Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Hamaika klik, goseari era hurbil eta eder batean aurre egiteko

Hitzetatik Ekintzetara Kutxa Fundazioak eta Arantzazulabek antolatutako proiektua da. Gipuzkoarrak Agenda 2030era hurbildu nahian jarri dute martxan, ekarpena egiteko modu berriak eta ezberdinak eskainiz. Azken xedea jendarte gisa ditugun erronketan era erraz, hurbil eta eder batean inplikatzea da.

Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek antolatutako prentsa gosaria, hedabideok ere klik egitera bultzatzeko.
Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek antolatutako prentsa gosaria, hedabideok ere klik egitera bultzatzeko. (KUTXA FUNDAZIOA)

Klik programa deitu diote Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab laborategiak abiatu duten ekimenari, gipuzkoarrengan inpaktua eragin nahi dutelako. «Agenda 2030aren inguruko sentsibilizazioa bultzatu nahi dugu ekintzaren bidez. Zerbaitetan aritzean, esperientzia hori bizitzean, egiten da klik. Orduan ohartzen naiz parte hartzea garrantzitsua dela, egin dezakedala, eta aurrera begira garapen hori gertatzen da», azaldu du Kutxa Fundazioko Amaia Otazok.

Agendak hamaika gai biltzen ditu, gehiegi beharbada denen kargu egiteko, mundua aldatu nahi dugula erratea bezala da kasik. Horregatik, banan-banan hartuko dituzte kausak, eta urtero bat landuko dute 2030era bitartean.

Hasteko aukeratu duten asmoa gose eza da. Izan ere, gipuzkoarren %18,7 pobrezia egoeran daude eta gero eta gehiago joaten dira Elikagaien Bankura. Honek eragiteko ahalmen murritzagoa du, ordea, ezegonkortasunaren eta prezioen igoeraren ondorioz ekarpen txikiagoa jasotzen duelako entitate eta herritarrengandik. Gainera, diru berarekin elikagai gutxiago eros ditzake inflazioa dela eta.

Hortaz, banku honen onuradun diren 21.100 pertsonen beharrak asetzeko zailtasunak izanen dituztela aurreikusita, martxan jarri dira. Aurrena, kale ekintzak egin dituzte; tututxoak banatu dituzte barrenean mezuekin, momentu goxo horretan arazoaz jabetzeko. Gero, ekintzaz bete dute ekaina, bakoitzak bere unea eta eredua aurki dezan. 23 eragile aritu dira egitaraua prestatzen.

Baina Bai mugimendua

Jakin badakite jendartearen erdiak bere ekarpena egin nahiko lukeela, baina gero ez duela egiten. «Blokeatzen gaituzten faktore asko daude: informazio ugari dugu, eta horrekiko gatazka bat, egia ote den, interesak ote dauden. Bestetik, txiki sentitzen gara: ‘Nik bakarrik egiten badut, eraginik izango du?’. Testuinguruak ere eragiten digu: bakarrik egitearen lotsa izan dezakegu, ingurukoek esango dutenaren beldurra...».

Hori irudikatzeko, ‘Aitzakitis’ bideoa egin dute Nerea Aranbururekin, aitzakia arrazoi horien ondoren sortzen dela ulertuta. «Aitzakia horrek eragiten du ez aktibatzea. ‘Bai, baina beste batean’, ‘bai, baina beste era batean’, edo, agian, ‘bai, baina beste batek’. Guk ‘Baina bai’ esatea proposatzen dugu». Baina Bai mugimendua sortu dute, kolektiboak indarra baitu eraldaketan. «Klik hori askok egiten badugu, oraindik eraginkorragoa izango da. Planteatu ditugun ekintzak elkartzekoak dira, kolektiboari begiratzen diote».

Taldean sailkatzea

Ekintzak edo klikak antolatu dituztenak hirugarren sektoreko elkarteak eurak dira. «Hori garrantzitsua da irauteko. Guk gaiz aldatuko dugu datorren urtean, baina aktibatu diren eragileek jendea beste era batera mugiarazten jarraituko dute», azpimarratu du Otazok. Honen guztiaren atzean boluntariotzaren gainbehera ikusten dute programaren bultzatzaileek, konpromisoa ulertzeko eta sentitzeko bertze era bat dagoelako gaur egun, edo zailago egiten delako denboraren kudeaketa honekin boluntariotza klasikoan parte hartzea.

Badira klik politak. Adibidez, elikagai bankuak elikagai bilketa egiten ari dira egunotan, eta denda txikiak ere batzen ari dira. Bergaran eta Oiartzunen taldeka elkartu eta elikagaiak sailkatzen arituko dira datozen bi asteetan. Ordizian bertako produktuen Azoka Solidario freskoa eginen dute ekainaren 14an, jai giroan.

Jantoki solidariora gonbidatuta

Bertze klik eder bat: Jatorkin elkarteak egoera zaurgarrian dauden pertsonei bazkaltzen ematen die egunero Donostiako Aieten duen jangela solidarioan. Jangela herritar orori irekitako jatetxe bihurtuko da ekainaren 12tik 16ra. Bezero gisa bazkaltzera joan daiteke, edota sukaldari, zerbitzari edo garbiketa lanetan aritu Jatorkineko kideekin batera. «Irlandan egunero hala funtzionatzen duten jantokiak dituzte. Jatorkinek gerturatze bat egin nahi du ikusteko ea baden Donostian hori egiteko sentsibilitate eta gaitasunik», adierazi du Amaia Otazok.

 

Hondarribiko Klink elkartean prestatutako kroketak. (KLINK ELKARTEA)

 

Hondarribiko Klink elkartean, bestalde, hiru egunez 5.000 kroketa prestatzeko erronka jarri dute. Izozkailuan gorde eta urtean jaten joanen dira.

«Helburua da ikustea ze era ezberdinetan egin diezaiokegun goseari aurre. Denbora, dirua, ezagutza edo etxean dauzkagun elikagaiak eman ditzakegu. Denok dugu rol bat momentu ezberdinetan».

Urrian, ospakizun batean elkartu, eta datorren urteko gaia jakinaraziko dute.

Hauxe da gure Klika, hedabideok ere badugulako ardura gure begiradan ikuspegi kolektiboa txertatzekoa, arazoaren parte handi bat delako trabak ez ikustea eta alternatibak ez ezagutzea.