NAIZ

Hego Euskal Herriko haurrek 13 urte bete baino lehen eskuratzen dute lehen gailu elektronikoa

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 11 eta 13 urte artean eskuratzen dute haurrek lehen gailu elektronikoa, eta Nafarroan 7 eta 10 urte bitartean. Estatu espainoleko 1.007 gurasori egindako inkesta baten ondoren Kaspersky multinazionalak ateratako txostenak eman du datu hauen berri.

Neskato bat ‘smartphone’ bat erabiltzen.
Neskato bat ‘smartphone’ bat erabiltzen. (Wikimedia Commons)

‘Online egotea: haurrak eta gurasoak interneten’ txostenak jakinarazi duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haurren %38k 13 urte bete baino lehen eskuratzen du lehen gailu elektronikoa. Nafarroan gazteagoak dira, 7 eta 10 urte bitartean.

Kaspersky zibersegurtasun multinazionalak egin du txostena; Estatu espainoleko 1.007 gurasori 2023ko urrian egindako inkesta batetik ateratako datuak dira hauek. Horren bitartez, haurrek Internet erabiltzen duten moduari buruz gurasoek zer uste duten aztertu nahi izan dute.

Horrela, agerian utzi nahi dute «oso garrantzitsua dela gurasoak eta seme-alabak zibersegurtasunaren arloan lerrokatuta egotea, jakin dezaten mehatxu birtualak ere benetakoak direla eta babestuta egoteko tresnak dituztela».

Parte hartu duten gurasoen erantzunen arabera, 13 urtetik beherakoen artean jarduerarik ohikoenak telesailak edo filmak ikustea eta bideojokoak jokatzea da eta, 14 urtetik aurrera, gailuak lagunekin txateatzeko erabiltzea. Izan ere, 10 urte bete arte tabletak dira erabilienak eta, nagusiagoak direnean, smartphone-ak.

Gainera, Nafarroan teknologiekin lehenengo kontaktua 4 eta 6 urte artean da eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, aldiz, 7 eta 10 urte bitartean.

Gurasoen egorari dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aita-amen %74k uste du seme-alabak ez daudela prest teknologiak modu arduratsuan erabiltzeko, ez daukatelako informazio nahikorik. Hala ere, EAE da eskoletan zibersegurtasunari buruzko hitzaldi gehien ematen den Estatu espainoleko tokia. Etxean, aldiz, gutxiagotan ematen da informazioa Hego Euskal Herrian, oro har.

Denborari erreparatuz, EAEko adingabeen %38k egunero ordubete eta bi ordu bitartean erabiltzen dute Internet, eta %32k denbora gehiagoz. %30ek, aldiz, egunean ordubete baino gutxiago igarotzen du online, edo asteburuetan eta jaiegunetan soilik konektatzen da.

Gurasoentzat gomendioak

Gurasoen gehiengoak erabilerarako arauak jartzen dituela onartzen duen arren, batez ere denbora mugei dagokienez, familia barruan teknologien erabilera «seguruago eta arduratsuagoa» izan dadin zenbait gomendio partekatu dituzte, Alberto Soler psikologoaren eskutik.

Lehenengoa zibersegurtasunari buruzko formakuntza jasotzea da, gurasoek Internet haurren ikuspuntutik ikusten ikasi dezaten. Horrekin batera, haurren online jardueretan hasieratik parte hartzea gomendatzen dute, aholkuak eman ahal izateko, besteak beste.

Horren harira, mundu digitalaren arauak azaltzearen garrantzia azpimarratzen du psikologoak. Esate baterako, besteekiko errespetua izateko edo heldu bati laguntza eskatzeko. Funtsean, haurren eta nerabeen aurkako indarkeria eta sexualizazioa prebenitze aldera bideratuta daude gomendio horiek. Honekin batera, kontrol parentalerako softwareak ere aholkatzen dituzte.

Gainera, teknologia berriak erabiltzeko adina atzeratzea, otorduetan ez erabiltzea, gailuak kargatzeko toki finko bat izatea, denbora muga bat ezartzea, lotara joan aurretik gutxiago erabiltzea eta gailu elektronikorik gabeko jarduerak sustatzea garrantzitsua dela uste du Solerrek.