Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad
Elkarrizketa
Maddalen Iriarte Okiñena
EH Bilduren ahaldun nagusigaia Gipuzkoa

«Eskua luzatua dugu, etorkizuneko erronkei ezin zaie betikoa eginez erantzun»

Inkestek aurreikusi ez arren, alde handiz irabazi du Iriarte buru duen EH Bilduren zerrendak Gipuzkoan. Eta berak ez du denborarik galdu: gobernu aurrerakoia lortzeko elkarrizketak abiatu ditu, EAJri eta PSEri ere eskua luzatuz. «Betikoan» segitu nahi dutenek, bere hitzetan, ez dute emaitza ulertu.

Maddalen Iriarte, M28ko irabazlea Gipuzkoan.
Maddalen Iriarte, M28ko irabazlea Gipuzkoan. (Maialen Andres | Foku)

Astelehenean bertan deitu zenien Eider Mendozari (EAJ) eta Jose Ignacio Asensiori (PSE). Zure asmoen berri eman zenien. Eta beraiek? Beren asmoen berri eman zizuten zuri?

Ez. Deituko nindutela esan zidaten. Emaitza oso on batzuek (15.000 bozka gehiago eta EAJrekiko bost eserleku gehiago) EH Bildu prozesu hau bideratzera apelatzen dutelako deitu nien. Gobernu zabal eta aurrekoi bat egiteko interpelazioa da emaitza. Herritarren hitza betetzeko deitu nien eta hortxe nago.

Aurrerakoia esaten duzunean, PSE eta Elkarrekin-Ahal Dugurekin ulertu behar da?

Nik EAJri, PSEri eta EPri deitu nien. Gu abertzaleak gara eta aurrerakoiak gara, eta batzuekin eta besteekin akordioetara irits gaitezke, ildo batean eta bestean. Eskua luzatua dugu.

EPrekin hasi zarete. Zein edukien gainean?

Zaintzaren eraldaketaz aritu ginen, Gipuzkoako industriak eta enpresek halabeharrez egin behar duten transformazioaz, eta fiskalitate justu eta progresibo batetaz. Hau guztia marku oso berezi batean: krisi klimatiko eta energetiko bati aurre egin beharrean, antizipazio gutxirekin jokatu da. Bagenekien horiek eta krisi demografikoa ere gainean geneuzkala. Eta niretzako oso garrantzitsua den feminismoaz aritu ginen: gizon eta emakumeen artean bizi dugun ezberdintasun sakon horri errotik erantzuteko momentua iritsi da. Feminismo paliatibotik egoera aldatzera jo behar dugu. Halabeharrez urratsa eman behar da hemen. Pankartetan egongo gara, jakina, baina feminismo paliatiboa ez da nahikoa.

Aldaketa irudikatzeko, biharamunean ez bada, lehen kolpean zertan nabarituko litzateke Maddalen Iriarte ahaldun nagusi bilakatzea?

Lehenengo kolpean alderdi politiko guztiekin hitz egingo nuke berriro. Bigarrenean, ditugun erronken aurrean lidergo konpartituak bultzatuko nituzke. Eta etorkizunari begira antizipazio ariketa bat egingo nuke, halabeharrez ikuspegi estrategikoa behar dugulako herri honetan.

«Ahaldun nagusia banintz alderdi guztiekin hitz egin, lidergo konpartituak bultzatu eta antizipazio ariketa egingo nuke, bisio estrategikoa behar dugu»

 

Zaintzaren arloan, esaterako, Usurbilek aurrera eraman duen eredua lurraldera eraman nahiko nuke. Beste adibide batzuk aztertu eta ahalik eta azkarren garatu daitezke, erronkak gainean daudelako. Hainbat eta hainbat gaietan pentagrama batean bezala lan egiten hasi behar dugu: marra bakoitzak bide bat dauka, azkar ibili beharrekoa, eta paraleloan lan egin behar da, marra batean eta bestean notak jartzen, eta pentagrama batean dena batzen.

