Gaztea bada ere, Ainhize Belar bikain kudeatzen ari da kirol eskaladan lantzen ari den ibilbidea. Oso sasoiko egoteaz gain, ingurukoek lasaitasuna eman eta jarduera oso azpimarragarriak eskaintzen ditu. Gogora dezagun, adibidez, ‘Begi puntuan’-en (9a, Etxauri) lehen igoera femeninoa egin duela.
Hori gutxi ez, eta bizkaitarrak erabat sendotuta du 8c maila. Dagoeneko, Atxondoko “kobazuloan” zazpi marra gordeta ditu. Azkena, ‘Honky Tonky’ (Araotz) izan da. ‘Begi puntuan’ egin zuenean, aipatu genuen era batean edo bestean Josune Bereziarturen lekukoa hartzen ari zela. Jakina, zaila da oso euskal eskalatzaile historiko horrek egin zuena berdintzea edo gainditzea. Baina, bederen, Belar erakusten ari da berri oso handiak emateko prest dagoela.
14 urterekin lehen 8c egin zuen: ‘Gezurraren erresuma’ (Gaubea). Udara honetan, berriz, 17 urterekin, ‘Welcome to Tijuana’ (Rodellar) eta aipatu dugun ‘Honky Tonky’; seigarrena eta zazpigarrena hurrenez hurren. Berriro diogu, denera 8c zailtasuneko zazpi marra.
Azken bide horri dagokionez, aurreratu behar dugu atxondarraren apustuak kutsu berezia duela. Izan ere, bide horrekin Bereziartuk munduko lehen 8c femeninoa sinatu zuen. Hots, eskalatzaile gipuzkoarra historian sartu zen.
Belarrek NAIZi aurreratu dio gogo handiz zegoela eskalada gunez aldatzeko eta bide historiko hori probatzeko: «Rodellarrekoa egin eta gero, Korea sektorera joatea erabaki nuen. Etxetik gertu izateaz gain, sektore horretan gutxi eskalatu dut. Eta, gainera, bide gogorretan estilo hori probatu nahi nuen. Hortaz gain, zer esango dizut ‘Honky Tonky’-ri buruz… Bada, emakumezkoen eskaladan aitzindari izan den baten bidean sartu naizela».
Zortzi ekinaldi
1995. urtean, Bereziartuk berak eta Rikar Otegik ‘Honky Tonky’ ekipatu zuten. Hiru urte beranduago, Bereziartuk lehen puntu gorri femeninoa jarri zion marrari.
Hogeita bost urte beranduago, Atxondoko gazteak eskalatzaile historikoaren urratsak jarraitu eta zortzi ekinalditan Korea sektoreko bide hori kateatu du: «Bidearen inguruan ez nuen informaziorik. Baina hara joan eta lehen saialditik asko gustatu zitzaidan. Estilo horrekin ez nago ohituta, baina oso ondo pasatu dut. Mugimendu ederrak ditu, erresistentzia luzea… Hitz batean, bide bikaina da. Atseden hartzeko lekuan, berriz, komeriak pasatu nituen; ezin nituen eskuak askatu! Marra horretan egin dudan prozesua nahiko azkarra izan da. Hirugarren ekinaldian eroriko batekin egin nuen, eta zortzigarrenean arrakasta erdietsi nuen».
Belarren 8c mailako zazpigarren bidea izan da ‘Honky Tonky’, eta horren inguruko balorazioa eskatu diogu: «Pozarren nago marra bikaina eskalatu dudalako eta bide historikoa delako».
Amaitzeko, aurreratu behar dugu eskalatzaile bizkaitarrak ez duela Araotz atzean utzi. Korea sektorean jarraitzen du; agerikoa denez, aukera aprobetxatu nahi du ‘Honky Mix’ (8c+) patrikara eramateko. Belarren lehen 8c+ izango litzateke. Oso eskura du; izan ere, eroriko bakar batekin egiten ari da. Bide horren lehen igoera femeninoa ere Bereziartuk lortu zuen; hots, munduko lehen 8c+ femeninoa izan zen.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas
