Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

San Pedro eta Kaiku dira KAE1 eta ETE Ligetako lider berriak Pasaian txikizioa eginda

«Libia» ontziak garaipena eskuratu du etxeko uretan, larunbatean garaile izan zen San Juan bosgarren amaituz eta tartean Zumaia, Arkote eta Lapurdi helmugaratuz. ETE Ligan, Kaikuk bere denboraldiaurre onari jarraipena eman dio.

San Pedroko arraunlariak, arraunak gora etxeko uretan bandera ospatzen.
San Pedroko arraunlariak, arraunak gora etxeko uretan bandera ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

San Pedrok lortu du, etxeko estropadan, KAE1 Ligako lehen garaipena. Larunbatean ezin izan zituen bere dohai guztiak erakutsi Donibane Lohizune eta Ziburuko uretan, baina gaur, ohorezko txandatik, aurtengo lehen bandera irabazi du. ETE Ligari dagokionez, Kaiku izan da azkarrena. "Bizkaittarra"k denboraldiaurre onari jarraipena eman dio eta lider berria da.

Txikizioa egin dute sanpedrotarrek etxeko uretan (5 ziaboga eta 6 luze izan ditu estropadak). Izan ere, lider berriak dira San Juan, bezperako irabazlea, gaur bosgarren izan ostean eta tartean Zumaia, Arkote eta Lapurdi sailkatuz.

Haizearen bolada handiei aurre egin behar izan diete ohorezko txandako lau ontziek eta hasiera batean lehia polita mantendu dute Pasaiako bi traineruek. Segundo bateko aldearekin egin dute lene ziaboga, San Pedroen alde. San Juanek, gainera, biraketa hobea egin du eta bigarren luzearen hasieran lider ipini da, aurreko eguenan erakutsitako indarra berriro agerian utziz.

Baina dena aldatu da luze horretan bertan. Bigarren ziagoban hiru segundoko aldea atera dio "Libia"k eta Koxtapek beherakada nabarmena izan du. Pentsa, mailaz igo berria den eta oso aurredenboraldi ona egin duen Lapurdi bigarren ipini da eta ohorezko txanda honetako helburua beste bat bihurtu da. Hau da, San Pedro lidertzan, Lapurdi eta San Juan segidan, eta Camargo askoz ere atzerago, aurreko txandan Zumaiak egindako denbora hobetzea izan dute erronka.

San Pedrok, Ion Fidalgo patroi lanetan egon dela, bakarrik lortu ahal izan du, hiru segundogatik bakarrik bada ere, baina horrek lidertza eman dio, atzetik sailkatu baitira Zumaia, Arkote, Lapurdi eta bezperako irabazlea San Juan.

Zumaia: bigarren txandatik estropada apurtuz

Aitor Aristi patroi lanetan, "Telmo Deun" ontziak markarik onena ipini du ordurarte. Hori bai, lan handia egin behar izan du, haize boladak handitzen ari ziren momentuan, laugarren ziaboga osterarte ezin izan baitio Arkoteri aurrea hartu. Oso lehia polita mantendu dute bi traineruek, eta atzetik zetozen Pedreña eta Zarautzek ezin zuten aurreko txandan Hondarribiak egindako marka hobetu. Kantabriarrek estropada amaieran lortu dute helburu hau, baina zarauztarrek ez, zortzigarren amaituz.

Hondarribia: lehen txandan lan txukuna eginda

Gonzalo Carrion entrenatzaileak zuzentzen duen "Ama Guadalupekoa" trainerua oso sendo aritu da arraunean gaurkoan. Iker de la Linde patroi lanetan, hasiera-hasieratik hartu die aurre bere aurkariei. Deustu izan du lehian gertuen, baina pixkanaka, estropada aurrera joan ahala, aldeak handitzen joan dira.

Hondarribiko patroiari haizea goraka zihoala entzun zaio telebistatik, baina berdeek ez dute arazorik izan trainerua helmugaraino eramateko eta Deusturi 15 segundoko aldea etarzetko. Atzerago iritsi dira Busturialdea, 21 segundora, eta Castro, 43ra.

