NAIZ

Etekinen 29 milioi euro erreserbetara bideratuko ditu Eroskik

Eroskik Ohiko Batzar Nagusia egin zuen ostegunean Bilbon. Bertan onartu ziren 2022ko kontuak eta erabaki bat hartu zen: etekinen 29 milioi euro erreserbetara bideratzea.

Ostegun honetan izan zen Bilbon Eroskiren Batzar Nagusia.
Ostegun honetan izan zen Bilbon Eroskiren Batzar Nagusia. (EROSKI)

Eroskiren Ohiko Batzar Nagusia izan zen ostegun honetan Bilbon. Bildutakoek 2022ko kontuak onartu zituzten, eta adostu zuten kooperatibaren etekinetako 32,1 milioi euro honela banatzea: 2,8 milioi euro MFEen interesak ordaintzeko (Mendeko Finantza Ekarpenak), kooperatibaren beraren funtsak direnak, eta gainerako 29,3 milioi euroko soberakin garbiak erreserbetarako.

Eroskiko CEOak, Rosa Carabelek, positiboki baloratu zituen joan den urteko emaitza ekonomikoak. Gogorarazi zuen «salmentak ongi joan direla, ebitda hazi egin dela eta emaitza arrunta oso positiboa dela, egoera ekonomikoa hoberakoa da eta ekonomiak sendotzen dihardu».

Era berean, Carabelek ekitaldiko jarduera errepasatu zuen: «Markatuta egon da inflazio handiaren ziurgabetasunagatik, kostuen hazkuntzagatik eta prezioen tentsioagatik». «Ahalegin handia eta inbertsio gogorra egin dugu marjinan, prezioei eusteko eta kostuen igoera guztia kontsumitzaileei ez bizkarreratzeko», gaineratu zuen.

«Eroskiren betebeharra zen kontsumoko kooperatiba garen aldetik, eta erantzun beharra genien zerbitzu emaile gisa kontsumitzaileekin dugun misioari eta konpromisoari, baita gure lehiakortasunari eusteko ere», adierazi zuen, eta Eroskiren proiektu kooperatiboaren balioa azpimarratu zuen, «guztion ekarpenekin eraikia».

Haren esanetan, «9.500 langile bazkide eta 1,3 milioi kontsumo bazkide baino gehiago dituen kolektiboa da zalantzarik gabe gure proiektuaren oinarriak indartzen dituena».

Era berean, batzarrean 2022ko aurrerapenak errepasatu ziten osasunaren, iraunkortasunaren eta gizarte konpromisoaren arloetan. Hala, Eroski Azoka zabaldu dela gogorarazi zuen, hurbileko produktuen marketplace-a, tokiko ekoizle txikiei beren produktuak zuzenean merkaturatzeko posibilitatea ematen diena.

Halaber, elikadura etikoago eta iraunkorrago baten aldeko apustua nabarmendu zuen, bai eta elikadura arloko gardentasunaren aldekotasuna, nola eta bi etiketatze sistema berri sartuta erosketa arduratsuagoa egiten laguntzeko. Horietako bat Planet Score da, produktuak ingurumenean duen inpaktu globala ebaluatzen duena. Bestea etiketa propio bat da, fokua animalia ongizatean jarri eta oilasko haragiaren hazkuntza ezaugarria erakusten dituena.

Horretaz gain, Eroskik 2022an egindako ekarpen soziala xehatu zuten; 23 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino 6 milioi euro gehiago, kontsumitzaile bazkideei esker; horiei Eroskiren ekarpena gaineratzen zaie, eta elkartasun proiektuetara eta gizarte ekintzara bideratzen dira.

Kooperatibaren eredua

Eroskiren Kontseilu Errektoreko presidenteak, Leire Mugerzak, eskerrak eman zizkien Eroski osatzen duten  pertsona guztiei, «beste urte gogor batez egindako ahaleginagatik, emandako denboragatik eta harturiko konpromisoagatik».

Kontsumitzaile kooperatiba gisa Eroskiren eredua aldarrikatu zuen, «banaketa enpresa gisa sortzen den aberastasunaren banaketa orekatsua bilatzen duen eredua, besteetatik bereizten dena erabakitzeko eta erabakia aplikatzeko dugun moduagatik, guztion artean egiten baitugu».

Nabarmendu zuen kontsumitzailea jardueraren erdigunean dagoela eta, horregatik, «hain garai zailean, Eroskik ahalegin handia egin du salmenta publikoaren prezioan izan diren gainkostuen parte bat bere gain hartuta». «Zertarako eta bere 9.500 langile bazkide eta kontsumitzaile bazkideena dena gizartera itzultzeko», esan zuen Mugerzak.