NAIZ

Maddi Barber zinemagileak hartuko du lekukoa San Telmoren Museo Bikoitza programan

Maddi Barber zinemagile nafarra da San Telmo Museoaren Museo Bikoitza programarako hautatutako artista, Hinrich Sachs artistaren erabakiz. Urtebetez proiektu bat onduko du museo donostiarrean. 

Maddi Barber zinemagile nafarra.
Maddi Barber zinemagile nafarra. (Gorka Rubio | FOKU)

Museo Bikoitza esku-hartze programarako artista gonbidatu berria Maddi Barber izango da. Programa hau San Telmo Museoak sustatzen du eta urteko aukera luzatzen dio artista bati museoaren sustenguz proiektu bat garatu eta aurkezteko, gerora museoan erakutsi eta honen bildumaren zati izatera pasatzen dena.

Programaren bereizgarrietako bat da parte hartu duen artistak hautatzen duela hurrengo gonbidatua eta, kasu honetan, azken urte betean San Telmon bere proiektua ontzen aritu den Hinrich Sachs izan da Maddi Barber-en hautaketa erabaki duena.

Maddi Barber-en (Lakabe, 1988) lan zinematografikoa (‘Paraiso’, 2021; ‘Gorria’, 2020; ‘Urpean Lurra’, 2019; ‘592 metroz goiti’, 2018) jaio zen Pirinio aurreko lurraldeari estu lotuta dago eta, etnografia esperimentalaren ikuspegitik, oroimenaren, lurraldearen, ekologiaren eta gizakiaren eta naturaren arteko harremanean jartzen du arreta.

Azken urtetan, 2018an ‘512 metroz goiti’ estreinatu zuenetik batez ere, aitorpena irabazi du zinema-komunitatean eta bideoarteko adituen artean.

Sachs-ek gogora ekarri duenez, bere lehen lanetako batean museo britainiar bateko biltegi baten sakonean sartu zen, baina San Telmoren bilduma esploratzeko «aldez aurretik prestatzen duena ez da hori, baizik eta bere kamera, muntaia eta soinua oinarrizko harremanekiko sentsibilitate berezia erakusteko erabiltzen dituen modua. Bereziki denbora luzeegian zaindu ez direnak: ingurumenarekiko, paisaiarekiko, lurrarekiko harremanetatik hasi eta larruazalpearen sakoneraraino».

‘592 metroz goiti’, ‘Urpean Lurra’ eta ‘Gorria’ filmetan agertzen den interkonexioak Donna Harawayren «ezagutza kokatuaren» kontzeptua eta lurraren «arazoarekin jarraitzeko» egin berri duen deia gogorarazten dituela ere nabarmendu du. «Barberren lanak oroimen-irudiak sortzen ditu sentikortasunetik. Ziur nago, testuinguruari jartzen dion arreta berezia medio, altxor ezkutuak eta puntu itsuak aurkituko dituela San Telmo Museoan. Bere proiektua 2024an ezagutzeko irrikaz egongo gara», amaitu du.

Bere aldetik, Sachs-en proiektuaren emaitza urrian aurkeztuko dutela iragarri du San Telmo Museoak.