Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Peña-Rezustaren bigarren garaipenak etorkizun iluna zabaldu die Elordi-Albisuri (15-22)

Ostiral gauean gorriz jantzitako bikoteak ezin izan du CaixaBank Masterseko lehen garaipena lortu eta sailkapenean hutsean jarraitzen du. Kontrako bidea daramate Peña II.a-Rezustak, bi jardunaldiren faltan, bi garaipen baitituzte.

Peña II.a-Rezusta hobeak izan dira Los Arcoseko pilotalekuan.
Peña II.a-Rezusta hobeak izan dira Los Arcoseko pilotalekuan. (Raúl BOGAJO | FOKU)

CaixaBank Masterseko hirugarren jardunaldiko lehen partida jokatu dute ostiral gauean, Los Arcosen, Elordi-Albisuk eta Peña II.a-Rezustak. Ibilbide zeharo ezberdina daramaten bi bikote aritu dira elkarren kontra eta gauzak oraindik zehaztu gabe badaude ere, esan daiteke, bi jardunaldiren faltan, urdinez jantzitako bi pilotariek pauso handia eman dutela hurrengo kanporaketa jokatzeko; gorriei, aldiz, etorkizuna oso ilun jarri zaie, ez baitute oraindik garaipenik lortu.

Kuriositatez, Peña II.a eta Albisu txapeldun izan ziren astean zehar Gasteizeko Andre Maria Zuriaren txapelketako finalean elkarrekin jokatuz. Gaur elkarren kontra aritu dira, baina aurrelariari gauzak txukun atera zaizkion bitartean, atzelariari desesperatuta ikusi zaio neurketaren erdialdetik aurrera.

Ataungoa nagusi izan da atzeko koadroetan hasierako tantoetan. Hala, Elordik bikain aprobetxatu du eta gorriak 4-1 aurreratu dira markagailuan. Baina urdinek indarrak orekatu dituzte. Hasierako tantoetan bi bikoteek mantendu duten indar erakustaldiaren lekuko izan da 7-7koa. Urdinek tantoa dominatu dute, baina Albisu oso ondo defendatu da eta azkenean Rezustak huts egin du.

Hamarna ere berdindu dute, baina Rezusta bere erakustaldiarekin hasi da –hiru tanto egun ditu partidan– eta urdinak, gorrien huts batzuk aprobetxatuta, 0-7ko partzial bat sinatu dute 10-17raino aldentzeko. Albisu, zegoeneko, desesperatuta ari zen. Egia da pilotalekuak ez zuela asko laguntzen –neurketa amaieran, Peñak hori baieztatu du, behintzat–, baina atzelariak ezin zituen bere pilotakadak guztiz kontrolatu eta gora joan zaizkio pilota batzuk.

Bigarren atsedenalditik aurrera, 4-4ko partzial bat sinatu dute bi bikoteek, baina urdinek, nahiz eta Peñak falta bat egin duen sakean 15-21ekoan, abantaila hartuta zuten eta hobeto amaitu dute partida. Elordik txapara bidali du pilotakada Peña II.a-Rezustaren garaipena baieztatzeko. Miraririk ez bada gertatzen, Elordi-Albisu txapelketatik kanpo geratuko dira.

PARTIDAKO FITXA:

Elordi-Albisu: 15

Peña II.a-Rezusta: 22

Pilotakadak: 470. Iraupena: 56:18. Markagailua: 2-0, 2-1, 4-1, 4-2, 5-2, 5-4, 6-4, 6-7, 7-7, 7-9, 10-9, 10-17, 11-17, 11-18, 12-18, 12-20, 14-20, 15-20 y 15-22. Sakez egindako tantoak: 0 Elordik eta 2 eta falta bat Peña II.ak. Jokoan egindako tantoak: 9 Elordik, 1 Albisuk, 5 Peña II.ak eta 3 Rezustak. Galdutakoak: 5 Elordik, 6 Albisuk, 2 Peña II.ak eta 2 Rezustak. Gertakariak: Sarrera ona Los Arcoseko pilotalekuan CaixaBank Masterseko hirugarren jardunaldiko partida ikusteko. Lehen sakea gorrientzat.