NAIZ

Euskal Herria nazioa dela eta antifaxista dela berretsiko du EH Bilduk A18ko manifestazioan

Azaroaren 18an Bilbon egingo duen manifestazioan Euskal Herriaren izaera solidarioa eta antifaxista agerian utziko du EH Bilduk. Besteak beste, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren alabak izan ditu ondoan Arnaldo Otegik gaurko agerraldian.

Brouard, Otegi eta Letamendia, aurrean; Mariezkurrena, Muguruza, Nemeh eta Perea, atzean.
Brouard, Otegi eta Letamendia, aurrean; Mariezkurrena, Muguruza, Nemeh eta Perea, atzean. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Bilbon EH Bilduk deitu duen manifestaziorako hamabi egun eskas falta direla, agerraldia egin du Arnaldo Otegik deialdiaren zenbait ezaugarri azaltzeko. Francisco Letamendia ‘Ortzi’ diputatu ohia; Ane Muguruza, Josu Muguruzaren alaba; Edurne Brouard, Santi Brouarden alaba; Iker Mariezkurrena, Berriozarko alkatea; Nadia Nemeh, Bermeoko alkatea; eta Garazi Perea Bilboko zinegotzia izan ditu ondoan, euskal herritarrei parte hartzeko gonbita luzatzeko.

Ekimena testinguru «berezian» emango dela aipatu du Otegik. Batetik, jakina da Estatu espainolean inbestidura saioari bide emateko egunak direla hurrengo hauek. Bestetik, azaroaren 20a Euskal Herrian gerra zikinaren adierazgarria da, horretan hil baitzituzten ezker abertzaleko hautetsi ziren Brouard eta Muguruza.

Lehenari erreparatuz, «gure ustez argi dago inbestidura ematen baldin bada, eta legislaturari bide ematen bazaio, nazio arazoen inguruko eztabaida irekitzeko aukeraren aurrean egongo garela. 78ko autonomia eredua krisian dagoelako lehenik, eta bigarrenik, inbestidura hori indar plurinazionalek sostengatua egongo delako», esan du Otegik. «Espainiar Estatuak onartu beharko du bere natura plurinazionala eta horregatik, 18an Bilbon gure aurkezpen karta jarriko dugu mahai gainean nazio bat garela adieraziz», erantsi du. Horixe mobilizazioaren lelo nagusia.

Palestinar ordezkariak ere Bilbon

«Baina solidarioak ere bagara», oroitarazi du Otegik, «eta euskal nazioa defendatzen dugunean munduan dauden herri guztien borroka eta askatasuna ere defendatzen ditugu. Horregatik ere, Palestinari begira egongo gara, eta FDLP eta FPLP-ko kideak ere izango dira gurean haien elkartasuna adierazteko», aurreratu dute.

Horrekin batera, «Santi eta Josu ere gogoratuko ditugu urtero egiten dugun bezala, Estatu terrorismoak eraildako militanteak, haien bide berean jarraitzen dugula aldarrikatzeko eta memoria duen herria garelako», azaldu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

Azken ezaugarri bat ere izango du manifestazioak, gaurko egoerari zein Euskal Herriko historiari lotua: «Nazio antifaxista garela gogoratuz, eta Madrilgo Cibelesen faxistak elkartuko direla jakinez, gurean antifaxistak elkartuko gara».

Agerraldia hasi aurretik belaunaldi eta ibilbide ezberdinetakoak diren lagun hauekin bildu da Otegi, mobilizazio honen nondik norakoak partekatzeko. Bideo labur hau zabaldu du EH Bilduk, bilera horren berri emanez: