza eskubide guztiak bermatuko dizkien Euskararen Lege berri bat» egiteko asmoa adierazi du. Nafarroan kulturaniztun politikak sustatzeko «paradigama berri bat» irekitzea garrantzizkotzat jo du.

Kanpainan zehar egunero egiten duen prentsaren aurreko agerraldian azaldu du proposamena Aznalek: «Euskara hizkuntza gutxitu gisa sustatzetik abiatuta eta hizkuntza politika normalizatzaile batean oinarrituta, Nafarroan kultura arteko politikak sustatzeko paradigma berri bat proposatzen dugu, Nafarroan bizi diren herritar guztientzat eredu demokratiko, inklusibo, parte-hartzaile eta zeharkakoa izango duena».

«Gure erronka kultura aniztasuna demokratikoki kudeatzea da, eta aniztasun hori gizarte kohesiorako tresna izatea. Horretarako, bi ardatz nagusi jorratu behar ditugu: batetik, bertakoa, euskara eta euskal kultura sustatzea eta normalizatzea, hizkuntza eskubideak defendatuz. Eta, bigarrenik, gure kultura aniztasunaren jatorri desberdinen hizkuntza aniztasuna baloratu, ezagutu eta errespetatzea», azaldu du.

Hiru neurri nagusi

Horretarako, neurri zehatzak aipatu ditu Aznalek. Batetik, zonifikazioa gaindituko duen lege berria egitea, nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko; bigarrenik, helduen euskarazko hastapenean eta alfabetatzean doakotasuna proposatu du hurrengo legegintzaldirako. Eta hirugarrenik, kanpotik etorritakoei gure hizkuntza eskuragarriago egitea: «Euskara eta euskal kultura familia migratzaileei eta hainbat jatorritakoei hurbiltzeko eta ezagutarazteko plangintza integrala garatuko genuke, eskubide eta aukera berdintasuna bermatzeko».

Euskal Herria Bilduk Nafarroa «abegikorra, arrazakeriaren aurkakoa eta solidarioa» nahi du, «politika inklusiboen bidez pertsona guztiei herritartasun osoa bermatuko diena, jatorria edozein dela ere, haien egoera administratiboa edozein dela ere».