NAIZ

Etxe bat okupatu dute Senperen, salmenta espekulatiboa gelditzeko asmoz

ELB laborarien sindikatua, Lurzaindia elkartea, Ostia sarea eta herrian sorturiko kolektiboaren babespean okupazioa abiatu du herritar talde batek Olha etxean, Senperen.

Okupazioa martxan eman duten eragileek agerraldia egin berri dute Senperen.
Okupazioa martxan eman duten eragileek agerraldia egin berri dute Senperen. (Guillaume FAUVEAU)

ELB laborarien sindikatuak, Lurzaindia elkarteak, Ostia sareak eta herrian sorturiko kolektiboak jakitera eman dutenez, gaur goizean okupazioa hasi dute Senperen.

40 bat lagun inguru bertaratu dira Martienia bidean kokatua den Olha etxera, «denon artean salmenta espekulatiboa hausteko asmoz».

Etxalde horren inguruan azken asteetan luzatu den ika-mikaren azkeneko kapitulua izan da etxaldearen jabeak borrokan ari diren kolektiboei lurra erostea proposatu izana, 200.000 euroren truke.

Alta, etxebizitza, ordea, jabeak salgai eman nahi du, betiere prezio zinez altuan: 1.000.000 euroan saldu nahi baitu bizitokia.

Espekulazioaren kontra lanean ari diren kolektiboek ez dute proposamena onartu, haien ustez espekulazioa elikatuko lukeelako.

Akordioaren faltan, ekintzetara pasatu dira.

Ura badago etxean

Hutsik dagoen etxean instalatu dira aipaturiko eragileek bultzaturiko ekimenera lotu diren herritarrak gaur goizean.

Lehenengo gauari begira «okupazioa ziurtatzeko» deia egin dute. Une honetan ura bada etxean, ez ordea argindarra, baina espero dute laster argia ere izatea.

«Euskal Herria ez da salgai», «Espekukazioari ez» edo «Terres agricoles en danger, occupons!» leloak ezarri dituzte bazter aski isolatu batean kokatzen den etxalde horren aurrealdean.

Arbonan eta Kanbon jorraturiko ekimenak

Gaur Senperen abian eman duten okupazioak aurrekari argia badu badira pare bat urte laborantza lurrak ezin direla galdu agerian jarriz Arbonan abian eman zen okupazioan.

Lurzaindia eta ELB sindikatuko laborariek 2021eko ekainaren 23an okupatu zuten Berroetako bidean kokaturiko etxea, Arbonan.

Laborantzarako egokia den 15 hektareako lursaila hiru milioi euroan saldua izan zela eta eroslea ez zela nekazaria salatu zuten ekintzaileek. Modu horretan, laborantza lurrekin egiten diren operazio espekulatiboak salatu zituzten eta politikariei arazoa aintzat har dezatela eskatu zieten.

Geroztik, beste ekimen batzuk izan dira, hala nola Kanbon, kasu horretan laborarien kalterako etxebizitzak Marieniako eremuan eraikitzeko egitasmoa salatzeko.