NAIZ

Arramoldatze lanak amaiturik, martxan da berriro ere Larhungo kremailera-trena

Iaz 350.000 bidaiari erakarri zituen Larhungo kremailera-trena berriz ere errailetan eman dute larunbat honetan. 27 milio euroko buxetarekin bederatzi hilabetez luzatu dira trena trenbidea goitik behera berritzeko lanak.

Eguraldia lagun, bidaiariek gustora asko egin zuten Sara eta Larhungo tonterra arteko ibilbidea..
Eguraldia lagun, bidaiariek gustora asko egin zuten Sara eta Larhungo tonterra arteko ibilbidea.. (Guillaume FAUVEAU)

Ohiko denboraldi batean –maiatza eta urria bitartean– 350.000 bisitari hartzen ditu Larhungo tren txikiak. Bi hilabete eta erdiz 250.000tik gora bidaiari erakarri zituen 2022an.

Lanak tartean, atzo egin zion tren tipiak sasoi berriari eta, ohikoa denez, publikorik ez zuen faltan izan. Egun batzuk lehenagotik interneten bidez saltzen diren txartelak agortuak ziren.

Bederatzi hilabete luzatu dira segurtasuna hobetzeko trenbidean eginiko arramoldatze lanak.

Orotara 27 milioiko buxeta izan duten lanak beregain hartu ditu azpiegituraren kudeatzaile den Pirinio Atlantikoen Departamenduak.

Goitik behera berritu dute trenbidea

Lana handiak izan dira. San Inazioko mendatean kokatzen den geltokia eta Larhun mendiko tontorra artean dauden 4 kilometro pasatxo horietan goiti behera aldatu dute trenbidea.

Finean, zerbitzua ez da aldatuko, besteak beste, mendi tontorrera turistak eramateko aurreikusten zen egitasmo erraldoia bertan behera utzi dutelako, natur-gunearen mesedetan.

Ez da beraz plataforma erraldoia ezarriko tontorrean, garai batean aipatu bezala, eta ez dira, ez da ere, joan-etorriak emendatzeko tren gehiago ezarriko.

Uztail eta agorrilean egunero 15 bat zerbitzu eskaintzen jarraituko du kremailera-trenak. Beste garaian 11 joan-jinak eginen ditu Larhungo trenak.

Joan-etorriko txartela hartu behar da derrigorrez

Ingurumenaren babesa bermatze aldera trena hartzen duen bidaiari orok joan-etorriko txartela erosi behar du.

Aurten 22 eurotan salgai da bidaia, helduen kasuan, eta haurrek, orde 15 euro ordaindu beharko dute.

Bigarren baldintza gisara, askoz jota oren bat eta hogei minutuko egonaldia egin dezakete bidaiariek tontorrean.

Iaz 350.000 lagun igo ziren Larhungo mendira trenean. Horri esker 5 milioko diru sarrerak lortu ziuen azpiegitura kudeatzen duen erakundeak.

Urtero 900.000 lagun igotzen dira Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroa artean kokatzen den mendira. Gehien-gehienak oinez egiten dute 900 metrotako altueran amaitzen den igoera.