Jon Ormazabal

Aspek zehaztu du San Fermin egunerako bere kaiolako eskailera

Aitor Elordik eta Jokin Atunak Mungian jokatuko lukete elkarren aurka balizko bere adarreko finalerdi batean; Joseba Ezkurdia, iazko txapelduna, koadroaren beste aldetik joango litzateke.

Elordik aurrera eginez gero, Mungian egingo lukete berriz topo Elordik eta Altunak, ekainaren 29an.
Elordik aurrera eginez gero, Mungian egingo lukete berriz topo Elordik eta Altunak, ekainaren 29an. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Pilotariak ondo baino hobeto merezitako oporraldiaz gozatzen ari diren bitartean, enpresetako arduradunak ari dira pixkana-pixkana itzuleran izango dituzten partidak zehazten. Aspek gaur eman du jakitera nolakoa izango den Lau eta Erdiko San Fermin torneoko bere adarraren eskailera.

Ohikoa den bezala, enpresa bakoitzak bere aldetik antolatuko du bere lerroa eta bakoitzeko onenek uztailaren 7ko eguerdian jokatuko dute finala. Gogoratu behar da, jaialdi horretarako sarrerak salgai jarri eta ordu gutxian agortu zirela, partida nortzuk jokatuko duten oraindik ez dakigunean.

Eibarko enpresari dagokionean, Larraintzarren jokatuko dute, ekainaren 23an, lehen partida. Bertan Ultzama bertako Peio Etxeberriak eta Iker Salaberriak neurtuko dituzte indarrak eta bertako irabazleak, bi egun geroago, Logroñon jokatuko du torneoaren egungo txapelduna den Joseba Ezkurdiaren aurka.

Koadroaren beste aldetik, Aitor Elordik eta Danel Elezkanok Eibarren jokatuko dute elkarren aurka San Juan eguneko jaialdian eta Jokin Altuna izango du zain irabazleak, ekainaren 29an, Mungian.

Kanporaketa hauetatik aurrera egiten duten bi pilotariek Sopelan jokatuko dute finalerdia, uztailaren 1ean eta bertan erabakiko da nor den Asperen ordezkaria San Fermin egunez.

Baikoren adarra, zehazteke

Baikori dagokionez, aurreko asteburuan jokatu ziren lehen bi kanporaketak eta bertan, Iraitz Zubizarreta eta Mikel Urrutikoetxeak egin zuten aurrera. Ataundarrak Iñaki Artolaren aurka jokatuko du uztailaren 23an Barañainen eta egun bat beranduago, Zaratamokoak Peña izango du aurkari.

Bilboko enpresak ez du hortik aurrera ezer zehaztu. Pentsatzekoa zen Unai Lasorentzat leku bat gordeta zuela, baina Bizkarreta-Gerendiaingoak ezingo du jokatu hurrengo astelehenean ebakuntza egingo diotelako aldakan. Erik Jaka ere hurrengo egunetan ezkontzekoa da eta ez dirudi parte hartzeko moduan izango denik.