Nerea Lauzirika
Bilbo

Euskarari buruz esandakoak jaso dituzte ‘Zer behar dute gazteek?’ jardunaldien baitan

‘Zer diote gazteek euskaraz?’ hitzaldiak itxi ditu Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako bi eguneko jardunaldiak. EHUko eta NUPko hainbat ikaslerekin egindako saioetako erantzunak jakitera eman ditu Amets Aranguren Euskalgintzaren Kontseiluko proiektu buruak.

Amets Aranguren, Euskalgintzaren Kontseiluko proiektu burua.
Amets Aranguren, Euskalgintzaren Kontseiluko proiektu burua. (Euskalgintzaren Kontseilua)

Ostiral honetan amaitu dira ‘Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen’ jardunaldiak. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu ditu Bilboko BBK Kunan, gazteei hitza ematea xede. Atzo «gazte heldu» bezala definitu dituztenekin mahai ingurua egin zuten eta gaurkoan gaztetxoagoek euskararen inguruan esateko dauzkatenez aritu dira. Amets Aranguren Euskalgintzaren Kontseiluko proiektu buruak eman ditu jakitera EHUko eta NUPko ikasleen artean jasotako erantzunak.

Bi ‘focus group’ egin dituzte apirilean zehar: bat EHUko soziologia eta zientzia politikoetako lehenengo mailako ikasleekin eta bestea NUPeko euskara taldeko eta honen bueltako ikasleekin. 18 eta 22 urte artekoak dira parte hartu duten gazte guztiak. Bertan zenbait galdera planteatu zizkieten eta erantzunak grabatu zituzten.

EHUko gazteak Soziologia eta Zientzia Politikoak graduetako 29 ikasle ziren, arabar bat, 18 bizkaitar, zazpi gipuzkoar, nafar bat eta bi lapurtar. Aldiz, NUPn bertako euskara taldeko 10 gaztek hartu zuten parte, 5 nafar 3 bizkaitar eta bi gipuzkoar. 40 ikasle inguruko laginarekin egin dute lan, beraz.

Jasotako erantzun hau nabarmendu du Arangurenek: «Eroso nago nire hizkuntza ohiturekin, baina aldatuko nituzke euskaraz egiteko aukera banu»

Egunerokotasunean erabiltzen duten euskararen inguruan galdetu dietenean, gazteek adierazi dute batez ere eremu akademikoarekin lotzen dutela, eremu oso euskaldunetatik datozen ikasleen kasuan izan ezik. Arangurenek harridura agertu du gazte askok ez zekitelako hizkuntza ohiturak zer ziren ere, baina jasotako erantzun bat azpimarratu nahi izan du, hainbat gaztek errepikatu zutena: «Eroso nago nire hizkuntza ohiturekin, baina aldatuko nituzke euskaraz egiteko aukera banu».

Erantzun batzuk mahai gainean jarrita, horren inguruan elkarrekin hausnartzeko gonbita egin die Arangurenek bertaratutakoei. Euskara erosoa izatearen beharra azpimarratu du hitza hartu duenetako batek, eta euskaraz ez aritzeko aitzakia ez ote den erantzun dio beste batek. Nork bere buruari jarritako mugetan baino, erosotasunik kanpoko begiradan dagoela iritzi dio parte hartzaile batek.

Gazte batek normalizaziora bidean ezerosotasuna ezinbestekotzat jo du: «Sortuko dugu eta sentituko dugu, eta izan behar dira atseden hartzeko espazio erosoak ere». Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkariak adierazi du sarritan ezerosotasunetik igaro beharra dagoela egindako hautuan eroso sentitzen bukatzeko.

Euskalkiak

Euskalkia duten euskaldun zaharren eta batuan aritzen diren euskaldun berrien arteko tira-birez ere aritu dira tarte batez. Badago euskalkia darabiltenek epaitzen eta gehiegi zuzentzen dutela sentitzen duen euskaldun berririk, gero eta gehiago, gainera. Beste parte hartzaile bat, ordea, arreta hor jartzearen aurka azaldu da, euskalkia darabiltenen «kriminalizazioan» ez erortzeko, haren ustez ez baitira haiek euskara baztertzen dutenak: «Euskaraz bizitzeko hautua egiten dugun denok bizi gara txokoratuak leku ia denetan».

Arangurenek itxi du jardunaldietako azken saioa, azpimarratuz gazteak ez direla kolektibo isolatua euskararen komunitatearen baitan, osotasun baten parte baizik.