Elkarrizketa
Eneritz Iturriaga
Eneicat taldeko zuzendaria

«World Tour taldeentzat Euskal Herriko Itzulia pizgarria izaten hasi da»

Eneritz Iturriagarekin (Abadiño, 1980) mintzatu da NAIZ, Itzuliaren inguruko balorazioa egiteko. Taldearen filosofia beti da «erasoa jotzea», eta Itzulian hori egiten saiatu dira; batik bat ihesaldietan sartuta. Abadiñarrak esan du telebistak ikusgarritasuna eman diola andrazkoen txirrindularitzari.

Eneritz Iturriaga Eneicat taldeko zuzendaria, Durangon.
Eneritz Iturriaga Eneicat taldeko zuzendaria, Durangon. (Raul BOGAJO | FOKU)

Eneritz Iturriaga ez da geldirik egotekoa. Mugikorra sutan du, hamaika mezu ditu Whatsappean. Orain dela bost urte, 2019an, Eneicat taldea sortu zuen. Leon, Euskal Herria eta Kolonbia aldean mugitzen da. Eneicatek gorengo talde bat du, eta beste bi gazte mailan. Horrez gain, urte hasieran Abadiñon txirrindularitzako lehen eskola sortu zuen. [Elkarrizketa itzulia korritu eta ondorengo astean egina da].

Abadiñarraren ustetan, emakumezkoen txirrindularitza orain hasi da «profesionalizatzen», eta hori World Tour taldeentzako «positiboa» da, baina talde Kontinentalentzako «salto handia da» eta alde hori ezin da «derrepentean» desagertu. «Bost urte barru, ordea, bai», gaineratu du. Horren inguruan ere, nabarmendu du harrobiari «garrantzi handiagoa» eman beharko litzaiokeela, eta adierazi Euskal Herrian «apur bat gaizki antolatuta» dagoela.

Itzulia korritu duzue maiatzean. Nola joan da lasterketa?

Hiru egunetan eguraldi txarra egin du, eta ez dugu izan eroriko larririk; beraz, pozik. Kirol arloan, lehen 30 sailkatuen artean bi txirrindulari sartu ditugu eta oso-oso pozik gaude. Eta ez da bakarrik bi txirrindulari hor sartzea. Gure taldea oso gaztea da, batez besteko adina 23 urtekoa da. Horrek esan nahi du etorkizuna dugula. Bi Itzuli egin ditugu eta pasa den urtetik gauzak asko hobetu dira; jende gehiago dago, txirrindulari gehiago daude...

Etapa batean taldeko irratitik zuk esandako agindu hau eman zuten telebistan. «Bai ala bai, Eneicat taldeko txirrindulari bat sartu behar du ihesaldian». Eskola zaharreko zuzendaria zara.

Bai. Nesken txirrindularitzan World Tour taldeak daude, hamabost dira, eta beste guztiak Kontinentalak gara. Espainiako Vueltan bigarren talde Kontinental onena izan ginen [Laboral Kutxaren atzetik], eta lehen hamabost talde onenen artean sartu ginen. Euren aurrekontua 3-4 milioi ingurukoa da, eta gurea ez da iristen haien laurden batera ere. Diferentzia handia da, eta horregatik garrantzitsua da guretzat ihesaldi batean sartzea. Badakigu nortzuek irabazten duten, lehen hamabostak betikoak dira. Bost urte hauetan gure filosofia ez dugu galdu: beti erasoa jotzea. Agian ez ditugu emaitza onak izango, baina txirrindulari moduan sekulako formakuntza izango dute.

Zertan nabaritu duzu aldea iazko Itzulitik aurtengora?

Antolakuntzan eta ibilbideetan –bueno, ordutegiak pixka bat arraroak izan dira aurten– baina, batez ere, etorri diren taldeetan. Pasa den urtean hiru-lau World Tour egon ziren, eta aurten kasik denak etorri dira. Horrek esan nahi du World Tour taldeentzat Itzulia pizgarria izaten hasi dela.

Aurten ikuskizun aldetik erakargarria izan da. Hori positiboa da, ezta?

