Maitane Aldanondo

Azokak eta ikastolak, euskararen ibilbidearen lekuko eta eragile

Aurtengo ereserkia Malen Urbegain irakasleak eta Ttek elektrotxarangak idatzi dute, izenburuari ohore eginez, Elkar-EKIN eta elkarlanean.

Ttek elektrotxaranga, abestia aurkezteko egindako kalejiran.
Ttek elektrotxaranga, abestia aurkezteko egindako kalejiran. (NAIZ)

Aldarrikapen eguna bada ere, bereziki, Araba Euskaraz festa erraldoia da; eta ospakizunetan hutsik egin ezin duen zerbait bada, hori, musika da. Hortaz, halako ekimen guztiek beraien abestia izaten dute. Aurtengoa, Elkar-EKIN, lankidetzan sortu dute: Ttek elektrotxaranga taldeak musikatu ditu Lautada Ikastolako irakasle Malen Urbegainek asmatutako hitzak. Emaitza kanta alai eta dantzagarria da, gaurko jairako ezin aproposagoa.

Enkargua jasotzean berarengan pentsatu izanak «ilusio handia» egin ziola aitortu du Urbegainek. Aurrez ez du horrelakorik egin, berarentzat edo ingurukoentzat idatzi izan du, baina ez publiko egiteko. «Badakite bertsozalea naizela, bertso eskolan ere ibilbidea egin dudala... Idaztea asko gustatzen zait, ikastolarentzako zenbait abesti-edo idatzi ditut. Uste dut prozesuan ikastolako komunitateko norbaitek parte hartzea nahi zutela eta eskaini egin zidaten».

Sormena martxan jarri, eta Araba Euskarazeko lantaldeak sartzeko proposatu zizkion hitzetatik abiatu zen. Zati bat idatzi zuen, eta ondoren, ikasleen ahotsak bildu nahi zituenez, DBHko geletatik pasatu zen, «jakinda beraiek direla urte gehien eman dituztenak ikastolan». Osatu zuenean, musika taldeari bidali zion letra. Hori ez da, ordea, Olarizun entzungo dena, musikariek beste ideia bat zutela esan baitzioten. Idatzitakoa albo batera utzi, eta haiekin elkartu zen Urbegain. «Esan zidaten beraiek abiatu nahi zutela Aguraingo azokaren historiatik, azoketan euskara hitz egiten zutelako. Beraien abiapuntu hori, euskara eta azokak, elkartu egin nuen ikastolen historiarekin», gogoratu du.

Iraganetik orainera bidaia
Letrak iraganetik orainera bidaia egiten duen istorio bat kontatzen du, bi garairi helduta. Bata, duela 600 urtera jauzia da, Arabako azoka zaharrena den Aguraingora, halakoek euskarari eman zioten bilguneari keinu eginez. Bestea, ikastolen ibilbideari erreferentzia, euskarari eta euskal kulturari aukerak eta ahotsak eman baitzizkieten. Horren adibide dira hitzetan ageri diren «zazpi borta», «zazpi borta, zazpi ate, Euskal Herriak zazpi lurralde dituelako eta ikastola badagoelako denetan, hiru curriculumekin gure proiektua sortuz»; «euskarak loratzen barne arrakalak», adierazteko hizkuntzak izan dituen zauriak sendatu nahian ari dela ikastola; edota «periferiak batzen», ikastolak batzen dituelako Euskal Herriko periferia guztiak. Halaber, Lautada Ikastolak zehazki ere tokia egin dio abestian, haren alde antolatutako hiru Araba Euskarazen leloak gogoratuz: Gogo biziz, Geroari begira eta -Ekin!

Musikari dagokionean, doinu dantzagarria eta alaia Ttek elektrotxarangak jarri dio. Taldeak hamar urte daramatza Euskal herriko kaleak musikaz girotzen eta abestiaren aurkezpenean kideek adierazi zutenez, «Araba Euskarazen xedea hartuta eginiko kanta bat daukagu». Doinua «funk eta pop estiloen arteko nahasketa» gisa definitu zuten.

Lauzpabost hilabeteko lana izan da eta emaitzarekin oso gustura dago Urbegain eta ingurukoengandik jaso duen erantzuna ere «oso positiboa» izan da. Lautada Ikastolako komunitatearentzat festa are bereziagoa izateko beste arrazoi bat.

 

ELKAR-EKIN


600 urtez azokaren garrantziaz
Arabako ekia Euskal Herri-ko erdia
Orduko garaiei heldutako inertziaz
Denbora luzean hauspotu du hizkuntza herria
Ipar-haize gogorra
Zerutik dator txingorra
Hautsi nahian enborra
Ta nortasun borborra
Garai latzak gogorrak
Gogortuz gure oskola
Geroari begira
Gotorleku izan da ikastola

EKIN
EUSKARATIK EKIN
SORTALDETIK EKIN
ELKARREKIN

Euskarak loratzen
Barne arrakalak
Periferiak batzen
Bat izateko prest
Zazpi borta bada
Gogo biziz heldu ezazu euskara!

EKIN
EUSKARATIK EKIN
SORTALDETIK EKIN
ELKARREKIN
ARABA EUSKARAZ EKIN