KAE1 Liga - XIII. Kepa Deun Arrantzaleen Kodrafia Ikurriña:

1. San Pedro 20:39.96
2. Zumaia 20:42.81
3. Arkote 20:45.92
4. Lapurdi 20:46.30
5. San Juan 20:52.18
6. Pedreña 21:06.24
7. Hondarribia 21:06.99
8. Zarautz 21:12.90
9. Camargo 21:19.94
10. Deustu 21:22.07
11. Busturialdea 21:28.73
12. Castro 21:50.76

KAE1 Liga - Sailkapen nagusia:

1. San Pedro 22 puntu
2. San Juan 20 p.
3. Lapurdi 20 p.
4. Zumaia 18 p.
5. Arkote 16 p.
6. Zarautz 13 p.
7. Camargo 13 p.
8. Pedreña 12 p.
9. Hondarribia 9 p.
10. Deustu 7 p.
11. Busturialdea  3 p.
12. Castro 3 p.

Kaikuko arraunlariak, pozarren, San Pedron bandera astintzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

ETE Liga: Kaiku, lider berria

Kaikuk erakutsi zuen Bizkaiko Txapelketan aurtengoa denboraldi bikaina izan daitekeela. Larunbatean, Donibane Lohizune eta Ziburuko uretan, bigarren sailkatua izan zen "Bizkaittarra", eta igande honetan, San Pedroko uretan (3 luze eta 2 ziaboga), Jone Garcia de Andoin patroi lanetan, lehen garaipena lortu dute sestaotarrek lider berria izateko, Zumaiarekin 15 punturekin berdinduta.

Lehen ziabogatik aurrea hartu dute bizkaitarrek eta lau segundoko aldea ateratzen zioten Astillerori, lau Zumaiari eta bost Deusturi. Baina kantabriarrek bajoi nabarmena izan dute hurrengo luzean, azken posturaino jaitsiz.

Bigarren biraketan, Kaikuk nagusitasuna erakusten jarraitzen zuen eta lau segundoko aldea zuen Zumaiarekiko. "Telmo Deun" ontziak ezustekoa izan du biraketan, arraunak alde egin baitio aurrekalariari eta denbora dezente galdu dute. Hala ere, bigarren postuari eustea lortu dute eta Deustu hirugarren izan da. Zarautz, lehen txandatik, laugarren izan da.

Zarauztarrak oso nagusi izan dira estropada hasieran. Amaia Apezetxea patroi lanetan, Zarautzek hegan egin du hasiera-hasieratik eta lehia bigarren posturako egon da. "Enbata"k segundo bateko aldea atera dio Hernaniri lehenengo ziabogan eta lau Ondarroari. Portugalete, aldiz, oso atzean geratua zen zegoeneko.

Bigarren biraketan, Zarautz eta Hernaniren arteko aldea zazpi segundokoa zen, baina maniobra ostean Ondarroak aurre hartu die hernaniarrei eta lehia polita mantendu dute azken luzean ontzi guztiak lehen kalera joaten ziren bitartean. Hala, Zarautzek hegan egin du txandako azkarrena izateko, Ondarroa, Hernani eta, atzerago, Portugaleteren aurretik.

ETE Liga - Hernaniko II. Bandera:

1. Kaiku 11:26.50
2. Zumaia 11:34.85
3. Deustu 11:36.06
4. Zarautz 11:46.75
5. Astillero 11:48.21
6. Ondarroa 11:57.19
7. Hernani 11:59.73
8. Portugalete 12:35.30

ETE Liga - Sailkapen nagusia:

1. Kaiku 15 puntu
2. Zumaia 15 p.
3. Deustu 12 p.
4. Zarautz 9 p.
5. Astillero 9 p.
6. Ondarroa 6 p.
7. Hernani 4 p.
8. Portugalete 2 p.