NAIZ

Eskola-jantoki osasuntsu, bertako eta justuaren aldarria

Aurten lehenbiziko aldiz, «Gure Platera Gure Aukera» ekimenak gune propioa izango du Euskal Eskola Publikoaren Jaian, sukaldea ikastetxean bertan izateak dituen abantailak ikusarazteko.

Gaur egun EAEko ikastetxe publikoen herenak du sukaldea ikastetxean bertan.
Gaur egun EAEko ikastetxe publikoen herenak du sukaldea ikastetxean bertan. (NAIZ)

Urte dezente dira euskal ikastetxe publikoak eskola-jantokien eredua aldatzeko ahalegina egiten hasi zirenetik. 2000. urteko araudi batek «kudeaketa zuzena» derrigortu zuenetik, katering enpresak hasi ziren jantokiak kudeatzen eta poliki-poliki sukalde guztiak desagertzen hasi ziren.

Ondorioz, egun batetik bestera apurtu egin ziren erlazioak  harategi, merkatu, okindegi, portuko arrantzale eta nekazariekin, katering enpresek hartu zutelako erosketa eta prozesu osoaren ardura.

Egoera honen aurrean, guraso elkarteek “Gure platera gure aukera” izeneko ekimena jarri zuten abian, eskola-jantoki osasuntsu, bertako eta justua aldarrikatzeko.

Mugimendu horri esker, errealitatea aldatzen ari da azken urteotan. Gaur egun, EAEko ikastetxe publikoen herenak du sukaldea ikastetxean bertan, baina gainontzekoetan, sukalde zentraletan sukaldatutako janari garraiatua jaten jarraitzen dute.

Hori dela-eta, berriro ekin diote “Ikastetxerik ez sukalderik gabe” ekimenari, eta eskaria egin arren momentuz erantzunik ez daukaten 17 ikastetxek eskaera amankomuna egin diote Hezkuntza sailari.

Bertan sukaldatzearen abantailak
Ikastetxeetan bertan sukaldatzeak hainbat abantaila dituela nabarmendu dute “Gure platera gure aukera” ekimeneko bultzatzaileek.

Lehenik eta behin, nabarmen murrizten du elikagaien xahuketa. «Goizeko lehen orduan, eskolara joan diren ikasleak zenbatzen dira, eta, horrela, menuak birkalkula daitezke. Garraiatutako menuarekin ez da birkalkulatzen, eta, beraz, xahuketa oso handia izan daiteke bertaratze-falta asko dauden egunetan», diote.

Bigarrenik, menuak zerbitzatu baino denbora gutxi lehenago egiten direla ziurtatzen da. «Menuak goizean hasten dira prestatzen, eta handik gutxira zerbitzatzen dira, zapore eta nutrizio-balio guztia mantenduz».

Hirugarrenik, menuak elikagai freskoekin, sasoikoekin, lokalekin, jasangarriekin eta kalitatezkoekin egitea errazten du. «Lekuan lekuko sukaldeek menu kopurua mahaikideei egokitzen diete, eta, horrela, lehengaiak kalitatezkoak eta freskoak direla ziurta daiteke».

Era berean, jangela ere tresna pedagogikoa izan daitekeela nabarmendu dute, «elikadura-pedagogia oinarrizko balioa baita».

Eta azkenik, sukaldea ikastetxean bertan izanda, familiek menuen kalitatea hobeto baloratzen dutela nabarmendu dute.

Gune berezia
Jangela eredu honek dituen abantailak ikusarazteko, aurten lehenengo aldiz gune propioa izango du “Gure Platera Gure Aukera” ekimenak Euskal Eskola Publikoaren Jaian, arrantzaren sektorean arreta berezia jarriaz.

Ekitaldiak jaiaren bezperan hasi dira, ekainaren 3an, “Itsasoiko” izeneko arrantzari buruzko dokumentalarekin eta Senegaldik etorritako eta bertako arrantzaleen arteko mahai-inguru interesgarriarekin, Udaletxeko arkupeetako gelan.

Ekainaren 4ean, igandea, “Karmelo eta itsasoa” izeneko antzezlana eskainiko dute Katiuska eta Katiluk goizeko 11.30etan; eta ondoren, 13.30etan “Elikadura Burujabetza Arrantzan” ginkana izango da, lau urtetik hamabirakoentzat.

Jarduerak borobiltzeko, eskola-jantokiak eta elikadura-burujabetzari buruzko erakusketa dago ikusgai bi egunetan, Laukariz Eskola, Bidezko Elikadura, Butroi Bizirik Trantsizioan (BBT) eta Uribe Butroeko sarearen eskutik.