Oso positiboa da. Gizonezkoen Itzulian egon nintzen komentarista moduan, eta denak kexatzen ziren jaitsiera asko zeudelako. Baina, azkenean, ikuskizuna horrek ematen du. Aurtengo gizonezkoen Itzuliak egundoko ikuskizuna izan du, azkenengo momentura arte ez da jakin nork irabaziko zuen. Eta emakumezkoetan ere apur bat hori gertatu da. Lehenengo minututik ikuskizuna egon da. Gainera, Espainiako Vueltan Demi Volleringek eta Van Vleutenek lehia polita izan zuten, eta hori ere Itzulian ikusi da. Oso polita izan da, azkeneko egunean Voleringek bere taldekideari utzi zion joaten eta lasterketari buelta bat eman zioten. Hori garrantzitsua da jendeak pantailatik begiak ez altxatzeko.

Telebista sartzea ere garrantzitsua izan da, ikusgarritasuna izate aldera.

Bai, oso. Pasa den urtean esaten zuten: «Ene! Lehen Frantziako Tourra». Ez, barkatu, ez da lehen Frantziako Tourra. Gogoratu Joanek [Somarribak] irabazitakoak. Gertatzen dena da aurreneko aldia dela hainbeste telebista katetan eta herrialdetan ematen dutela. Beraz, telebista sartuz gero, edozein kiroletan, bai txirrindularitzan, bai futbolean, edo dena delakoan, hor hasten da apur bat kirolaren gorakada. Horregatik da oso garrantzitsua ia lasterketa guztiak telebistan ematea.

Espainiako Vueltan bezala, Itzulian ere ikusi da onenen eta gainerako txirrindularien artean aldea handia dela oraindik.

Bai, ikusi besterik ez dago nire taldeko bi bikiak [Lucia eta Laura Luiz Perez]. 19 urte dituzte. Lucia Vueltan hirugarren espainiar onena izan zen. Pasa den urtean gazte mailan zegoen eta aurten munstro horiekin korritzen ari da. Sekulako aldea dago. Imajinatu 18 urterekin korritzen dituzula 70 kilometro, eta gero, ehun eta piko. Orain hasi da txirrindularitza apur bat profesionalizatzen eta hori World Tourrentzat oso ondo dago, taldean sartzen diren gazteei ematen dizkietelako pare bat urte. Baina atzetik gatozen guztiontzat saltoa handia da. Oraindik hiru-lau koska ditugu igotzeko.

«Bat-batean dirua heldu da talde profesionaletara. Baina harrobia zer? Hori landu beharko litzateke»

Kasualitatea al da Herbehereetako txirrindulariak izatea onenak?

Herbehereetako txirrindulariak ni ibiltzen nintzenean ere onenak ziren, baita italiarrak ere. Uste dut herrialde batek dirua jartzen badu kirola goraka doala. Diruak zerikusi handia du. Bai Euskal Herri mailan, baita Espainian ere, uste dut emakumezkoen txirrindularitza pixka bat gehiago baloratzen hasi direla, eta dirua sartzen ari dira. Hori bai, alde hori ezin da derrepentean desagertu. Hemendik bost urtera, ordea, bai.

Euskal Herrian, adibidez, Laboral Kutxak apustua egin du, eta taldea profesionalizatzeko pausoa eman. Horrelako apustuak garrantzitsuak dira, ezta?

Bai, noski. Esan dudan moduan, baliabideak daudenean profesionalizatu egin daiteke eta hor ikusten da emaitza. Datorren urterako baldintza batzuk ipini dituzte Espainia mailan UCI Kontinental mailako taldea izateko, gutxieneko batzuk bete beharko dira, eta hor bai egongo dela galbahe bat. Ikusiko dugu ea zenbatek pasatzen dugun. Eta hori ere beste aurrerapauso bat izango da.

Frantziako Tourrean aurten gizonezkoen azkeneko etapak bat egingo du emakumezkoen lehenarekin. Horrelakoek balio dute emakumezkoen txirrindularitzara zaleak erakartzeko?

