Zinemaldian aspaldiko ezagunak dira Maria Alche eta Benjamin Naishtat. Lehenak Horizontes Latinos saria eskuratu zuen 2018an ‘Familias sumergidas’ lanarekin eta, bigarrenak, urte berean Zuzendaritza Onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen edizio berean, ‘Rojo’ filmarekin.
Oraingoan, lau eskutara idatzitako ‘Puan’ komedia aurkeztu dute Sail Ofizialean. Filmak Marcelo (Marcelo Subiotto), Buenos Aireseko Unibertsitateko (UBA) filosofia irakaslearen urratsak jarraitzen ditu: Filosofia saileko buru izendatzeko puntuan dagoenean, lehiakide indartsua jarriko zaio aurrez aurre, ikasle garaian kide izan zuen Sujarchuk, eta tirabira horietan sortzen diren frikzio eta kidetasunak ditu onarri filmak.
Prentsaurrean, filmaren sortzeaz mintzatu dira zuzendariak. Alchek azaldu du filosofiaren munduaz hitz egin nahi zutela, «irakasleek, mundu abstraktu horretan aritu ostean, eguneroko arazoei egin behar baitiete aurre. Horri heltzeko egokiena komedia zela iruditu zitzaigun eta guk ‘komedia filosofikoa’ deitzen duguna eraiki dugu». Komedia izango zela «hasieratik argi» zutela berretsi du, «barrea oso gauza sakona baita», eta filosofia lantzea naturala egin zaiela ere esan du, bera Filosofia ikasle izan baitzen Puan-en (Buenos Aireseko unibertsitatea, bertan girotu dute filma) eta Naishtaten aita alor honetan irakasle.
Lau eskutara idaztea erronka izan dela aitortu du, bere aldetik, Naishtatek, zinema zuzendari guztiek praktikan jarri beharrekoa: «Erronka da, baina baita emankorra ere; amaieran sortzen den sintesia pertsona bakarraren ideien tirania baino hobea baita».
Bi zuzendarien estiloak konbinatzea izan da, azaldu dutenez, zailena. «Niri entseguak oso baliagarriak zaizkit eta Benjaminek beste elementu batzuk jorratzen ditu, horiek konbinatzen joan gara tonu jakin bat bilatu eta unibertso beraren parte bilakatu zitezen». Pertsonaiak berak ere entsegu horietan eraiki zituztela nabarmendu du, bere aldetik, Subiottok: «Marcelo hiruren artean eraiki dugula sentitzen dut. Nire aldetik, antzezle bezala, beti dago itzulpen ahalegin bat, interpretatu egin behar baitut kanpotik eskatzen zaidana, eta zuzendarieki hartu-emana oso interesgarria izan da», nabarmendu du.
Pertsonaia nagusia «heroi tragikomiko» gisa deskribatu du Naishtatek eta Subiottoren lana goratu du, «aktore izugarria» baita, «gaitasun fisiko handia duena: tango bat kantatu du, dantzatzen ikusi dugu, klasea ematen, buruz behera jarrita Rousseau irakurtzen...». Leonardo Sbaragliak (Sujarchuk) ere erronka handiena pertsonaiaren gaitasunak bere egitea izan dela azaldu du: «Alemaniera ikasi behar izan dut, baita pianoa jo eta frantsesez kantatu ere. Eta Spinoza ikasi behar izan dut! Gauza guztien artean, bi zuzendari hauekin lan egin nahi nuen eta pertsonaia hau interpretatu. Ez zen erraza izan pertsonaiari neurria hartzea, eta oso pozik nago emaitzarekin», ziurtatu du.
Amaitzeko, filmaren aurkezpena Argentinako hauteskundeen atarian egin izana «kasualitatea» dela nabarmendu dute, gidoia orain lau urte idatzi baitzuten, eta herrialdean publikotasunaren gaineko eztabaida pil-pilean dagoela estreinatzearen balioa azpimarratu dute: «Filma uste ez genuen dimentsioa ari da hartzen. Hezkuntza publikoaren defentsari oihartzun gehiago emateko balio badu, ongi etorria izan dadila», amaitu du Naishtatek.