NAIZ

Garazi Kamiorentzat da Zarate Saria, ‘Bikini’ nobelagatik

Garazi Kamio Anduaga andoaindarraren ‘Bikini’ nobela laburrak iranazi du Mikel Zarate haur literaturako saria. Bullyinga da kontakizunaren muina, egoeraren lekuko den haurraren begiradatik kontatua.

Garazi Kamio, Mikel Zarate sariduna.
Garazi Kamio, Mikel Zarate sariduna. (ELKAR)

Garazi Kamio Anduagak idatzitako ‘Bikini’ nobela laburrak irabazi du 2023ko Mikel Zarate haur literatura saria. Elkar argitaletxetik jakinarazi dutenez, hamasei lan aurkeztu dira aurten sariketara eta horien artean Kamiok idatzitako eleberria hautatu du Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak. Horrenbestez, idazle eta irakasle andoainarrak 3.000 euroko saria jasoko du eta liburua, berriz, Elkar argitaletxeak argitaratuko du.

Elkar-etik aurreratu dutenez, ‘Bikini’ kontakizunak bullying istorio bat du hizpide, baina ezohiko optikatik: irakurleak ikusle hutsa den eta egoera deserosoan sentitzen den haur baten ahotik jarraituko du istorioa, ez biktimaren edo erasotzailearen ikuspegitik.

Garazi Kamio Andoainen jaio zen 1979an. Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Irakasletza ikasitakoa da; kazetari lana egina da, baina ingeleseko irakasle lanetan dabil gaur egun bere herriko ikastolan. Aurretik ‘Beste norbaiten zapatak’ (2012, Igartza Saria) eta ‘Orube abandonatuak’ (2014, Augustin Zubikarai Saria) narratiba-lanak argitaratutakoa da, haur literaturako hainbat kontakizunez gainera.

Mikel Zarate haur eta gazte literatura saria Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamahirugarren ekitaldia izan da aurtengoa. Karmele Mitxelenak irabazi zuen iaz, ‘Marrubizko uda’ kontakizunarekin.