NAIZ

Muturreko egoeran garatutako 25 urteko kartzelaldia amaitu zaio Patxi Markes berangoztarrari

1998. urtean Ina Zeberio hil zuten sarekadatik abiatutako espetxe zigorra ostiral honetan amaitu da Patxi Markes Zelaia berangoztarrarentzat. Almeria, Albocasser, Alacant... dira pairatu dituen kartzeletako batzuk.

Zaballa eman ditu kartzelaldiaren azken hilabeteak Markesek. Irudian, Sarek bertara eginiko martxa.
Zaballa eman ditu kartzelaldiaren azken hilabeteak Markesek. Irudian, Sarek bertara eginiko martxa. (Jagoba Manterola | Foku)

Etxeratek jakitera eman duenez, gaur ostiralean bukatu da Patxi Markes Zelaia berangoztarrari ezarritako kartzela zigorra, 25 urtez luzatu dena. Hain zuzen ere, 1998an Ertzaintzak ETAko Bizkaia komandoaren kontrako operazioa Gernikan egin zuenetik; Ina Zeberio hil zuten bertan, goitik behera tirokatuta.

Pasa den astelehenean kondena amaitu zuen Iñaki Bilbao Gaubekak, sarekada hartan harrapatutakoa hau ere. Eta igandean ekitaldia deitua du Egiari Zor Fundazioak Lizartzan, Zeberioren hilketaren egia jakiteko ordua dela aldarrikatzeko asmoz. Izan ere, oraintxe bete dira 25 urte Gernikako operazioa gertatu zenetik, astelehenean, ekainaren 5ean. Eta mende laurdena da ere, beraz, Markesek espetxean pasa duena.

Azken hilabeteak egoera arinagoan eman baditu ere (iazko urritik hirugarren graduan zegoen), aurreko urte guztietan baldintza oso gogorrak ezarri zaizkio Patxi Markesi, gainerako EPPKko kideen antzera. Datu batzuk emateagatik, 2006. urtean A Coruñako Curtisetik atera eta Almeriara eraman zuten. Gero Castelló-ko Albocasserren eman behar izan ditu urte ugari, isolamendu egoeran.

2021. urtera arte ez zuten Euskal Herriratu. Zaballan preso izan dute Markes geroztik eta orain jada guztiz agortu du Auzitegi Nazionalak ezarritako kondena.