Nerea Lauzirika

EAJren lau urteko higadura lanaren ostean, Azpeitia fokupean

Ia 30 urtez agintean egon ondoren 2007an Azpeitiko alkatetza galdu zuen EAJk. Bai Corrugadosen aferan, bai Statkraften proposamen eolikoarekin, jeltzaleek Nagore Alkortaren alkatetza baldintzatu eta higatzen saiatu dira azken legealdian. 2019an, ordea, aldea nabarmena izan zen bi alderdien artean.

Nagore Alkorta alkatea Soreazu aretoan egindako bigarren asanblada irekian.
Nagore Alkorta alkatea Soreazu aretoan egindako bigarren asanblada irekian. (Jon URBE | FOKU)

Azpeitiak ia hiru hamarkadaz izan zituen EAJko alkateak, 2007an Eusko Abertzale Ekintza alderdiko Iñaki Errazkinek aginte makila eskuratu zuen arte. Legealdia bukatu orduko EAJk eta EAko zinegotzietako batek mozio zentsura sartu zuten Errazkinen aurka eta aurretik alkate izandako EAJko Julian Eizmendi itzuli zen agintera. 2011tik, ordea, ezkerreko abertzaleen esku egon da Azpeitiko udala: Eneko Etxebarria buru izan du bi legealditan eta Nagore Alkorta ondoren, herriko alkate izatera iritsi den lehen emakumea delarik.

Aurten ere Alkorta aurkeztu du EH Bilduk hauteskundeetara. Eudeleko lehendakariordea da gaur egun eta udal idazkari zein administrazio orokorreko teknikari eta giza baliabideen arduradun bezala egin izan du lan. Duela lau urteko herri programan jasotako egitasmoen %93 abian jarri dituztela nabarmendu zuen Alkortak zerrendaren aurkezpenean eta «Azpeitia eraikitzen segitzeko udaletik lan egiteko ilusioa duen taldea» direla azaldu zuen. Alkortaz gain beste lau hautagai errepikatu ditu EH Bilduk, «esperientzia eta freskotasuna» bateratuz.

EAJk, aldiz, ez du alkategai bera izango. Jabier Altuna Larrañaga aurkeztu dute aurten, 2004 eta 2011 bitartean zinegotzi izan zen Azpeitian eta azken bi legealdietan Gipuzkoako Diputazioan batzarkide ibili da. Irakaslea da lanbidez. «Konfiantza» eskatzen die Altunak azpeitiarrei, ordainetan bere eta bere taldearen «lana» eskainiz.

PSOEk Manuela Nerea Alustiza eibartarra aurkeztu du hautagai bezala. 2015eko hauteskundeetan Elgoibarko alkategai aurkeztu zuen alderdi berak eta badauka eskarmentua, beraz, zinegotzi lanetan. Alustiza Lakuako Gobernuko Herri Administrazioetako Hizkuntza Normalizaziorako arduradun izandakoa da 2012 eta 2013 urteen artean. PSOEk ordea emaitza kaskarrak izan ohi ditu Azpeitiako udal hauteskundeetan: 2003tik ez dauka ordezkaririk udalbatzan, azken hauteskundeetan bozka kopurua igo bazuen ere.

2019ko hauteskundeetan zerrendarik aurkeztu ez zuten arren, Elkarrekin Podemosek eta PPk hautagaitza prestatu dute aurten. Jose Carlos Garcia Rodrigo eta Alvaro Farras proposatu dituzte, hurrenez hurren.

Corrugados eta Statkraft

Pandemia ere tarteko, bi gai polemiko izan dira bukatzear den legealdian: Corrugados auzia eta Statkraft enpresaren proiektua. Biei ala biei era berean erantzun zien udal gobernuak, herritarren galdera, zalantza eta abarrei zuzenean erantzunez, bi asanblada irekitan.

2021eko martxoan piztu zen Corrugados auziaren polemika, Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuaren eskutik. Izan ere, zortzi urte lehenago Grupo Gallardo Balboak altzairuzko barrak egiteaz arduratzen zen fabrika itxi zuen, 300 langile kaleratuz. 2020an, ordea, Cristian Lay Talde Industriala aurreko ugazaben eta, ondorioz, Azpeitiko fabrikaren jabe bilakatu zen eta taldeko arduradunek Corrugados Azpeitia berriz ere abian jartzearen bideragarritasuna aztertzen ari zirela adierazi zuten.

Azaldu zuten fabrika berriz irekitzekotan 200 lanpostu zuzen sortuko zituztela eta zeharkako beste 500, betiere jarduera lehengo toki berean garatuz gero. Udal gobernuak zalantzan jarri zuen proposamenak Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra edota Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Plan Partziala bete zitzakeenik, proiektua aurkeztutakoan hura aztertzeko prest agertu baziren ere.

Aldiz, Tapiak berak zein Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua den Jabier Larrañagak bota zuten posible zela Corrugados lehen zegoen toki berean berriz ere irekitzea, Cristian Lay Taldeak proposamen zehatzik aurkeztu ez bazuen ere. Horrela, erabakia Udal Gobernuaren esku zegoela zabaldu zuten eta Alkorta alkateak uko egin zion baieztapen horri, azalduz ez zela «bidezkoa» udalari eskatzea «legea ez betetzeko».

Hainbat hedabidek Tapiak eta Larrañagak botatakoak zabaldu zuten eta Alkorta alkateak herritarrei azalpenak emateko asanblada irekia deitu zuen. Proiektu sendorik ez zela eta egotekotan ez zela bideragarria azaldu zien alkateak herritarrei. Halaber, adierazi zuen Diputazioak eta Lakuak Corrugados berriz irekitzerik nahi izanez gero, Europako diru laguntzak erabiliz erraztu zezaketela.

Barealdi laburraren ondoren etorri zen bigarren ekaitza. Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezilen parke eoliko bat egiteko proposamena egin zuen eta udal gobernua horren alde agertu izanak hautsak harrotu zituen herritarren artean.

«Sistema energetikoa gutxi batzuen esku dagoen mundu honetan, lehenengoz, jabetza partekatuaz, energiaren sozializazioaz eta komunitate energetikoz ari zaizkigu hizketan», azaldu zuen beste asanblada ireki batean Alkortak, eta adierazi zuen horregatik ikusten zuela proiektua begi onez.

Aurkeztutakoa aurreproiektua baino ez zen arren, kezka sortu zuen. Izan ere, parke eolikoak kalteak sortuko lituzke mendietan eta eragin negatibo zuzena izango luke nekazaritzan eta abeltzaintzan. Hala ere, Alkortak argi utzi nahi izan zuen ingurumen arloko araudiak bete ezean ez zutela proiektua abian jarriko.