NAIZ

Haurren artean mugikorren erabilera atzeratzeko egitasmo aitzindari bat, Tolosan

Tolosako udal eraikin eta saltokietako telefonoak erabili ahalko dituzte nerabeek Geurea erabili dezakezu ekimen berriaren baitan. Guraso elkarte batek jarri du abian eta helburua eskuko telefonoa izateko adina atzeratzea da.

Guraso elkarteko, saltokietako eta Tolosako Udaleko ordezkariak, pegatina identifikagarria erakusten.
Guraso elkarteko, saltokietako eta Tolosako Udaleko ordezkariak, pegatina identifikagarria erakusten. (TOLOSAKO UDALA)

Telefono mugikorra izateko adina atzeratzeko asmoz, Tolosako Altxa Burua! guraso elkarteak, udalarekin batera, ‘Geurea erabili dezakezu’ ekimena jarri du martxan, nerabeek udal eraikinetako eta saltokietako telefonoak deitzeko eskuragarri izan ditzaten.

Tolosako Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, lehenengo mugikorra 16 urterekin izatea gomendatzen dute adituek, baina gaur egun haur zein nerabeek «askoz ere lehenago» eskuratzen dute bat, eta familien kezka zabaldu du horrek.

Horren aurrean, duela bi urte sortu zen Altxa Burua! izeneko guraso elkartea, Tolosako hiru ikastetxeetako guraso elkarteek osatuta. Helburu nagusia haur eta nerabeek pantailetatik «burua altxatzea» eta lehen gailua eskuratzeko adin hori atzeratzea. Hitzaldi eta ekintza ugari antolatu dituzte.

Orain ‘Gurea erabili dezakezu’ lelopean, sakeleko telefonoa erabili edota soinean eramateko nerabeen premia hori baretu eta mugikorra izateko adina atzeratu ahal izateko ekimena aurkeztu dute ostegun honetan.

Pegatinekin

Tolosako Udalak pegatina identifikagarriak diseinatu ditu, eraikin publikoetan eta proiektuarekin bat egiten duten Tolosa&Co elkarteko saltokietako erakuslehioetan jartzeko. Horrela, nerabeek ere erraz identifikatu ahal izango dituzte saltoki horiek.

«Haur, nerabe zein gazteek udal eraikin edo komertzio batean pegatina hori ikusten dutenean jakingo dute, inolako azalpenik eman behar izan gabe, bertako telefonoa erabili ahal izango dutela behar duten dei hori egiteko. Pegatina gabe ere beti eman izan dute aukera hori saltokiek, baina orain ikusgarriago egingo da egitasmo honekin», azaldu du Orkatz Goenaga, Altxa Burua! guraso elkarteko kideak.

Andu Martinez de Rituerto alkateak ere gurasoen eta Tolosa&Co-ko saltokien jarrera eta inplikazioa txalotu ditu: «Egitasmoa gurasoek sortu eta garatu dute, eta eskertzekoa da. Herriko komertzioen parte hartzea ere ezinbestekoa da eta proiektu honek agerian uzten du komertzio txikien indargune nagusi bat: gertutasuna eta herritarrekiko inplikazioa. Horrek guztiak komunitate izaera indartzen du, elkar zaintza sustatuz».

Sarea handitu

Herriko saltokien inplikazioa bultzatuz, lankidetza sarea ehuntzea du helburu Altxa Burua! guraso elkarteak. «Tolosarrak sentsibilizatu nahi ditugu eta gaiarekiko ardura hori inguruko herri zein herrialdeetara zabaldu, lankidetza sarea eraiki eta ehuntzeko, eta haur zein nerabeek mugikorraz egiten duten erabileraren inguruko hausnarketa pizteko».

Hori dela eta, datozen urratsen artean tabernak, jatetxeak, liburutegiak, kiroldegiak eta bestelako zerbitzuen inplikazioa lortu nahi du elkarteak, ekimenari zein gaur egungo gurasoen kezka nagusi honi oihartzuna eman eta indarrak batuta, teknologia berritzaile hauen erabilera arduratsua sustatzeko.