UWCL: Hirugarrenean asmatuko al du Irene Paredesek?

Irene Paredes legazpiarrak Txapeldunen Ligako finala jokatuko du bihar hirugarrenen aldiz, aurreko bietan zilarrarekin konformatu behar izan ondoren. Bartzelonak bigarren txapela bilatuko du eta Wolfsburgok, berriz, hirugarrena.

Lau Liga, bi Kopa eta bi Superkopa eskuratu ondoren, Txapeldunen Liga irabazi nahi du Irene Paredesek.
Lau Liga, bi Kopa eta bi Superkopa eskuratu ondoren, Txapeldunen Liga irabazi nahi du Irene Paredesek. (Franck Fife | AFP)

Harmailak beteta, Eindhoveneko Philips Stadion zelaiak UEFA Women’s Champions League txapelketako finala hartuko du larunbat honetan (16.00, DAZN/Teledeporte). Bi talde "klasiko" egongo dira aurrez aurre.

Txapeldunen Ligako bi garaikur altxatutakoa da Wolfsburgo bai eta beste lau final erdietsitakoa ere; Alemaniak txapelketa honetan duen nagusitasunaren eragile handienetakoa da, alegia.

Beste aldean Bartzelona egongo da, azken bost urtean lau final jokatutakoa, XX. mende honetan Olympique Lyonnais ahalguztidunari protagonismoa borrokatzen ari dena. Txapeldunen Liga behin bakarrik irabazi duen arren, faboritoa da Kataluniako taldea, are gehiago alemaniarrek burutu duten denboraldiko bigarren zati irregularra ikusita.

Seigarren saiakera izango da Wolfsburgorentzat, laugarrena Bartelonarentzat eta hirugarrena Irene Paredesentzat. Damaris Egurrolak aurrea hartu zion iaz, Txapeldunen Liga irabazi duen lehen emakume euskalduna bilakatuz, hain zuzen ere Bartzelonaren kontra jokatutako finala irabazita.

Baina legazpiarraren esperientzia aurretik dator, 2017an jokatu baitzuen lehen aldiz txapelketako finala, Paris Saint Germainen kamisetarekin, eta orduan ere Olympique taldearen kontra galdu zuen. Amaiera dramatikoa izan zuen edizio hark, partida hutsean amaitu ondoren eta luzapenean ere golik sartu gabe denbora agortuta, penaltietan erabaki baitzen txapeldunaren izena. Arantza nolabait kendu ahal izan zuen Parisko taldea 2021ean utzi aurretik, Frantziako Kopa bat eta Liga bat –biak Olympique bera gaindituz– irabazi baitzituen, Athleticekin 2016an irabazitako ligari batuz.

2021. urteko udan Bartzelonara heldu zen futbolari gipuzkoarra, Mapi Leonekin batera munduko atzelari bikote onena osatzeko eta palmaresa handitzeko asmoarekin; batez ere, falta zitzaion Txapeldunen Ligarekin amets eginez. Eta besoak altxatu, altxatu ditu bi denboraldi hauetan, 5 titulu eskuratu baititu. Baina etxekoekin «konformatu» behar izan da –2 Liga, 2 Superkopa eta Kopa bat–, Kataluniako taldearekin jokatu duen Europako final bakarra galdu baitu. Eta aurrekoa baino argiago, aurreko hilabeteotan zalantzak sortu izan arren, nagusitasunez eta markagailu dotorez (3-1) irabazi baitzuen Olympiquek.

Horregatik, agian, «faborito» etiketarekin ez daude guztiz eroso Bartzelonan, emaitzei eta ibilbideari begiratuta zalantzarik ez badago ere. Azken partida galdu zuen arren –719 egun zeramatzan Ligan galdu barik–, Bartzelonak aise eskuratu du bere zortzigarren Liga garaikurra, Superkopan gauza bera egin du bigarren urtez jarraian; Kopan, bestalde, Sadarren egindako akatsak baztertu zion garaipenerako bidetik. Txapeldunen Ligari dagokionez, norgehiagoka bakarra galdu du; Munichen jokatutako multzo faseko partida, alegia. Gainera, Alexia Putellasen itzuleraren bultzada jaso du –ikustear dago oraindik zein garrantzia izan dezakeen kirol maila baloratuz gero–, erizaindegian zeunden Bronze, Rolfo eta Oshoala ere errekuperatu dira eta, denboraldia zatartu dion lesioa guztiz ahaztuta, Graham Hansenen iparrorratza une ezinhobean dago.

Wolfsburgok ezin du gauza bera esan. Ikusgarri ekin zion denboraldi hasierari, Bundesligan zein Txapeldunen Ligan, baina neguko etenaldiaren ondoren irregulartasuna izan da bere ezaugarri nagusia. Eskuan zeukan Liga tituluari ezin eutsi, Bayern arerio zuzenaren garaipena erraztuz; dena dela, aldi berean, Municheko taldea jipoitu zuen Kopako finalerdietan, azkenean garaikur hori altxatu ahal izateko.

Udaberrian jokatu diren Txapeldunen Ligako kanporaketetan antzekoa gertatu zaio: ozta-ozta irabazi zion Paris Saint Germaini final-laurdenetan eta, finalaren atarian, azken unera arte sufritu behar izan zuen Arsenalen kontra. Etxean, 2-0eko abantaila lortu ondoren, berdindu egin zuen eta Londresko partida zoroan, luzapenean, azken unean lortu zuen garaipenaren gola.

Esperientziari eutsi omen diezaiokete otsemek, Olympiquek eta Arsenal besterik ez baitituzte jokatu eurek baino partida gehiago txapelketaren historian eta lehiatu dituzten 90 partidetatik 63 irabazi dituzte; horien artean, bi final. Baina bederatzi urte pasa dira bere bigarren eta azken Europako titulua eskuratu zutenetik.

Aurkari bien arteko aurrekariekin antzekoa gertatzen da: bost aldiz gurutzatu dira Wolfsburgo eta Bartzelona eta horietako lauetan alemaniarrak nagusitu dira –beste inork ez dizkio hainbeste dema irabazi Bartzelonari–. Azken kanporaketa iaz jokatu zuten eta blaugranek aise irabazi zituzten finalerdietako bi lehiak: 0-2 eta 5-1.

Bihar historia handituko dute, amankomuna eta norberarena. Wolfsburgo hirugarren txapela janzten saiatuko da, Bartzelona bigarrena eta Irene Paredes legazpiarra lehendabizikoa.