Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Arraun Lagunak, Euskotren Liga historikoaren lehen irabazlea Coruñako ur zailetan irabazita

Lehen txandatik irabazi dute donostiarrek, nagusitasun osoz, eta bigarren postuan Tolosaldea geratu da. Orio, egungo txapelduna, bigarren txandan izan da eta laugarren amaitu du, Donostiarraren atzetik.

Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia, bandera astintzen.
Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia, bandera astintzen. (EUSKOTREN LIGA)

Goizeko 9.00etan bildu dira talde ezberdinak antolatzaileekin eta azkenean gaurko estropada egitea erabaki da. Hala ere, itsasoaren baldintzak larunbatean baino okerragoak ziren estropada hasi aurretik. Larunbateko jardunaldia bertan behera uzteko arrazoia ontziratzeko garaian zegoen arriskua izan zen, baina gaurkoan haize handia zegoen estropada eremuan eta kanpoaldean nahiko nahasia zirudien.

Egoera honetan, semaforo berdea piztu egin da eta Euskotren Liga historiko honetako lehen garailea Arraun Lagunak izan da. Historikoa diogu lehen aldiz zortzi traineru arituko baitira aurten Ligan, bi txandetan banatuta. Galiziarrek, hori bai, datozen bi urtetarako bertan lehiatzea ziurtatua dute akordio baten bidez.

Lehen txandan ikusi da olatuek zer nolako eragina zuten, baina Arraun Lagunakek, Andrea Astudillo patroi lanetan, bere nagusitasuna eta esperientzia erakutsi ditu hasiera-hasieratik. Lehen jardunalditik, lehen paladatik argi utzi dute Euskotren Liga nahi dutela.

Beraien atzetik aritu dira Tolosaldea, iaz mailari eustea lortu zuen taldea, eta Donostiarra, oso denboraldiaurre bikaina egin duena. Tiran, ordea, oso atzean geratu da lehen luzean (lehen erdialdean 23 segundoko galera zuen jada). Lehia oso polita mantendu dute Tolosaldeak eta Donostiarrak. Izan ere, ziabogan Arraun Lagunak azkarrena izan bada ere –olatuen eraginez pixka bat kostatu zaio maniobra egitea, baina denbora galdu gabe–, zortzi segundoko aldea atera dio Tolosaldeari eta hamar Donostiarrari.

Bigarren luzean, ordea, Donostiarra, Nerea Perez patroi lanetan zela, Tolosaldeari pasa dio momentu batean. Baina Izaro Lestayo, mutilekin aritutakoa duena, bere esperientzia erakutsi du olatu ona hartu eta helmugan txandako bigarren postua lortzeko. Aurretik, Arraun Lagunak ontziak erraz irabazi du.

Lehen hiru traineru hauek ez zekiten oraindik estropadan postu horietan amaituko zutela. Izan ere, bigarren txandan Oriok ezin izan baitu debora hobetu. Egungo txapeldunak, Nadeth Agirre patroi lanetan zela, indar guztiak jarri dituzte markak hobetzeko, baina ziabogan zortzi segundo gehiago behar izan dituzte.

Hondarribia atzetik zetorren, hamar segundora, Cabo 17ra eta Hibaika 24ra. Beraz, mirotzek ez zuten arazorik beraien lanean zentratzeko. Eta horretan jarri dira buru-belarri. Oriok olatu oso onak hartu ditu azken luzean eta abantaila murriztu du Arraun Lagunak-ekiko, baina ezin izan du donostiarren denbora gainditu, eta azkenean laugarren izan da.

Aipatzekoa da ere Hondarribia –bosgarren– edota Hibaikaren –zazpigarren– lana, aurten igo baitira mailaz.

VI Bandeira Cidade da Coruña:

1. Arraun Lagunak 11:58.08
2. Tolosaldea 12:01.32
3. Donostiarra 12:03.76
4. Orio 12:03.98
5. Hondarribia 12:12.70
6. Cabo 12:42.64
7. Hibaika 12:51.92
8. Tirán 13:09.52

Sailkapen nagusia:

1. Arraun Lagunak 8 puntu
2. Tolosaldea 7
3. Donostiarra 6
4. Orio 5
5. Hondarribia 4
6. Cabo 3
7. Hibaika 2
8. Tirán 1