Andoni Arabaolaza

Oihana Kortazar zazpigarrena izan da Munduko Txapelketan

Innsbruck-en (Austria) jokatutako Trail Short edo maratoi modalitatean, elgetarra oso erregularra izan da. 45 kilometro zituen ibilbidean Clementine Geoffgray irabazleak 25 minutuko aldea atera dio.

Egun hauetan trail running-eko munduak hitzordu oso garrantzitsua du Innsbruck-en (Austria). Hain zuzen ere, Atletismoko Nazioarteko Federazioak antolatuta Munduko Txapelketak jokatzen ari dira. Euskal ordezkariek ez dute hutsik egin, baina hauek guztiak Espainiako selekzioarekin lehiatzen ari dira.

Atzo, adibidez, distantzia motzena duen proba bertikala jokatu zen. Eta euskal korrikalariek ez zuten sailkapen onik erdietsi: Ondditz Iturbe 26.a izan zen, Malen Osa 42.a eta Ainhoa Sanz 47.a. Gaur, berriz, emaitza horiek erabat txukundu dituena Oihana Kortazar izan da. Trail Short edo maratoi modalitatean korritu du, eta elgetarra goi mailako zazpigarren postua sinatzeko gai izan da.

Kortazarrek duen ahalmenari buruz ezer gutxi gehitu dezakegu. Dagoeneko, beteranoa da, baina argi eta garbi erakutsi du izugarrizko sasoia duela. Innsbruck-en hasi eta Stubain amaitu den 45 kilometro eta 3.200 metroko goranzko desnibela izan dituen ibilbidean oso erregularra izan da. Lasterketa osoan lehen hamarren artean ibili da.

Lehen kilometroetan erritmo oso altuan jardun dute. Judith Wyder tropelaren buruan jarri da, eta lehen kontrol gunetik gipuzkoarra seigarren postuan igaro da. Postu horretan ia amaierara arte egon da, baina azken kilometroetan postu bat galdu du.

Oso sendo

Ibilbidearen azken sekzioa oso lehia estua zein ikusgarria ikusi da Wyder suitzarraren eta Clementine Geoffray frantziarraren artean. Azken honek indar gehiago izan du helmuga puntutik lehena zeharkatzeko. Hortaz, Geoffray lehena izan da 4:53:12 denborarekin. Bigarren sailkatua Wyder suitzarra izan da irabazlearengandik 2 minutura. Eta hirugarrena Theresa Leboeuf suitzarra ere 16 minutura.

Aipatu behar dugu korrikalari gipuzkoarrari atzetik estu hartu diotela. Emelie Forsberg-ek Kortazar harrapatu du, eta bien artean esprint oso berezia bizi izan da. Denboran berdindu dute, baina, ehunekoak kontuan hartuta, euskal korrikalaria zazpigarren postuan sailkatu da. Emaitza bikaina beteranoarentzat, batez ere kontuan hartzen badugu eliteko makina bat korrikalari irteera puntuan zeudela. Ainara Urrutia ere lehiatu da, eta 46. postuan amaitu du.

Bestalde, mutilen kategorian ez da euskal ordezkaririk izan. Lasterketa horretan ere maila oso handia izan da. Stian Angermund norvegiarrak irabazi du 4:19:00 denborarekin. Bigarren sailkatuari, Thomas Roach britainiarrari bi minutu eta 18 segundoko aldea atera dio. Brontzea Luca del Pero italiarrarentzat izan da; irabazlearengandik 3 minutu eta 4 segundora heldu da.