Maite Ubiria

Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxetan sumatuko da irakasle postuen banaketa berria

Ikastetxe publikoek izanen dituzten giza baliabideak fintzeko xedez frantses Hezkuntza Nazionalak Pirinio Atlantikoetan duen Kontseilua bildu da gaur arratsaldean Pauen. Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko dozena erdi bat ikastetxetan sumatuko da irakasle postuen banaketa berria.

Eskola kartari buruzko erabakiek eragina izanen dute Ipar Euskal Herriko dozena erdi bat ikastetxetan.
Eskola kartari buruzko erabakiek eragina izanen dute Ipar Euskal Herriko dozena erdi bat ikastetxetan. (Guillaume FAUVEAU)

FSU sindikatu federazioak agerian jarri duenez, eskola sartzea markatu duten polemika mediatikoak alde batera utzita errealite gordina bizi da hainbat ikastetxe publikotan.

Hezkuntza alorreko sindikatuak kritika zorrotza egin dio Gabriel Attal frantses Hezkuntza ministroari, ikastetxe gehienetan izanen diren gabeziak eta erronkak bazterrean utzita, ikasleen janzkerari buruzko eztabaida elikatu duelako.

Abaya jantzia erabiltzeko debekua indarrean eman du kurtso hasiera honetan eskola uniformea berreskuratzeko aukera gogoetatzen omen duen Hezkuntza ministro berriak.

Attal buru duen Ministerioak azaldu duenez, 150 bat ikastetxetan «arazoak» sortu daitezke abaya jazteko ohitura duten ikasleekin. Izan ere, oroitarazi behar da 48.000 ikastetxe daudela orotara frantses Estatuan.

12 milioi ikaslek hartu zuten eskolako bidea irailaren 4an Hexagonoan. Abaya izeneko jantzi tradizionala eramateko debekuari aurre egin zioten 68 ikasleen hautuari erreparatu diete, ordea, hedabide gehienek.

Alta, hezkuntza sindikatuek ez dute begi onez hartu benetako arazoak gutxiesteko Hezkuntza ministro berriak fiinkatu duen «iragarpen hutsez eta mezu faltsuez» beteriko diskurtsoa.

Ikasle zein irakasle gutxiago

Hala, azken bost urteetan soilik bigarren hezkuntzan 5.000 irakasle postu desagertu direla oroitarazi du FSUk.

Ikastetxe publikoek 2023-2024 ikasturtean izanen dituzten giza baliabideak fintzeko xedez frantses Hezkuntza Nazionalak Pirinio Atlantikoetan duen Kontseiluak gaur arratsaldean Pauen egin duen bileran parte hartu du sindikatu horrek.

François-Xavier Pestel departamendu mailako Hezkuntza Akademiako arduradunak aipaturiko bileran argudiatu duenez, ikasle kopuruaren beherakadari erantzuten dio «irakasle postuetan izan den murrizketa txikiak».

Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen Departamenduko ikastetxe publikoetan 450 ikasle gutxiago daudela aurten lehen hezkuntza mailan azaldu du Pestelek.

Bi eskola itxi  behar dituztela -horietako bat Kanbon- ikasle eskas zituztela zehaztu du Pestelek, 'Sud-Ouest' kazetak jaso duenez.

Departamendu mailan eginiko bilkuran Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko dozena erdi bat ikastetxetan sumatuko diren irakasle postuen banaketari buruzko erabakiak jakinarazi dituzte Hezkuntza arduradunek.

Hauek dira zehatz-mehatz bilkura horretan aipaturiko erabakiak, FSUk emandako informazioaren arabera.

Lapurditik hasita, frantses hezkuntzan aritzeko postu erdi bat gehiago izanen da Lehuntzeko eskolan.

Urruña erdiguneko ikastetxean, berriz, lanpostu erdi bi irabaziko dituzte kurtso honetan, bata frantsesean eta bestea euskaraz aritzeko.

Herri berean galtzaile aterako da, aldiz, Zokoako eskola, euskarazko postu erdi bat galduko duelako.

Zuberoan, postu erdi bat galduko du frantses hezkuntzan Domintxineko eskola multzoak; horren ordez euskarako postu erdi bat eskuratuko du.

Mauleko eta Barkoxeko ikastetxeei dagokienez, bakoitzak postu erdi bat gehiago izanen du frantsesezko hezkuntza bermatzeko.

Finean, Nafarroa Beherean, frantsesez aritzeko postu erdi bat gehiago izanen du Iholdiko eskola multzoak.

Murgiltze ereduaren garapena

Bestalde, Euskararen Erakunde Publikoak emandako datuen arabera, ikasturte berri honean euskarazko murgiltze ereduak garatzen jarraituko du hiru lurraldetan.

Aurten bost haur eskola publiko berrik ibilbidea osorik euskaraz egiteko aukera eskainiko diete ikasleei nabarmendu dute EEPko iturriek Kazeta hedabideari.

Hala, Bidarteko, Biriatuko, Atharratze-Sorholüze-Montori-Ligi-Atherei biltzen dituen elkarte pedagogikoko, Urketako eta Uztaritzeko Idekia eskolako ikastegiak dira bost horiek.

Azkaingo eskolak ere bere eskaintza zabaldu du prestatze-kurtsoan, Irisarriko eskolak iaz zabaldu ereduaren gisan.