NAIZ

Asteko lanaldia 4 egunera murriztea aztertuko duen lantaldea sortu da, ELA eta LAB gabe

Asteko lanaldia lau egunera murriztea aztertuko duen lantaldea sortu da astelehen honetan. Lakuako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek parte hartuko dute.

Lakua, CCOO eta UGTko ordezkariak bildu dira astelehen honetan.
Lakua, CCOO eta UGTko ordezkariak bildu dira astelehen honetan. (IREKIA)

Asteko lanaldiaren murrizketa aztertuko duen lantaldea eratu da EAEn, Lakuako Gobernuaren eta CCOO eta UGT sindikatuen parte-hartzearekin.

Lakuak azaldu duenez, programa pilotua martxan jarri dute, asteko lanaldia 32 ordura murriztearen eragina aztertzeko. Era berean, telelanaren formulak ikertuko dituzte, baita enpleguan eragina duten erabaki estrategikoetan langileek ere parte hartzeko erak.

Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak koordinatuko du taldea, eta Gobernuaren esanetan, gizarte eragile guztiak gonbidatu dituzte. Hala ere, azkenean, CCOO eta UGT sindikatuek parte hartu dute bakarrik. Confebask patronalak aurkako jarrera agertu zuen Gobernuak egitasmoaren berri eman zuenean.

Proiektuaren diseinuak Future Policy Lab jakintzari eta berrikuntzari buruzko diziplina anitzeko nazioarteko foroaren laguntza akademikoa izango du.

Proiektu pilotua, 2024an

Astelehen honetan egindako lehen bileraren ondoren, programa zehaztuko da urtean zehar, 2024an proiektu pilotu bat martxan jartzea aztertu ahal izateko.

Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, neurri horiek langileen osasunean, ingurumen arrastoan, produktibitatean eta enpresek talentua erakartzeko eta atxikitzeko duten gaitasunean duten eragina ebaluatu nahi da. Saiakuntzaren ondorioak gizarte eragileen eskura jarriko dira, negoziazio kolektiboko prozesuetan balora ditzaten.

LAB sindikatuaren erantzuna

LABetik azaldu dutenez, asteko lanaldiaren murrizketaren alde daude, baina sindikatuaren esanetan EAEko Gobernuak eta patronalak ez dute borondaterik erakutsi aurrera egiteko.

Hala, LABek azpimarratu du lanean jarraituko duela helburu hori lortzeko, baina ez du parte hartuko «ibilbiderik gabeko foroetan».