Bai, oso garrantzitsua da. Baina nik orain dela hamabost urte korritzen nuenean Munduko Kopako lasterketetan, Fleche Wallonne, Flanders, Amstel Gold Race... mutilen egun berean egiten genuen, eta sekulako zaletasuna zegoen. Jendea joaten zen asteburu pasa hori ikustera, eta horrek uste dut hobetu egiten duela, eta ia lasterketa guztiak hasi dira horrela egiten. Podiumean ere, mutilek eta neskek saria aldi berean jasotzea aurrerapauso garrantzitsua da.

2019an sortu zenuen Eneicat, eta orain taldeko zuzendarietako bat zara. Nola izan zen?

Txirrindularitza utzi nuenean nahiko nazkatuta utzi nuen, eta ez nuen ezer jakin nahi horretaz. Baina azkenean mundu honetan ibili garen guztiok faltan botatzen dugu. Orduan, handik lau-bost urtera bizikletan aritzen ziren bost neskari laguntzen egon ginen, musu-truk. Orduan esan genuen: zergatik ez dugu talde bat egiten? Cafes Baquerekin gu izan ginen lehen neskak sartzen. Konturatu ginen gazteekin egiten genuen lana oso ondo zegoela, baina gero etortzen zen talde handi bat eta txirrindulariak kentzen zizkiguten. Guk lan zikina egiten genuen.

Zein ziren talde handi horiek? Adibidez, Bizkaia-Durango? Gertu dago eta...

Bai, hori da. Urte hartako bi neska orain Movistarren daude. Sandra Alonso gurekin hasi zen Bizkaia-Durangora joan baino arinago, eta Gloria Rodriguez murtziarra da bestea. Ni haurdun geratu nintzen, eta oso konplikatua izan zen haurdunaldia. Urtebete geldituta egon ginen, urtebetean buruari buelta asko eman nizkion, eta orduan sortu genuen Eneicat taldea. Hasieran oso gaizki pasatu genuen. Baina orain, bost urteren ostean, proiektua finkatuta dago, eta ez hori bakarrik: gorako taldeaz gain, bi talde gehiago ditugu, eskolak ditugu... Eneicaten guztira kasik 55 andrazko txirrindulari daude.

Abadiñon ere sortu duzu umeentzako lehen eskola.

Umeak asko gustatzen zaizkit eta begirale moduan joaten naiz. Nik asko lantzen dut euren arteko bizimodua, baloreak, kirol taldea... eta gero joaten gara bizikletan. Bizikleta erabiltzen dut tresna moduan balore horiek helarazteko. Askotan klasea ordu eta erdikoa izan arren, eguraldi ona egiten duenean hiru ordu ere egoten gara. Gero, nahi duenak lehiatu egiten du, baina ziur nago eskolatik %80ak oraindik ez duela lehiatu nahi.

Lehen txirrindularia izan zinen eta orain zuzendaria zara. Kirola maite duzun seinale.

Bai, asko. Begira, orain ama naizela, eta Carlotak sei urte dituela, uste dut kirola ezinbestekoa dela. Kirolak ematen dizkigun baloreak ez daude ikastetxeetan, ez unibertsitateetan... Horregatik, uste dut lehen gauza egin behar dena dela baloreak landu. Kirola da tresna bat txikitatik umeei hezten laguntzeko. Are gehiago, egun askok sufritzen duten antsietatea, depresioa... kontuan izanik. Eskoletan ikusten dut zelan datozen, eta nik eraldatu egin behar ditut. Eta eskerrak bizkletagatik bakoitzaren beldurrak, nazkak, frustrazioak... kirolarekin apur bat lantzen ditugun.

Italiara joan behar izan zenuen korritzera hemen ez zenituelako aukerak. Orain arteko lan guztia egin duzu egungo neskek zuk izan ez zenituen aukerak izateko?

