NAIZ

Bertso plazak berrartu du pandemia aurreko hauspoa

Bertsolaritzaren ekosistema aztertzea xede duen Xenpelar Dokumentazio Zentroaren datuei erreparatuta, bertso plazak pandemia aurreko egoerara itzuli direla baieztatu du Bertsozale Elkarteak. Aldaera bat bada hala ere: libreko saioek beharakada izan dute eta jaialdi kopuruak, aldiz, gora egin du.

Bertso saioa iazko Donostiako Aste Nagusian.
Bertso saioa iazko Donostiako Aste Nagusian. (Iñigo Uriz | FOKU)

Bertsolaritzaren mugimenduaren unean uneko egoera aztertu asmoz, bertso plazaren azterketa egin du aurten ere Bertsozale Elkarteak. Horretarako, Xenpelar Dokumentazio Zentroak gidatutako bilketa sistemako datuak baliatu ditu elkarteak eta, ondorio nagusi modura, saio kopuruei erreparatuta «plaza Covid-19ak eragindako pandemiaren aurreko egoerara» itzuli dela baieztatu du.

Datuak eskuartean, 2022an plazetan 1069 saio izan zirela zehaztu dute, eta pandemiarik gabeko azken urtean, 2019an, 1130 izan ziren, «baina kontuan hartu behar da 2022ko lehen bi hilabeteetan pandemiaren aurkako neurriak oraindik indarrean zeudela, horrek kultur emanaldiak antolatzeko zekarren zailtasunekin», zehaztu dute. «Kopuru absolututan, beraz, izurritearen aurreko garaien pare dago egungo plaza», ondorioztatu dute, baina bertso saio moten banaketari dagokionez aldaera batzuk izan direla zehaztu dute: lilbreko saioek beherakada izan dute eta jaialdi kopuruek, aldiz, gora egin dute.

Generoa orekatze bidean

Azterketa kuantitatiboaz gainera kualitatiboa ere egin ohi dute Bertsozaletik eta, hala, saioetan generoak, belaunaldiartekotasunak eta lurraldetasunak jokatzen duten papera eta horietan ematen diren aldaerak ere aztertu dituzte. Lehenari, generoari, dagokionez, nabarmendu dute 2010ean %20koa zela emakumezkoek bertso saioetan zuten partehartzea eta egun «ia gizonezkoen parekoa» izatera pasa dela. «Edonola –aitortu dute–, saio motatik motara jauzi handia dago ehunekotan, nahiz eta, oro har, orekatzera egin duten mota guztiek».

«Pandemia garaiak parekidetasunerako azken urteetako joera indartu zuen nabarmen. Aldaketa motelago ematen ari zen, saio mota batzuk ez ziren antolatu 2020 eta 2021 urteetan, eta horrek orekarako joera handitu zuen. Plaza ohiko jardunera itzultzen ari dela esan genezake eta horrek datu hauetan eragina duen edo ez ikusteko dago», zehaztu dute.

Izan ere, 2022ko datuei erreparatuta, bat-bateko bertso saio berezietan emakumezko bertsolaria da nagusi (%70,6), eta gizonezkoa aldiz lagun-artekoetan (%62,8), plaza librean (%58,3) eta txapelketetan (%66,3).

Belaunaldien arteko banaketari dagokionez, egun plazan dabilen bertsolari taldea «adinez nahiko orekatua» dela ondorioztatu dute, erretiroa hartuta edo hartzeko dauden bertsolariak zein 20 urte bueltakoak aritzen baitira batera plazan.

Lurraldetasunari dagokionez, azkenik, bi datu bildu ditu azterketak: bata, plazan aritu diren bertsolarien jatorria, lurraldeka antolatuta. Eta bestetik, antolatu diren saio guztiak, lurraldeka banatuta.

Jatorriari dakionez, gipuzkoarrak izan dira nagusi (%41), eta atzetik bizkaitar (%31), nafar (%12) eta arabarrak (%10) daude; Ipar Euskal Herriko bertsolarien partehartzea %6koa da, hiru lurraldeak kontuan hartuta. Bertso saioen kokalekuari begira ere antzerako datuak nabarmentzen dira: bertso saio gehien Gipuzkoan egin zen (%43), eta Bizkaia (%30) eta Nafarroa (%13) daude hurrenak zerrendan.