Andoni Arabaolaza

4.000 ikusle izan ditu Jakob Schubert-ek ‘B.I.G.’ bidean eginiko lehen igoerak

Jakob Schubert eskalatzaile austriarrak Flatanger-en (Norvegia) dagoen marra horrentzat 9c maila proposatu du; hots, munduko hirugarrena. Schubert-ekin bide hori elkarrekin probatu duen Adam Ondrak ere iritzi horrekin bat egin du.

Ertz guztietatik aztertuta, argi dago azken urteotan kirol eskaladak aldaketa handiak izan dituela. Kirolaz gain, protagonistek sare sozialek asko erabiltzen dituzte eginiko igoeren eta hausnarketen berri emateko. Bada, joan den irailaren 20an, Jacob Schubert-ek urrats bat egin eta publiko orokorrari zuzen-zuzenean eskaini dizkio Flatanger-en (Norvegia) esku artean zuen helburuaren azken ekinaldiak.

Horretarako, YouTube plataforma erabili du, eta, lehen aldiz, aukera izan da muturreko zailtasuna duen lehen igoera bat zuzenean ikusteko. Denera, 4.000 ikusle izan zituen! Horiek guztiek pribilegioa izan zuten espektatiba handiak sortu zituen ‘Big Project’ bidearen behin betiko ekinaldia jarraitzeko. Arrakastarena.

Adam Ondra izan zen ‘Big Project’ ekipatu zuena. 2.013. urtea zen, eta bera izan zen marra hori probatzen lehena. Orain, berriz, katera erorikorik gabe heldu ondoren, Schubert-ek izena aldatu eta “B.I.G.” deitu dio. Izango zuen zailtasunari dagokionez, zurrumurru ugari egon ziren. Batzuek zioten, agian, egungo maila gorena (9c) gaindituko zuela. Azkenean, egun batzuetako hausnarketaren ondoren, austriarrak berak 9c proposatu du. Hots, Ondraren ‘Silence’ eta Seb Bouinen ‘DNA’ bideen ondoren, zailtasuna horretako munduko hirugarren proposamena. Nahiz eta Ondrak oraindik ez duen kateatu, bat egin du Schubert-en iritziarekin.

Sona handia hartu duen Norvegiako eskalada eremu hori iaz bisitatu zuen Ondra kidearen eskutik. Kateatu berri duen bidea erakutsi zion, eta lehen mugimenduak eta sekuentziak probatzen jardun zuen. Heldu den urtean Parisen jokatuko diren Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratuta duenez, iragan irailean Flantanger-en aurkeztu zen. Azpimarratu behar da azken bidaia honetan ez dituela ekinaldi asko egin (hain zuzen ere, zazpi); guztiak ala guztiak zuzenean jarraitzeko aukera izan da. Eta aurreratu dugun bezala, behin betikoak 4.000 ikusle izan zituen.

9c maila

Bidea sinatu eta egun batzuetara, protagonista honek ‘B.I.G’ marraren zailtasunaren inguruan iritzia plazaratu du: «9c proposatzea zuzena iruditzen zait; denborak esango du». Gogora dezagun, Schubert beti egon dela maila gorenean. 32 urteko eskalatzaile honek 80 bide baino gehiago ditu 8c+/9a eta 9b+ mailen artekoak. Baina koska bat falta zitzaion Ondraren eta Bouinen “tronura” iristeko.

Azkenean lortu du, eta eginiko lehen azterketan zera azpimarratu ere: «Bidearen giltza aipatu nahiko nuke. Laurogeita bosgarren mugimenduan kokatuta dago, eta gogorra da oso. Helduleku kamuts bat ondo baino hobeto menderatu behar da, eta eskuineko orpoa helduleku horretan jarri ere. Hortik aurrera beste bi mugimendu gogor geratzen dira helduleku onera heldu aurretik. Azken 20 metroak ez dira zailak (8a+), baina nekatuta iristen bazara egiten den borroka muturrekoa bihurtzen da».

Hori esan eta gero, Schubert-ek onartu du bide horretan egin duen igoera ordenatzea kosta egin zaiola. Lehen hitzak Ondrarentzat izan ditu: «Lagun hau eskertu eta txalotu behar dut marra sinestezin hori ekipatzeagatik. Eta, jakina, hainbat ekinaldi harekin partekatzeagatik. Uste dut talde lana izan dela; nik, bederen, horrela bizi izan dut. Arrakastaren zati bat Adamena da mugimendu egokienak aurkitzen elkarrekin jardun dugulako».

‘B.I.G.’ bideak dituen zailtasun teknikoei dagokienez, austriarrak onartu du iazko bisitan 9c iruditu zitzaiola: «Baina aurten azkar egin dut aurrera, eta bi astean oso gertu nuen. 9c mailako proposamena egiteko, nire erreferentzia ‘Perfecto Mundo’ (9b+) izan da. Hiru aste behar izan nituen marra hori kateatzeko. Eta argi dut ‘B.I.G’ baino askoz ere errazagoa dela. Adamek bide hau ondo ezagutzen du, eta ados gaude 9c dela. Proposamen bat da, eta hurrengo errepikatzaileek esango dute Adam eta biok zuzen ote gauden. Argi eta garbi dudana da inoizko igoera gogoangarrienetarikoa izan dela».