Bai, beti esan dut: nik eduki ez nuen aukera orain besteek izatea nahi dut. Gainera, lanak bete egiten nau. Kirolari ohiak izan garenontzat oso zaila da hutsune hori betetzea; ez duzu betetzen ez lanarekin ez familiarekin. Orduan, ulertu nuenean zelan bete nezakeen hutsunea, esan nuen: 'hori da nire bidea'. Eta nire txirrindulariei askotan esaten diet ezin dutela imajinatu zein aukera duten, nik lan asko egin behar izan nuen horra iritsi direlako.

Hamabi urte egin zenituen profesionaletan. Garaipen onak lortuta. Zein da kuttunena?

Niretzat bereziena ez da irabaztea. Lehenengo Olinpiar Jokoak izan ziren berezienak, 2004an Grezian. Hara joatea sekulakoa izan zen. Lau hilabete lehenago eroriko bat izan nuen, eta 50 puntu baino gehiago eman zizkidaten aurpegian, masailezurra apurtu nuen eta koman egon nintzen. Eta oraindik ez nekien Olinpiar Jokoetara joango nintzen ala ez. Asko ikasi nuen; oraintxe goian zaude, eta oraintxe behean.

Hortik aurrera txirrindularitzaz nuen ikuspuntua asko aldatu zen, eta psikologikoki beste lanketa bat egiten hasi nintzen. Erabat aldatu ninduen bizitakoak. Urte asko neramatzan gora, gora eta gora, eta ez nuen izan beherakadarik, eta hori izan zen aurrenekoa. Eta oso gogorra izan zen. Orduan konturatzen zara lauzpabost lagun bakarrik dituzula.

«Korritzeko modua iguala da: zoro batzuen antzera joaten ginen eta orain ere horrela joaten dira»

Asko aldatu da txirrindularitza geroztik. Zertan nabarmenduko zenuke?

Korritzeko modua iguala da: zoro batzuen antzera joaten ginen eta orain ere horrela joaten dira. Egia da orain dena askoz ere neurtuagoa dagoela; ez dakit zenbat watt-etara joaten direla... Hala ere, ero moduan joaten dira. Van Vleutenek, jakinda ez dela txirrindulari indartsuena, erasora jotzen du. Aldaketa handiena baliabideetan dago. Egia da orain agian tropela azkarrago doala baina, kontuan hartuta guk genituen baliabideak, nahiko azkar korritzen genuen. Lehen profesionalak 20 ziren eta orain 100 bat dira.

Zer du hobetzeko emakumezkoen txirrindularitzak?

Puf! Hobetzeko? Gauza asko. Beti konparatzen gaituzte gizonezkoen araudiarekin, eta hori ezin da horrela izan. Gizonezkoenak emakumezkoenak baino 100 urte gehiago ditu eta ezin gara ipini euren parera. Esan nahi dut: asko hobetu dugu, eta oraindik asko dugu hobetzeko, baina ezin dugu euren araudia oinarri hartu. Berdintasuna ezin da egon, proiektu batek 100 urte baditu eta beste batek zero. Gure pausoak eman behar ditugu, eta zer gertatzen ari da? World Tourreko hamabost talde daudela eta ez dagoela txirrindularirik, eta hori arazo bat da. Bat-batean dirua heldu da talde profesionaletara. Baina harrobia zer? Hori landu beharko litzateke.

Euskal Herrian ba al dago harrobirik?

Baietz uste dut. Hala ere, nire ustez, apur bat gaizki antolatuta dago.

Zergatik?

Ezin direlako eduki bat-batean hiru talde kontinental. Hiru edo lau, direnak. Egin bat patxadaz eta kito. Gizonezkoetan Euskaltel bakarra dugu, ezta? Antolamenduak diferentea izan beharko luke, eta hor bai, harrobia izan. Uste dut ez dagoela lekua hiru talde kontinentalentzat. Eta nik nahi badut datorren urtean talde euskalduna izan?

Orduan, indarrak batzea besterik ez duzue.

Puf! Oso gaitza da, ikusita nor dagoen talde bakoitzean. Datorren urtean araudiak jarriko du nor bere lekuan. Aurrerapauso garrantzitsua dator hurrengo urtean: ikusiko da zenbat UCI talde dauden.