Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Zierbenak azken luzean lapurtu dio altxor baliotsua Hondarribiari Galiziako uretan

Bizkaitarrak izan dira azkarrenak Moañako uretan, Hondarribiari azken luzean gainditu ostean urteko bigarren bandera irabazita. Urdaibaik hirugarren postuari eutsi ahal izan dio, larri, eta are larriago lortu du Donostiarrak laugarren postua, lehen txandan aritu den Orioren aurretik.

Zierbena izan da azkarrena Moañako uretan.
Zierbena izan da azkarrena Moañako uretan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Galiziako lehen estropadak ezustekoa ekarri digu. Izan ere, begirada guztiak Urdaibai liderra eta Hondarribian jarrita dauden momentu honetan, Zierbenak protagonismoa nahi duela argi eta garbi erakutsi du Moañako uretan. Azken luze ikusgarria egin dute bizkaitarrek ordurarte estropadako liderra zen "Ama Guadalupekoa" ontzia gainditu eta denboraldiko bigarren bandera irabazteko.

Berdeek egun aproposa zuten Udaibairi, gutxienez, bi puntu kentzeko sailkapen nagusian, bermeotarrek ezin baitzuten beren erritmoa mantendu. Baina Aitor Lazkano patroiak gidatutako Zierbena agertu da azken luzean, estropada guztian Hondarribiarekin lehia polita mantendu ostean, eta bandera eraman ahal izango du etxera igandean, goizean Boiroko estropada amaitzean. Zeinek daki ez ote duen beste bandera bat lortuko Galiziako uretan...

Aipatzekoa da Zierbenak Hondarribiak egin ezakeen sarraskia ere apurtu duela. "Ama Guadalupekoa"k Urdaibairi bi puntu kentzetik oso gertu ibili da. Liderra nahiko larri aritu da estropadan zehar. Momentu askotan bigarren txandan aritu den Orioren denbora ezin hobetuz aritu dira bermeotarrak, baina Zierbenak Hondarribia pasa duenean eta puntu bakarreko galera izango zutela konturatu direnean, lasaiago aritu dira Gorka Aranberriren arraunlariak eta hirugarren amaitu dute estropada.

2. txanda: Oriok eta Cabok sarraskia saihestu dute

Ohorezko tandakoek Orioren denbora zuten erreferentziatzat. Baina bigarren txandakoek itsasoaren baldintza aldaketak jasan behar izan dituzte. Hau da, lehen txandatik hona haizearen abiadura jaitsi egin da, baina beste arazo bat sortu da: ur korronteak. Egoera honetan, Oriok bikain egin du arraun eta txandako garaile suertatu da. Cabo, etxetik gertu, behetik gorantz egin du nabarmen eta, hasiera batean estropadako azkena baldin bazen, azkenean bigarren amaitu du txanda.

Getariak eta Lekittarrak, aldiz, kontrakoa egin dute. Bikain hasi badute ere, azkenean kosta egin zaie erritmoari eustea. Pentsa, Getariari lehen txandako Kaiku sartu zaio aurretik, eta Lekittarrari, aldiz, Ondarroa eta Santurtzi.

1. txanda: Kaiku, oso serio; Samertolameu, etxean kale

Kaiku eta Samertolameu txanponaren bi aldeak izan direla esan dezakegu. "Bizkaitarra" bikain aritu da Galizian, baina etxeko traineruak kale egin du. Ondo ezagutzen duen estropada eremuan, goizegi bota ditu uretara bere aukerak. Izan ere, lehen luzean denbora asko galdu du eta itzulerakoan are gehiago. Helmugan 30 segundo galdu ditu.

Aurrean, aldiz, Kaiku bikain aritu da. Lehenengo ziabogan segundo bateko galera zuten bizkaitarrek, hirugarren postuan, baina maniobra ostean, Santurtziri pasa diote. Gainera, Ondarroa, lehen kaletik, sufritzen ari zen, eta Kaikuk pasa egin dio, oso luze ona eginda.

Hurrengo maniobretan, "Bizkaitarra" traineruak denborak handitzen jarraitu du eta txandako garaipenak ez dio ihes egin. Bigarren posturako lehian, Ondarroa atera da garaile, gaurkoan ezustekorik gabe aritu den Santurtziren eta oso atzean helmugaratu den Samertolameuren aurretik.

Eusko Label - IX Bandeira Illa Do Samertolameu:

1. Zierbena 19:39.68
2. Hondarribia 19:45.26
3. Urdaibai 19:53.10
4. Donostiarra 19:57.12
5. Orio 19:58.52
6. Cabo 20:07.30
7. Kaiku 20:08.40
8. Getaria 20:14.22
9. Ondarroa 20:14.86
10. Santurtzi 20:15.16
11. Lekittarra 20:17.60
12. Samertolameu 20:39.24

Sailkapen nagusia:

1. Urdaibai 133 puntu
2. Hondarribia 128
3. Zierbena 124
4. Donostiarra 102
5. Orio 85
6. Getaria 73
7. Cabo 70
8. Lekittarra 63
9. Kaiku 52
10. Ondarroa 48
11. Santurtzi 31
12. Samertolameu 26

KAE1 eta KAE2

Arrauneko bigarren eta hirugarren mailei dagokionez, San Pedrok presioa sartu dio Lapurdi liderrari KAE1 Ligako Pasaiako XXXVIII. Ikurrina irabazita. "Libia" ontziak denboraldiko laugarren garaipena erdietsi du larunbat honetan erlojupekoan egindako estropadan eta bigarren izan den Arkoteri 11 segundoko aldea atera dio, Lapurdi izan da hirugarren, 12 segundora.

Zumaia, San Juan, Camargo, Hondarribia B, Deustu, Zarautz, Pedreña, Busturialdea eta Castro osatu dute sailkapena. KAE1 Liga amaitzeko hiru proba falta direnean –hurrengoa asteartean da, Castro Urdialesen–, sailkapen nagusia honelaxe dago: Lapurdi (118 puntu), San Pedro (115), Arkote (112), San Juan (104), Zumaia (81), Camargo (75), Zarautz (74), Pedreña (55), Hondarribia B (47), Deustu (35), Busturialdea (30) eta KAE2 Ligara birtualki jaitsi den Castro (12).

KAE2 Ligan, aldiz, Orio B-k KAE1 Ligarako igoera lortu du dagoeneko Errenteriako X. Ikurrinan irabazi ostean. Erlojupekoan egin den proban, garaile izan dira «mirotzak», Donostiarra B-ri sei segundo ateraz eta Portugaleteri hamar. Hibaika, Astillero, Mutriku eta San Juan B izan da sailkapena.

Bi proba besterik falta ez direnean, honelaxe dago sailkapen nagusia: Orio B (61 puntu), Portugalete (46), Donostiarra B (42), Astillero (38), Hibaika (33), San Juan B (17) eta Mutriku (15).