Andoni Arabaolaza

Euskal korrikalariek emaitza bikainak lortu dituzte nazioarteko zirkuitu ezberdinetan

Villanuan jokatutako Bertikalen Espainiako Txapelketan, Onditz Iturbek garaipena lortzeaz gain, EMF-ren nesken selekzioa urrearekin egin da. Ainara Urrutiak goi mailako bigarren postua sinatu du Skyrunner World Series zirkuituan.

Trail running-ak makina bat hitzordu izan ditu joan den asteburuan. Etxean zein nazioartean. Atzerrikoetan, adibidez, euskal lasterkariak lehen postuetan ikusteko aukera izan da. Hots, emaitza oso onak lortu dituzte.

Hasteko eta behin, Villanuara joango gara; izan ere, igandean FEDMEk antolatutako Bertikalen Espainiako Txapelketa jokatu zen. Collaradako 2KV lasterketak lehia ofizial hori jaso zuen. Eguraldiaren iragarpenak ez ziren batere onak, eta, korrikalarien segurtasunarengatik, kilometro bertikal bikoitzaren ordez, kilometro bateko desnibela zuen ibilbidea antolatu zen. Hots, Collaradako tontorrean amaitu ordez, Acharren izan zuen helmuga.

Irteera puntura hurbildu ziren 400 kirolariak urduri zeuden. Laino trinkoak, haizea eta euri pixka bat. Alabaina, azkenean, eguraldiak ez zuen lehia zapuztu.

Emakumezko seniorren kategorian, Onditz Iturbe nagusitasunarekin gailendu zen. Lehena izan zen Acharren 51:26 denborarekin. Era horretan bizkaitarrak berretsi du iazko titulua: «Sasoiko nengoen, eta ez naiz itsu-itsuan irten. Sentsazio oso onak izan ditut. Nahiz eta lehen postuan nengoen, ez nekien bigarrenari ze aldea ateratzen nion. Ez nuen denbora galdu nahi, eta topera joan naiz».

Indibiduala jokatzeaz gain, selekzioen arteko txapelketa ere jokatu zen. Euskal Mendizale Federazioaren nesken taldea urrearekin egin zen, eta mutiletan zilarrarekin. Kategoria horretan Nafarroako selekzioak brontzea lortu zuen. Gontzal Murgoitiok ere irabazi zuen baina promesa mailan. Eta jubeniletan, Alluitz de Bilbao bigarrena izan zen.

Urrutia, bigarren

Bien bitartean, Skyruner World Series zirkuituan Ainara Urrutiak lan bikaina egin zuen eta helmuga puntuan bigarrena izan zen Italian jokatutako Grigneko maratoian.

42 kilometroko ibilbide hori oso berezia da. Teknikoa denez, hainbat sekziotan korrikalariak kaskoa eramatera derrigortuta daude. Hillary Gerardik irabazi zuen 6:12:08 denborarekin. Aretxabaletako lasterkariari zazpi minutuko aldea atera zion. Laugarren postuan, berriz, Oihana Azkorbebeitia sailkatu zen.

Amaitzeko, Golden Trail World Series zirkuitua aipatuko dugu; izan ere, Pikes Peak-en (AEB) hitzordua izan zuen. Lasterketa hori «soilik» igoera bat da; hain zuzen ere Pikes mendira egiten dena. Beste ekitaldi batzuetan bezala, aurtengoan ere gailurrean eta haren ingurumarian elurra izan zuten.

Nesken kategorian, zirkuituko korrikalari erregularrarenak, Sophie Lauklik, irabazi zuen 2:35:54 denborarekin. Laugarren postuan Malen Osa sailkatu zen, eta bosgarrenean Sara Alonso.