Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Peña II-Albisuk hutsean utzi dute Altuna-Martijaren bateria Gasteizen txapeldun izateko (19-22)

Baikoko bikoteak Andre Maria Zuriaren txapelketa irabazi du freskotasuna falta zitzaion Aspeko bikotearen aurka irabazita. Tanto ederrak baina aldi berean oso gogorrak ikusi ahal izan dira Ogeta pilotalekuan. Jon Ander Peña izendatu dute pilotaririk onena.

Jon Andertarrak, Peña eta Albisu, Gasteizeko goiko kajoian, Altuna-Martijari gailenduta.
Jon Andertarrak, Peña eta Albisu, Gasteizeko goiko kajoian, Altuna-Martijari gailenduta. (Iñigo URIZ | FOKU)

Andre Maria Zuriaren txapelketak baditu txapeldun berriak. Jon Andertarrek, Peñak eta Albisuk alegia, garaikurra eraman dute etxera final gogor eta luze batean bateria hutsean geratu zaien Jokin Altuna eta Julen Martijari 19-22 irabazita. Aspeko bikoteak biziraun lan handia egin du gaurkoan. Gogoratu behar da Altunak berak freskotasun falta nabaritzen hasia zela onartu zuela igandeko neurketa amaitu ostean. Eta finalean nabaria izan da faktore hau.

Egia da Amezketako “magoak” gutxi behar duela mina egiteko. Aurrelariak inork baino hobeto daki denborak markatzen, eta gaurkoan ere ondo baliatu du ezaugarri hau; baina 16-17koan, partidako tantorik ikusgarrienean, aldageletara joan behar izan du eskuan zuen mina medikuak ikus zezan. Horri freskotasun falta gehitu behar zaio. Izan ere, Aspekoek oso partida gogorrak jokatu dituzte Gasteizeko jaietan, eta azkenean garesti ordaindu dute.

Hasteko, urdinak 0-4 aurreratu dira Martija oraindik partidan ondo sartu ez zela aprobetxatuta. Atzelariak ez zuen nahi zuen kolpea bilatzen eta pilota nahiko errazak uzten zizkion Peñari aurreko koadroetan. Albisuk, bestalde, ondo kontrolatuta zituen atzeko koadroak. Hala ere, gorriz jantzitakoek markagailuari buelta ematea lortu dute. Beraien tantoengatik baino, aurkarien hutsengatik lortu dute 7-5 eta 9-6koa ipintzea.

Partida gogortuz

Bazirudien Aspekoek zailena eginda zutela; are gehiago nekearen faktorea airean egonda. Baina urdinak erasoan asmatzen hasi dira. Aipatzekoa da 9-8koa, tanto ederra benetan. Altunak txokora moztutako pilota bati erantzun bikaina eman dio Peñak txokoan goxo utzita. Baikoko bikoteak, gainera, 9-12 aurreratzea lortu du.

Lehen atseden luzea ostean, Altunak berriro markatu ditu denborak. Atzean pilota eskatuz oihuka zetorren Martijari jaramonik ez egin eta txokoan egindako ezker dejada dotore batekin 11-12koa ipini du amezketarrak. Bere huts batek aldeak mantendu ditu markagailuan (11-13).

Hala ere, amezketarrak sakez asmatu egin du, bi tanto lehen kolpearekin eginda, 14-13 aurretik ipintzeko. Bazirudien gorrien bateria oraindik iraun zezakeela, baina finala gogortu egin da. Jokin Altunaren bi pareta ikusgarrien eta Albisuren hutsaren ostean (16-16), partidako tantorik ikusgarriena iritsi da. Bi aurrelariak saiatu egin dira tantoa egiten, ahal zuten guztiarekin defendatuz ere, baina Albisu izan da zabalean dejada batekin tantoa egin duena. Gorrientzat tanto oso neketsua izan da eta, nahiz eta Altuna arazorik gabe bueltatu den kantxara eta 19-19 jartzea lortu duten, Jon Ander Peñak inor baino hobeto asmatu du neurketako unerik garrantzitsuenean.

Baikoko aurrelariak hiru tanto egin ditu jarraian, horietako bat ezker gantxo zital batekin, berari eta bere izenkideari Gasteizeko jaietan merezitako garaipena emateko.

PARTIDAKO FITXA:

Altuna III.a-Martija: 19

Peña II.a-Albisu: 22

Pilotakadak: 653. Iraupena: 72:02. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-5, 7-5, 7-6, 9-6, 9-12, 11-12, 11-13, 14-13, 14-16, 16-16, 16-18, 17-18, 17-19, 19-19 eta 19-22. Sakez egindako tantoak: 3 Altuna III.ak eta 0 Peña II.ak. Jokoan egindako tantoak: 3 Altuna III.ak, 1 Martijak, 13 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak, 3 Martijak, 7 Peña II.ak eta 5 Albisuk. Gertakariak: Sarrera bikaina Gasteizeko Ogeta pilotalekuan Andre Maria Zuriaren finala ikusteko. Lehen sakea urdinentzat izan da. Jon Ander Peña Baikoko aurrelaria izendatu dute finaleko pilotaririk onena.