EAJri eta PSEri biltzeko gonbita egingo diezu? Iragarri duten ituna kontuan hartu gabe?

Gonbita egina dago. Aste honetan ere horretan jarraituko dugu, eta beti programaren inguruan, ez aulki-jokoan. Argi eta garbi ikusten duguna da zer esan diguten herritarrek: EH Bildu dela lehen indarra Gipuzkoan, orain arteko formulek ez dutela balio, zaharrak gelditu direlako, politika beste era batera egitea nahi dutela... eta guk herritarren aldarri horri erantzungo diogu.

Gasteizko Legebiltzarretik zatoz. Hor EAJrekin zein PSErekin akordioak lortu dituzue, hezkuntza arlokoa adibidez. Erakundeak jokoan direnean eskema hori aldatzen dela dirudi, ez dela posible...

Emaitzak hain argiak izan ondoren, EAJ eta PSE betikoan hasi dira. Baina etorkizuneko erronkei ezin zaie erantzun betikoa eginez, ezin zaie aulki banaketaren bidez eta pastel zatiak banatuz erantzun. Beste era batera erantzuteko prest dago EH Bildu. Kanpaina osoan esan dugu, urte hauetan egin dugulako: lidergoak konpartitzeko eta elkarrekin lan egiteko gai izan gara. Eta hori erakutsi dugu Gipuzkoan, erakutsi dugu Gasteizen, erakutsi dugu Nafarroan, erakutsi dugu Madrilen... Guk hautatu dugun politika egiteko era da hau eta horretan jarraituko dugu.

EAJ-PSEren arteko itun horren katebegi ahulena al da Gipuzkoa, Batzar Nagusietan lortu duzuen aldea ikusita?

Gipuzkoan PPren beharra dute, eta PPk ez du ezer dohain ematen.

Nola hartuko lukete gipuzkoarrek PP itun horren makulu gisa hartzea?

Eskubide sozialen aurka, emakumeen eskubideen aurka, euskararen aurka dagoen alderdia da PP, Euskal Herria errekonozitzen ez duena. PPrekin akordioa egitea ez dute gipuzkoarrek ulertuko, eta beraiek izan beharko dira gipuzkoarrei hau esplikatzen dietenak.

Zergatik diote EH Bilduri horrenbeste beldur? Hipotesi ezberdinak egon daitezke: bestelako eredua duzuelako, gorunzko joeran zaudetelako...

Batetik, inflexio puntu bat ikusi dutela uste dut: azken hauteskunde guztietan EH Bildu gorantz doa, abstentzioa egonagatik ere. Eta bestetik, badakite EH Bildu dela herri honen alternatiba, badakite gauzak jendearekin egiten dituela, jendeari erantzuteko, jendearekin hitz eginez, herri hau berdinzaleagoa izateko, gehien duenak era solidario batean gehiago aportatu diezaion lurraldeari... Zerga sistemari begiratzen badiogu, EAJk eta PSEk PPrekin adostu zuten azken aldaketa. Eta ez dut uste hori denik gipuzkoarrek eskatu dutena.

Igandeko emaitzei erreparatuta, 120.000 bototik gora batu dituztue Gipuzkoan, 2011. urteko olatutzarrean baino gehiago. Erraz esaten da...

Azken urteotan egindako lanaren emaitza da. Hau ez da kasualitate bat eta hau ez da hamabost egunetan erabakitzen. EH Bilduk gobernatu duen herrietan erakutsi du herritarrak erdigunean jartzen dituela eta herritarrekin hartzen dituela erabakiak. Batzuetan oso zailak. Guk ez diogu muzin egin herri honek duen erronka bakar bati ere hauteskundeak zetozelako, aurrez aurre jartzen gara eta badakigu eztabaidak izango direla, eztabaidak ezin direlako politikatik ezabatu. XXI. mendearen laurdena ia-ia pasatu den garai honetan, herritarrak ez direla protagonista izango pentsatzea akats handia dela uste dugu.

