Arnaitz Gorriti

Urdaibai, nagusi bigarren luze gogoangarri bati esker; Zierbena, ohorezko txandatik kanpo

Urdaibaik, ia erlojuaren aurka eta ziabogan 11 segunduko galera izanda, denborarik onena markatu du Kontxako badian, bueltako luze ikaragarria egin ostean. Hondarribia, Donostiarra eta Oriok osatuko dute ohorezko txanda, denak bost segunduren barruan. Zierbena da bosgarrena, zortzi segundu eskasera.

Urdaibai, erlojuaren aurka atzetik aurrera eginez.
Urdaibai, erlojuaren aurka atzetik aurrera eginez. (Gorka RUBIO | FOKU)

Sarritan ikusten dira arraunlariak jota, akituta, helmugara iritsi eta hurrengo minutuan. Urdaibaiko arraunlariak ia lehertu dira bigarren luzearen amaieran, baina eutsi diote Gorka Aranberri patroiak eskatu dien horri eta ziabogan pilaturiko 11 segunduko galerari buelta eman diete bermeotarrek.

Hala, Hondarribiari 1,25 segunduko aldeaz baino ez ez bada ere, denbora onena lortu dute bizkaitarrek. Ohorezko txandan izango diren Donostiarra eta Orio ere ez dira askoz urrutiago izango, denak ere bost segunduren barruan. Bestalde, sailkapen estropadan denborarik onena egin zuen Zierbena ohorezko txandatik at geratu da, baina Urdaibairengandik zortzi segundu baino gutxiagora.

Iker Zabala Urdaibaiko entrenatzaileak bere arrunlariak zoriondu ditu, behar bezalako erreferentziarik jaso gabe estropadari buelta emateko kapaz izan direlako. «Sekulako bi txanda ikusi ditugu gaur, eta mutilak topera joan dira eta egin duten lan horrekin pozez txoratzen nago», adierazi du, nahiz eta antolakuntzarekin haserre ere azaldu den erreferentzia falta hori dela-eta. Antza, arazo teknikak izan omen dira erreferentzia horiek eskaintzeko orduan.

Nolanahi, Urdaibaik aurkari zuzenak kaitik ikusi behar izan ditu arraunean, bigarren txandan egokitu baitzaio bere lana, Getaria, Cabo eta Ondarroaren ondoan. Ez zaio ‘Bou Bizkaiari’ asko kostatu aldea ateratzea bere hiru aurkariekiko, beti ere jakinean aurreneko txandako traineruekin egokitu zaiola egiazko lehia.

Izan ere, aurreneko txandako estropada sekulakoa izan da. Hasteko eta bat, estropadari ekin aurretik abisu bana jaso dute Hondarribiak eta Zierbenak, eta Hondarribiak ez du urruti izan hiru segunduko zigorra, aurreneko txanpan Orioren kalera sartu eta mirotzen arraunetara komeni baino gehiago hurbildu diren arren. Hasierako bi minutu horiek kalterako ikusten zituen ‘Ama Guadalupekoak’ eta Aquarium ingurua pasa arte Orioren kalera hurbiltzea erabaki du Ioseba Amunarriz patroiak.

Handik aurrera lasaiago ibili da traineru ‘vikingoa’, batez ere aldea ateratzen asmatu duelako. Oriok eta Donostiarrak traineru beteko aldea pasatxo galdu dute Hondarribiarekiko eta Zierbenak, berriz, laugarren kaletik oso aurreneko luze petrala bizi behar izan du. Hain zuzen, 11 segunduko galera izan dute «galipoek» ziaboga orduan.

Arraunlariak zukutuaz

Gezurra badirudi ere, Urdaibai bera ere 11 segundura geratu da ziaboga garaian eta ia erlojuaren kontrako saioa burutu behar izan du poparean. Hondarribiak aurreneko txandan branka mantendu du, nahiz eta laukoteko denborarik eskasena egin duen bigarren luze horri soilik begiratuz gero. Oriok ez dio bere kaletik ihes egiten eta Donostiarrak eta Zierbenak ere atzetik aurrerako popare aparta egin dute.

Nolanahi, ‘Ama Guadalupekoak’ ongi eutsi die bere arerioei, ia ontzi beteko aldearekin helmugaratu baita Donostiarra eta Oriorekiko eta bi ontziko tartea mantendu du, bestalde, sekulako poparea egin duen Zierbenarekin ere.

«Bagenekien borroka handia izango genuela gure txandan. Kanporantz arraunekra polita hartu dugu eta barrurantz Oriorekin borrokatu dugu –ez baitio Orioko traineruak estriborrerantz joaten laga–. Bestela ere, bagenekien korrontea aldatuko zela eta hargatik, ahalik eta denbora gehien atera behar geniela aurkariei joaneko luzean, eta gero helmugara arte eutsi», laburbildu du Ibai Camarero Hondarribiako arraunlariak.

