NAIZ

Amazonek Trapagaranen hitzarmena negoziatu ez eta langileak zigortzen dituela salatu du LABek

Trapagarango lantegian Amazon multinazionalak duen jarrera gaitzetsi du LAB sindikatuak. Hitzarmen propioa garatzeko negoziazioari uko egin eta hainbat langilek «zigor larriak» jaso dituztela salatu du.

LABen mobilizazio bat iaz, Amazonen Trapagaraneko lantegian.
LABen mobilizazio bat iaz, Amazonen Trapagaraneko lantegian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Amazonek Trapagarango zentro logistikoan azken hilabeteotan garatu duen estrategia salatu du LABek, «errepresioaren bidetik» jo duelako. Ohar batean azaldu duenez, lan hitzarmen propio baten negoziazioari uko egiteaz gain, azkenaldian hainbat langile zigortu ditu, enplegua eta soldata etenda, «nahiz eta egotzitako gertakarien frogarik ez egon edo enpresak ezarritako lan erritmo jasanezinaren ondorio izan».

Sindikatu abertzalearen arabera, bi langile zigortu dituzte zinta garraiatzailea gelditzeagatik, «zirkulatzen ari ziren pakete guztiak ezin kudeatu izanagatik, guztiz onartezina den lan karga dela-eta».

Bestalde, sindikatuko ordezkari bat zigortu dute «nagusi baten argazkia ‘karikaturizatzeagatik’, inolako frogarik gabe». LABen iritziz, «oso larria da Amazonek bide errepresibo horretatik jarraitzea eta sindikatuko ordezkari bat zigortzea frogak aurkezteari uko eginez (existitzen ez direlako)».

Jarrera horiek multinazionalak «hilabete hauetan erakutsi duen estrategia antisindikalari erantzuten dio», LABen ustez.

Izan ere, sindikatuaren arabera LABek Trapagarango zentroan hitzarmen propio bat negoziatzeko ekintza sindikala hasi zuenetik «erraldoiaren erantzuna beti izan da berdina: Bizkaiko garraio hitzarmena aplikatzen jarraituko da, nahiz eta ez dion erantzuten zentro logistiko baten errealitateari eta ez dituen langileen beharrak asetzen».

Horren aurrean, gogoratu du langileek «borrokara jotzea baino beste aukerarik» ez dutela izan, lanuzteak eta greba egunak burututa. «Bada, identifikatu eta jipoitu dituen Polizia bidaltzea izan da erantzuna, beste behin ere», salatu du.

«Itxikeria» horren aurrean, LABek negoziazioaren aldeko apustuari eutsiko diola nabarmendu eta hitzarmen propio baten alde borrokan jarraitzeko asmoa agertu du.