
Berrikuntza, jasangarritasuna eta eraldaketa digitala dira Mondragon Korporazioaren hurrengo urteetarako ibilbide orria markatzen duten ardatzak. Amaia Ferrok, Enpresen Garapeneko arduradunak, hiru arlo horietan erronkei ekitearen garrantzia nabarmendu du negozio eredu berriak sortzeko eta bezeroekiko balioa handitzeko.
Berrikuntza da, hain zuzen ere, gaur egun 95 kooperatiba, 138 filial eta ia 80.000 pertsonentzat enplegua sortzen duen taldearen hazkunde palanka. «Berrikuntza da urte hauetan guztietan landu dugun esparrua. Hor dugu erpin hirukoitza deitzen duguna, zentro teknologikoekin eta kooperatiben I+G zentroekin; unibertsitatea –kooperatiben berrikuntzaren hazkundean laguntzen diguna–; eta hirugarrenik, bezeroarenganako berrikuntza inplementatzen duten enpresak».
Apustu horren ondorioz, kooperatiba taldeak 165 milioi euroko inbertsioa egin du B+G arloan, eta berrikuntzan «full time» aritzen diren pertsonen kopurua 2.200 ingurukoa da, lau zentro teknologiko –Ideko, Ikerlan, Lortek eta Leartiker–, zortzi B+G unitate eta 31 proiektu europarretan. Ahalegin horren ondorioz, une honetan 370 patente-familia ditu indarrean Mondragon Taldeak eta 17 negozio berritan inbertsioak egin ditu promozio zentroaren bitartez..
Jasangarritasuna
Mondragon Taldearen bigarren zutabea jasangarritasuna da, erronka berriak aukera berri bihurtzeko bidean. Ildo horretan, Amaia Ferrok mugikortasun iraunkorreko edo ekonomia zirkularreko proiektuei erreparatzen die, taldeko lantegien deskarbonizazioa erraztuko baitute, eta hori izango da datozen urteetan landuko duen erronka handienetako bat.
Eta hirugarren ardatza eraldaketa digitalari dagokio, duela urte askotatik lanean ari baitira eremu horretan, produktuen digitalizazioaren bidez. Orain prozesuak digitalizatzeko joera da nagusi, fabrikazio aurreratuarekin, fabrikazio gehigarriarekin, fabrikazio prozesuetako hobekuntzekin, datu-ekarpen handiagoarekin eta lankidetza robotikarekin.
Mondragon Unibertsitateak 25 urte
Mondagon taldearen barruan, Mondragon Unibertsitateak 25 urte bete ditu aurten, berrikuntzan erreferente bihurtuta. Unibertsitatea 1997an jaio zen, 1943tik aurrera Jose Maria Arizmendiarrietak sortutako hiru fakultateren elkarlanarekin.
Mende laurden geroago, nazioarteko erreferente da hezkuntza berrikuntzan, prestakuntza dualean liderra, eta enpresen eta erakundeen lehiakortasuna hobetzeko prestakuntza, ikerketa eta transferentzia uztartzen ditu.
Gaur egun Mondragon Unibertsitateak 6.800 ikasle inguru ditu ikasketa ofizialetan matrikulatuta –graduak, masterrak eta doktorego-programak–, eta horietatik 2.000 berriak dira. Jatorrizko hiru fakultateetatik lau Arrasaten, Oñatin, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Goierrin, Bidasoan, Hernanin, Donostian eta Bilbon daude.

El proyecto deportivo de Uriarte se tambalea

EH Bildu logra los mejores resultados de su historia y es la más votada en las municipales

Por qué Podemos le puede aguar la noche del 28M al PP

Un hombre de Donostia está en coma inducido tras ser atacado por unos ultras en Soria