Eta eutsi dio neurri handi baten Hondarribiak, baina Urdaibairen poparea beste maila bateko luzea izan da, ordea. «Ez genuen erreferentziarik eta topera ekarri ditut», laburbildu du Gorka Aranberrik. «Ikusi dugu lehenengo txandatik barruko kaleetatik ederki etorri direla eta gure ideia horixe zen: gogor atera eta bigarren kalera hurbildu joaneko luzean, eta bueltarakoan hirugarren eta laugarren kaleak hobeak zirela ikusten genuelako, handik itzultzea. Kanporaka behintzat nahieran egin ahal izan dugu arraunean eta mutilak zukutzea izan da egin beharrekoa», azaldu du Urdaibaiko patroiak.

«Sentsazioak onak izanda ere, derrigor gehiagoren bila joan behar duzu, berdin dio aurreneko zoazela-eta aldea handitzeko edo atzetik zoazelako murriztu beharra duzulako. Inork ere ez du benetan gozatzen, eta hargatik mutilak erabat hustu dira. Sekulako lana egin dute eta ezin zaie gehiago eskatu», gaineratu du Aranberrik.

Amaitu aurretik, Urdaibaiko patroi zarauztarrak Zierbena ere gogoan nahi izan du. «Badakigu zernolako taldea duen eta ez da urruti geratu. Txanda artean aldaketarik balego, bakarrik estropada egitea tokatuko zaio, baina bakarrik estropada bikainak egiten ere badaki», ohartarazi du, oraindik ere ez baitu Urdaibaik bere burua irabazletzat jotzen eta, aurkari asko ikusten baititu inguruan.

Hazkundearen bila

Donostiarrak eta Oriok lan isila burutu dute igande honetan, eta etxekoak batik bat, atzetik aurrerako lan bikaina burututa sailkatu dira datorren igandeko ohorezko txandara. «Sekulako parekotasuna ikusi da. Talde asko oso maila antzekoan gabiltzala ikusi eta bigarren asteburu polita geratuko da», iritsi dio Arkaitz Diaz, Donostiarraren patroiak. «Guk barruko kaletik antzeman dugu lehenengo eta bigarren kaletik oso azkar atera direla. Orduan hanka egin digute, baina bueltan hurbiltzeko aukera izan dugu behintzat. Kanporantz abantaila apur bat zuten beraien kaleek eta barrurantz, batekoz bestera», aitortu du. 

Hirugarren kalea errespetatu atzetik aurrerako lan ederra egin du etxeko traineruak eta hala, azkenean Urdaibairekiko lau segunduko atzerapenaz geratu da, Kontxako Bandera eramateko benetako aukerekin.

«Talde asko gaude denbora gutxian eta aurreneko txandatik bertatik ere Bandera irabazteko aukera dago. Oso polita dago estropada, oso irekia dagoelako. Gure kasuan, zergatik ez ametsik egin? Erakutsi dugu arerioei muturra sartzeko gai garela estropada onak egin ditugunean eta gaur ere erakutsi dugu», iritzi dio Diazek, itxaropentsu.

Itxaropena piztuta azaldu da ere Jon Salsamendi Orioko entrenatzailea. «Uda hoentan momentu batzuetan maila altua eman badugu ere, aurten onenekin batera arraunean egitea tokatu zaigunean, porrot handiak izan ditugu: minutu erditik gorako galerak eta abar. Guretzat erronka handia zen eta zeozer demostratu baldin badugu Eusko Label Ligako aurkari onenekin estropada egiten jakin izan dugula. Hondarribiak ondo irabazi digu eta Donostiarrak ere; nik uste estropada oso polita izan dela, barrurantz elkarri distantziak mantenduz, baina guretzat zailtasun handiak zituen estropada honek. Psikologikoki zaila zen estropada honi aurre egitea, eta zentzu horretan nik uste “banderatxo” bat irabazi dugula, eta aukera bat damaigula datorren astean hazkunde bat izaten. Ez dakit lortuko dugun ala ez, baina  saiatuko gara», adierazi du.

Cabo, Getaria eta Ondarroa atzean dituela, Zierbena izan da faboritoen artetik ohorezko txandatik kanpo geratu den trainerua. «Ez da egotea nahiko genukeen lekua, baina borrokan jarraitzen dugu, ez gaudelako aukerarik gabe», azpimarratu du Julian Villanustre ‘galipoen’ arraunlari galiziarrak.

«Onenengandik hurbil gaude ta, auskalo, agian beste txanda baten arraun egiteak on egin diezaguke. Bakarrik zoazenean lasaiago egiten duzu arraun eta zure lanean kontzentra zintezke, bakarrik, besterik gabe. Gure bertsiorik onena ematen saiatuko gara datorren asteburuan eta ez dugu gure burua aukeratik gabe ikusten, inola ere», baieztatu du.

Kontxako CXXVIII. Gizonezkoen Bandera. Sailkapena:

1- Urdaibai 19:20.92

2- Hondarribia 19:22.17

3- Donostiarra 19:25.11

4- Orio 19:25.89

5- Zierbena 19:28.67

6- Cabo 19:48.60

7- Getaria 19:49.12

8- Ondarroa 20:01.04