«Ez diogu muzin egin herri honek duen erronka bakar bati ere hauteskundeak zetozelako; eztabaidak ezin dira politikatik ezabatu»

 

Gipuzkoan eragile sozial, politiko, kulturalak... baditugu. Inteligentzia handia dugu, eta garai zailetan oso gauza berritzaileak, sinestezinak, egiteko gai izan da. Eta, gainera, paperak gauza asko jaso ditzake, baina paperetik haratago erabakiak hartu behar dira, eta herritarrak interpelatuta eta protagonista sentitzen ez badira... Instituzionalizazio berri batean sinisten dut, ezin dugu jarraitu XX. mendearen hasieran bezala politika egiten, modu haiek errepikatzen. XXI. mendeko erronkei eta XXI. mendeko jendarteari erantzun behar diogu.

Gazteen parte hartze mailaren inguruan kezka, edo zalantza behintzat, bazegoen aldez aurretik. Horri buruko daturik edo azterketarik duzue?

Gazte pilo bat gugandik oso gertu ikusten genuen guk. Beren proiektuak aurrera eramateko EH Bilduk politikak egikaritu dituela ikusi dutela uste dut: etxebizitza arloan, emanzipatzeko behar dituzten gutxieneko soldaten inguruan... Emanzipazioa ez baita gurasoen etxetik joatea, bizitza proiektua egin ahal izatea baizik. Gazteak gure politiken erdian jarri ditugu, gazteei aurrez aurre hitz eginez. Politikaren erdira etortzeko esan diegu eta uste dut ulertu dutela eta babestu gaituztela.

Donostiako emaitza nabarmendu zenuen igande gauean. Zuen aurreikuspenen gainetik egon da?

Oso emaitza onak lortu ditu Juankarrek [Izagirrek]. Egia da donostiarrak oso nekatuta geundela ikusten ari ginenaz. Parke tematiko baten modura geratzen ari da hiria eta azken unean bertako alkateak egin dituen mugimenduek ez dituzte ekidin azken urteotan egindako politikak. Politika horiek aldatu egin behar dira. Donostiarrak Donostian bizi nahi izatea ez da luxu bat, ez da kapritxo bat, eta 3.000tik gora gazte donostiar dira hiria utzi egin behar izan dutenak. Gainera, politika horrek ez du Donostian bakarrik eragiten, inguruko herri guztitan ere bai. Donostia bizia eta garbiago bat, Donostia kohesionatuago bat, Donostia «Donostiago» bat burutu dezake Juankarrek, hori ikusi dute boto-emaileek.

Eta horri esker Gipuzkoan ere EH Bildu gehiago da. Une honetan 88 herrietatik 53 herrietan lehenengo indarra da EH Bildu udal hauteskundeei dagokienez eta 70 herrietan lehen indarra Batzar Nagusietarako. Ez da nolanahiko emaitza.

«PPk ez du ezer dohain ematen, Feijook oso argi esan zuen zein den bere jarrera: Espainiako konstituzionalismoaren alde egitea»

 

Izagirre aipatu duzula, kanpaina honetan ere 2011-2015 arteko legealdi hura deitoratu du EAJk, herritarren eta erakundeen arteko talka sortu zela ziurtatuz... Errelato hori berrirakurri behar da, emaitza hauek eskutan?

Etorkizunari begirako proposamenik ez duenak aitzakiak erabiltzen ditu eta atzera begira gelditzen da. Baina herri honek aurrera begiratu nahi du. EH Bildu 2023. urtean dago, eta argi luzeak piztuta, hurrengo hamarkadei ere erantzunak emateko.

Demagun Eider Mendoza ahaldun nagusia dela. Batzar Nagusietako aritmetika bertan da: 24 botu EAJk eta PSEk, 24 EH Bilduk eta EPk, gai askotan lerrokatuta egon zaitezketelako. PPkoak pozik egongo dira...

Dudarik gabe. Eta berriro diot, PPk ez du ezer dohain ematen. Eskatu duten Kiroletako ardura azkenik ezertan geratzen bada ere, Feijook oso argi esan zuen zein den bere jarrera: Espainiako konstituzionalismoaren alde egitea.